Olarizuko lorategi botanikoan egingo da "Al Margen del Deterioro: zinema-zikloa"ren laugarren edizioa
Aire zabaleko zinema Olarizuko lorategi botanikora itzuliko da abuztuaren 17, 18, 24 eta 25ean “Al Margen del deterioro zinema-zikloa lorategian” ekimeneko 4. edizioarekin. Haz-ek, Laboratorio para el Movimiento Visualek eta CEAk antolatutako zikloa da eta Amaia Zorrillak aukeratutako filmen eta film laburren hautaketa biltzen du. Emanaldiak Olarizuko etxaldeko atarian eskainiko dituzte.
Zikloa dibulgazioko, partaidetzako eta sormeneko ekintzen programan sartuta dago eta horren helburua da ondare fotofilmiko pertsonala berreskuratzea, ikertzea eta berrerabiltzea. Filmen aukeraketa horren bidez, zinemak ingurune naturalaren eraldaketa eta narriadura nola landu izan dituen ezagutarazi nahi da, baina, batez ere, narriaduraren eta birsorkuntzaren arteko oreka mantentzen dituzten beste esku-hartze jasangarriago batzuk erakutsiko dira.
Hilaren 17an egingo da inaugurazioa “Kosmogonia”ren proiekzioarekin. Deneb Martosek egindako sorkuntza-lan bisuala da eta Iruñeko Planetarioko Tornamira aretorako bereziki sortu zuen. Analogikoan eskainiko da 35 mm-an, zuzeneko musikarekin, eta bertan izango da zuzendaria ere.
Hilaren 18an, ostiralean, “Das Lied von den zwei Pferden” Alemaniako dokumentala eta Mongoliako herentzia kulturala erakusten dituen “Los dos caballos de Genghis Kan” lanak egongo dira ikusgai.
Abuztuaren 24an, ostegunean, Asier Altuna zuzendari euskaldunaren “Hondalea” dokumentala egongo da ikusgai. Seguru asko Cristina Iglesias artistaren lan garrantzitsuena dena eraikitzeko prozesua erakusten du. “Hondalea” Donostiako Santa Klara uharteko itsasargiaren (1968an geratu zen hutsik) barrualdea eraldatu duen eskultura da.
Hilaren 25ean izango da zikloaren amaiera-ekitaldia eta Etxaldeko atariko lorategiari eta urmaelari omenaldia egingo zaie horren bidez. Bertan, film laburren aukeraketa bat proiektatuko da.
Egitarau osoa Udalaren webgunean dago ikusgai. Sarreren prezioa eguneko 4 €-koa da eta online eros daitezke Eventbrite plataforman. Esparrua 21:00etan irekiko dute eta emanaldiak 21:30ean hasiko dira. Bertaratzen direnek freskagarri bat eta ogitartekoa eramateko aukera izango dute, eta berokiren bat eramatea gomendatzen da.


