Gasteizek agur esan die festa 'bikain' batzuei; kontzertuek eta orkestrek 110.000 pertsona baino gehiago bildu dituzte
Gasteizko alkateak, Maider Etxebarriak, eta Kulturaren eta Hezkuntzaren zinegotziak, Sonia Diaz de Corcuerak, amaitu berri diren Andre Maria Zuriaren jaien inguruko balantzea egin dute. Batez ere, egunotan eta ekitaldi eta espazio guztietan bildutako jendetza handia (gasteiztarrak eta bisitariak) nabarmendu nahi izan dute. Agerian geratu da hori datu honekin: 110.000 pertsonak baino gehiagok izan dute kontzertuez eta orkestrez gozatzeko aukera.
Bereziki handia izan zen abuztuaren 4tik 7ra bitarte bildutako jendetza eta, zehatzago esanda, abuztuaren 5eko gauekoa, Andre Maria Zuriaren jaien historian inoiz bildutako jendetza handiena izan baitzen. Eta horri guztiari, gainera, jazoera esanguratsu gutxi gertatu izana gehitu behar zaio. Hori dela eta, jai “lasaiak” eta oso parte-hartzaileak izan direla esan daiteke. “Bikainak, biziak, jendetsuak eta beroak” izan dira alkatearen hitzetan.
“Hiriak dena eman du; adin guztietarako proposamenez eta alaitasunez beteta egon da herritarrei eta kuadrillei esker”, esan du Maider Etxebarriak. Gainera, “Euskadiko jairik onenak eta Espainiako onenetako batzuk” ditugula adierazi du. Festa hauetan, tenperatura pixkanaka igotzen joan da zentzu guztietan. “18 gradurekin eta euri-iragarpenekin hasi genituen festak, eta 40 gradurekin amaitu ditugu. Horren ondorioz, kalejira bat ere bertan behera utzi behar izan genuen”. Gainera, “jai ahaztezinak izan dira, Gorka Ortiz de Urbinak Zeledon gisa bizi izandako azkenak izan baitira”, gogorarazi du Gasteizko alkateak. Horrekin lotuta, eskerrak eman nahi izan dizkio “jaietako ikur bihurtzeko garaian dena eman duelako harrotasunez”.
Programazioari dagokionez, balantze orokorra oso positiboa da. “Ikuskizunetako partaidetza-zifrak aztertzen baditugu, kopuruak altuak direla eta jende kopurua egunez egun mantendu egin dela ikusiko dugu. Gainera, aurrez ikusitako programazio guztia arrakastaz eraman ahal izan da aurrera. 400 ekitaldi baino gehiago izan dira eta denetan partaidetza handia izan da. Horrekin lotuta, nabarmendu beharrekoa da gauero Foru plazako kontzertuetan bildutako ikusle kopuru handia. Izan ere, 53.000 pertsona bildu dira; hau da, 2022an baino 9.500 gehiago”, adierazi du Kulturaren eta Hezkuntzaren zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak.
Gainera, festa hauetan, lehen aldiz, Edurne eta Zeledon Txiki Blusen eta Nesken Batzordeko ordezkariekin batera egon dira Udaltzaingoko kideekin egon beharrean eta, 21 urtez Zededonen rola betetzen aritu ostean, aurten esan dio agur Gorka Ortiz de Urbinak pertsonaia hori antzezteko lanari.
Jaietako ekitaldiak zifratan
- Jaietako pregoia: pregoia Txaro Arrazola artistak eskaini zuen, eta Udal Musika Bandarekin batera, Sorotan Bele Gogoan kontzertua izan zen. Jendeak plaza bete zuen eta Euskal Herriko talde honen abestiekin gozatzeko aukera izan zuen.
- Zeledonen jaitsiera eta igoera: urtero, Zeledonen jaitsierak Andre Maria Zuriaren plaza eta inguruko kaleak betetzen ditu. 60.000 lagun inguru bildu ziren 2023ko Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko. Igoeran ere abuztuaren 4ko pertsona kopuru antzekoa bildu zen. Ekitaldi horretan gero eta jende gehiago biltzen da eta horrek agerian uzten du jai guztietan zehar mantendu dela partaidetza handia.
- Edurneren eta Zeledon Txikiren jaitsiera: gero eta arrakasta handiagoa du eta aurten, abuztuaren 7an, 20.000 pertsona inguru bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan egindako jaitsieran.
- Foru plaza: Foru plazan egindako 5 kontzertuak bete egin ziren eta partaide kopuruari dagokionez errekorreko zifrak lortu zituzten. Guztira, 53.000 ikusle bildu ziren: E.T.S. (12.000 pertsona), Camela (12.500), Victor Manuel (10.000), Lágrimas de Sangre (9.000) eta Huntza (9.500).
- Aihotz Plaza: 30.000 pertsona inguru bildu dira gune honetan han antolatutako ikuskizunez gozatzeko: musika, dantzak, trikitixa, bertsolariak eta abar. Gainera, gaueko kontzertuek aurreikuspen guztiak gainditu eta bildutako partaideen kopuru bikainak izan dituzte: Kai Nakai (1.200 pertsona), Dupla (1.500), Willis Drummond (800) eta Rotten XIII (2.000).
- Plaza Berria: 40.000 lagunek baino gehiagok bete dute gauero gune hau 6 orkestra bikainen emanaldiez gozatzeko.
- Probintzia plaza: bildutako ikusleei dagokienez, arrakasta handia izan dute antolatutako ekitaldiek: inaugurazio-ikuskizuna “Leyendas de Mexico” mariatxiak eskaini zuen, baina ez zen bakarra izan; izan ere, abuztuaren 9an, Raffaella Carrári eskainitako omenaldia iritsi zen, eta hilaren 7an, aldiz, Joyful Gospel Choir gasteiztarra izan zen entzungai. Guztira, 12.000 pertsona inguru igaro dira bertatik.
- Falerina lorategia: gune hau izan da bertako taldeentzako agertokia. Talde horietako asko urtearen hasieran herritarren artean egindako inkestan boto gehien lortu zituztenak izan dira. Guztiek izan dute harrera ona; izan ere, arratsalde guztietan bete dira lehen ordutik hasita eta gazteak erakarri dituzte batez ere.
- Prado parkea, Umorearen Txokoarekin eta jotekin: 20.000 lagunek baino gehiagok igaro nahi izan dute une eder bat Umorearen Txokoari eta umorista ezagunei esker: Victor Parrado; Sil de Castro, Jessica Rojano eta La Maria Rosa; Manu Badenes eta Marcos Arizmendi; Kaitin Allende eta Grison Beatbox. Gainera, Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko jotak maite dituztenek toki honetan musika horrekin gozatzeko aukera izan dute.
- Abentura Gunea (Arriaga parkea). Arrakasta handia izan duen beste puntu bat Arriagako parkeko Abentura Gunea (haurrentzat egokitutako atrakzio-parkea) izan da. 2023ko Andre Maria Zuriaren jaietan haurrei zuzenduta egindako apustuetako bat izan da Izan Pirata, jolas mota eta ezaugarri ugari biltzen dituen proiektua: sentsorialak, sinbolikoak, motorrak, gaitasunekin lotutakoak... Guztiak jolas librea eta sormena bultzatzen dituzten materialekin eta espazioekin prestatu dira.
- Suzko zezenak (Olagibel kalea): egunero, 23:00etan, suzko 8 zezen erre dituzte eta horietan 24.000 pertsona bildu dira. Herritarrek hala eskatuta, ordutegia 30 minutu aurreratu dute eta horrek oso harrera ona izan du.
- Su artifizialak (Mendizabala): hori da jende gehien bildu duen ekitaldietako bat eta 4 enpresak hartu dute parte. Horien artean, iaz lehiaketa irabazi zuenak.
- Principal Antzokia: hiru proposamen eskaini dituzte eta, ohikoa den moduan, komiko eta antzezle ezagunak protagonista dituzten komediak izan dira.
- Un Óscar para Oscar (abuztuak 4 eta 5): Gorka Aguinagalde, Jon Plazaola, Rebeca Sala eta Mara Guil izan dira protagonistak eta 2.790 ikusle bildu dituzte. Asistentziari dagokionez, batezbestekoa %97 koa izan da.
- Plátanos, cachuetes y lo que el viento se llevó (abuztuak 6 eta 7): Jose Troncosok zuzendu du eta Gonzalo de Castro eta Pedro Mari Sánchez izan dira protagonistak. 1.625 ikusle bildu dituzte eta asistentziari dagokionez, batezbestekoa %45 ekoa izan da.
- Adictos (abuztuak 8 eta 9): Lola Herrerak bere azken lana aurkeztu du Ana Labordetarekin eta Lola Baldrichekin batera. 1.555 ikusle bildu ditu ikuskizunak eta asistentziari dagokionez, batezbestekoa % 80 koa izan da.
- Iradier Arena: jai hauetan, abuztuaren 5etik 9ra bitarte, bigantxekin egindako 6 ikuskizun izan dira eta horietan 9.686 bildu dira.
Turismoa
Jai hauetan, 2.100 pertsona inguru gerturatu dira turismo-bulegora (iazkoen antzeko kopurua). 2023ko Andre Maria Zuriaren jaiak hiria bisitatzen ari ziren eta ospakizun hauen berri ez zuten askorentzako “sorpresa” izan dira. Gehienak “harrituta” zeuden doako ikuskizun “interesgarri eta erakargarrien” kopurua zela eta. Familientzat, gainera, haien egonaldirako balio erantsia izan da haurrentzako jarduerak izatea (Arriaga parkean egokitutako gunea, adibidez).
Jatorriari dagokionez, % 80 Estatukoak izan dira, eta % 20 atzerrikoak (iaz baino bi puntu gehiago). Katalunia, Valentziako Komunitatea, Andaluzia, Madril eta Murtzia izan dira (ordena horretan), Euskadi albo batera utzita, bisitari gehien ekarritako komunitateak. Atzerriko bisitei dagokienez, Frantziatik, Belgikatik, Italiatik eta Herbehereetatik etorritako turisten artean gorakada izan da.
Garbiketa
Hondakinak kudeatzeaz eta garbiketaz arduratu diren langileak izan dira Andre Maria Zuriaren jai hauetako aktiboenetako batzuk. Ingurumen Kudeaketako udal-zerbitzuak dispositibo berezia jarri zuen abian eta buru-belarri aritu zen lanean abuztuaren 4an Andre Maria Zuriaren plazan, Zeledonen jaitsieraren ondoren. Bertan, ontzien 2.840 kilo bildu zituzten eta % 100ean birziklatu dira.
Garbiketako zerbitzu berezi hori egunero jarri dute abian jaiekin lotutako ekitaldi eta txoko guztietan “herritarrek jai garbiez eta osasungarriez gozatzeko aukera izan dezaten”, azaldu du Maider Etxebarriak. Gainera, “eskerrak” eman nahi izan dizkie langileei eta kontratari egindako lanagatik. Horrez gain, gogorarazi du atzo, abuztuak 9, asteazkena, ezin izan zituztela eskuragarri dauden baliabide guztiak kalera atera muturreko bero-gertakaria zela eta. “Horrela, lan-osasuneko neurriak bete eta ezarritako alerta laranjari erantzuna eman ahal izan zaio”.
Beste urte batez, Andre Maria Zuriaren jaietan, hondakinen 1 milioi kilo baino gehixeago bildu dira; hau da, 2022an baino % 18 gehiago (gutxi gorabehera). Bestalde, nabarmen handitu da edalontzi berrerabilgarrien erabilera (aurreko urtearekiko ia % 100). Udalak eta Vital Fundazioak bultzatutako ekimenak 65 tabernatan 100.000 edalontzi banatu zituen eta horiei guztiei Kutxiko Taskeroak eta Gasteiz Txiki taldeek zirkulazioan jarritako beste 35.000 edalontzi gehitu zaizkie.
Jaietako egunak igaro ondoren, orain garbiketa bereziak egingo dituzte Zabalguneko eta Erdi Aroko erdiguneko kaleetan. Lan horiek, gero, auzoetara zabalduko dituzte garbiketa intentsiboen bidez: eskuz egindako garbiketa, motordun makinekin egindako garbiketa eta brigadak eta garbitzaileen taldeak zoladurak hidrogarbitzailearekin garbitzeko egingo dituzten lanak.
Segurtasuna
Beste urte batez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak modu koordinatuan egin dute lan jaietan segurtasuna bermatzeko. Bi polizia-taldeek 564 salaketa izapidetu eta 48 pertsona atxilotu dituzte delituak egiteagatik.
Arabako hiriburuko jaietan bildutako pertsona kopuru handia eta jaietako ekitaldi eta guneetan izandako pilaketak aprobetxatu dituzte zorro-lapurrek eta mugikorren lapurrek. Aurten, zorroen 66 ebasketa edo galera salatu dituzte; iaz baino 25 gutxiago. Aldiz, mugikorren ebasketa edo galera 331 era igo da. Hau da, 2022an baino 120 gehiago izan dira.
Indarkeria matxista
Jai hauetan presente egon dira indarkeria matxistarekin lotutako salaketa, sentsibilizazioa eta prebentzioa.
Hala, abuztuaren 4tik 9ra bitarte, Independentzia eta Posta kaleen arteko elkargunean informazio-gune bat egon da eta 2.071 pertsona igaro dira bertatik. Toki hori biktima posibleei arreta segurua eta intimoa eskaintzeko prestatuta egon da eta irisgarria izan da, eta orientazioa eta informazioa eskaini ditu hezitzaileen eta sentsibilizatzeko eta prebenitzeko asmoz diseinatutako materialak banatuta.
Indarkeria matxistaren aurkako gaitzespena eta kontzientziazioa gero eta handiagoak diren arren, hiru kasu erregistratu dira (haietako batean adingabe bat dago inplikatuta). Lehen biak ukituekin eta baimendu gabeko musuekin lotuta egon dira eta hilaren 4an gertatu ziren. Gasteizko Udalak egun horretan aktibatu zuen erantzun publikoa emateko protokoloa.
“Isolatutako gertakari batzuk salbu, jaiak lasaiak izan dira eta giroa bikaina izan da. Hala eta guztiz ere, behin eta berriro salatuko ditugu eraso matxista guztiak. Izan ere, emakumeen eskubideen aurkako atentatuak dira eta beti defendatuko ditugu askatasuna, tolerantzia eta errespetua, gure jaien oinarrizko elementuak baitira”, adierazi du alkateak.
Laguntza-zerbitzua
Andre Maria Zuriaren jaietan, jaietako guneetan jarritako osasun-zerbitzuek 164 laguni eman diete arreta. Haietako % 6 intoxikazioekin lotuta egon dira (drogen edo alkoholaren kontsumoa dela eta)
Osasun publikoa
Osasun publikoari dagokionez, Udalak ekitaldi gastronomikoetako baldintza higieniko-sanitarioak zaindu ditu (Santiagoko nekazaritza-azoka, azoka arabiarra, nesken eta blusen herri-bazkaria). Gainera, zainketa bera egin du hiriko ostalaritza-establezimenduetan (75 taberna eta jatetxe), Mendizabalan (azokako 22 postu) eta unibertsitatearen eremuan (10 txosna).
Gainera, udal-teknikariek artisautzako produktuak saltzeko baimendutako 40 postu ikuskatu zituzten.
Bestalde, abuztuaren 4tik 6ra bitarte, Loma Jeneralaren plazan karpa bat jarri zuten alkoholaren kontsumoarekin lotutako arriskuei buruzko informazioa emateko. Bertan, nahi zutenek, alkoholemia-proba egiteko aukera izan zuten. 999 lagunek egin zituzten proba horiek eta haietatik 207k eman zuten positibo.
Gainera, Ai Laket elkarteari esker, abuztuaren 4tik 5era bitarteko gauean, substantzien ‘testing’ zerbitzua egin zuten. 29 lagunek erabili zuten zerbitzua eta beste 164k, aldiz, informazioa eskatu zuten. Bestalde, elkarte horrek berak, jaietako lehen egunean, alkoholaren kontsumoari buruzko informazio eta prebentzio arloko esku-hartzea egin zuen eta 522 gazterengana iritsi zen.
TUVISA
Hiri Garraioko Udal Sozietatearentzat, TUVISArentzat, jaiak historia osoko onenak izan dira bidaiari kopuruari dagokionez. Gaueko eta eguneko erabilerei dagokienez, maximo historikoak lortu dituzte eta igoerak % 31koak izan dira.


