Kepa Junkeraren omenezko kontzertua, Hevia, Mago de Oz eta La Pegatina izango dira protagonista aurtengo Getxo Folk Jaialdian
Jaialdiaren 39. edizioa irailaren 13tik 17ra bitartean izango da, eta aire zabaleko kokapen berrietara zabalduko da.
Guztira, 15 kontzertu izango dira, baita diziplina anitzeko ikuskizuna eta instalazio parte-hartzailea ere.
Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia irailaren 13tik 17ra itzuliko da, inoiz baino programa zabalagoarekin. Aurtengo eskaintzako izen nagusien artean nabarmendu behar dira Hevia musikari asturiarra eta La Pegatina eta Mago de Oz bandak, Kepa Junkeraren omenezko kontzertua ahaztu gabe. Saio horretan Getxoko jaialdiarekin lotura estua izan duen soinujole bilbotar ospetsuaren irudia publikoari hurbilduko dio talde artistiko handi batek.
Guztira, 15 saio izango dira Getxo Folk jaialdian aurten. Azken edizioetan bezala, Muxikebarri izango da ordainpeko kontzertuen eszenatokia (20:00), eta horiei doako sarrera eskaintza bikaina gehitu behar zaie. Hala, jaialdia Areetara itzuliko da, Areetako Geltokia plaza berrituan egingo den aire zabaleko programazioarekin. Bertan, askotariko taldeek eta artistek joko dute ordutegi ezberdinetan (13:00, 17:00, 18:00 eta 21:00), musika familia, belaunaldi anitzeko publikoa eta gazteei hurbiltzeko helburuarekin. Bertan, gainera, dantza eta bertsolaritza uztartzen dituen ikuskizun bat ere egingo da, baita familiari eskainitako musika instalazioa ere.
Horrez gain, Ereaga hondartzako aparkalekuan (22:00) egingo diren bi emanaldiak ere doakoak izango dira, Estatuko musika-eszenako bi talde ezagunen eskutik: Mago de Oz eta La Pegatina. Ostiralean, hilak 15, folk metal talde madrildar beteranoak sail hau estreinatuko du. Talde hau 1988an hasi zen musika eszenan eta, La leyenda de La Mancha bere lan ospetsua argitaratu zenetik, nazioartean bira eman du etengabe, besteak beste, Gaia trilogia, Belfast eta La ciudad de los árboles albumetako kantuak publikoari hurbilduz. Getxora ‘Hasta que el cuerpo aguante’ izeneko 35. urteurreneko biraren barruan iritsiko dira.
Hurrengo egunean, hilak 16, larunbatean, La Pegatinaren txanda izango da. Jai-mestizajeko talde ezagunenetako bat da konbo katalana, eta runba eta ska nahasten dituen musikaz gozatuko du publikoa, kementsua, dibertigarri eta dantzagarri izango den ikuskizunean. Kataluniako taldeak 1.200 kontzertu baino gehiago eman ditu 18 urteko ibilbidean, eta 35 herrialdetan baino gehiagotan jo du. Mago de Oz taldearekin gertatzen den bezala, Getxon urteurreneko biran ere arituko dira, bi hamarkadetako ibilbidea ospatzeko.
Bestalde, ordainpeko kontzertuetan, bi derrigorrezko hitzordu dituzte soinu tradizionalak maite dituzten zaleek. Lehenengoak, inaugurazio egunean, irailaren 13an, nazioartean ospe handi lortu duen euskal musikarietako bat omenduko du: Kepa Junkera. HAUsPOZ izeneko kontzertuan, Oreka TX, Ibon Koteron, Kukai Dantza, La Cobla de San Jordi, Uxia, Budiño, Pandereteras del Barrio, Xabi Aburruzaga, Agurtzane eta Ion Elustondo eta Maixa Lizarribar bezalako artista eta taldeak batuko dira Muxikebarriko agertokian, artista bilbotarraren musika ospatzea helburu duen ikuskizun batean. Bertan Kepa Junkerak Getxo Folkarekin duen harreman estua ere nabarmenduko da, izan ere, bere proiektu ospetsuenetako asko jaialdian abiatu ziren.
Irailaren 15ean, ostiralean, aurtengo jaialdiko beste saio nagusietako bat izango da Heviaren eskutik, nazioartean ezaguna den artista asturiar eta gaitaren maisua dena. Oraingo honetan, Al son del indianu bere azken lanaren kantuak ekarriko ditu Getxora. Disko horren bitartez, mende batez Ameriketara emigratu zuen asturiarren exodoa omendu nahi ditu asturiarrak, horrek bere jaioterriko oroimenean leku nabarmena du eta.
Sarrera salmenta
Getxo Folkeko sarreren eta abonuen salmenta datorren astelehenean, abuztuak 7, hasiko da Kultur Etxeko ohiko saltokietan (Muxikebarri eta Romo Kultur Etxea), baita Kutxabanken sarearen bidez ere. Gainera, astelehenean bertan ere, antolatzaileek gainerako jardueren berri emango dute www.getxo.eus webgunearen eta Getxo Kultura sare sozialen bidez.


