Egoitza elektronikoa

Castillo Suarez: «Bakartia den jendea askoz ere indartsuagoa dela uste dut»

  • Castillo Suarez: «Bakartia den jendea askoz ere indartsuagoa dela uste dut»

«Bizi nauen elur giroari ez diot azalpenik aurkitzen», dio Castillo Suarezek (Altsasu, 1976) "Elur giroa" poeman. Izan ere, elurrak poetaren azkeneko liburua, Alaska (Elkar, 2023), goitik behera hartzen du. Irautera (Elkar, 2019) liburuan sartu ez zituen poemekin osatutako bilduma da, eta irakurlea bere haurtzaroko Alaskara eraman nahi izan du.

"Arrosak" izeneko lehenengo poemaren hasieran diozu: «Nik badakit arrosez, baina gehiago dakit neguko loreez». Zergatik negua, elurra, hotza!

Nik uste dut gisa horretako eguraldiak beti jartzen zaituela zure baitara begira. Udak estimulu gehiago dauzka, gauza asko egin daitezke garai horretan, toki askotara joan zaitezke. Negua nire izaerarekin bat dator. Beti esaten dut birigarroaren antzekoa naizela, negutiarra naizela. Zure ingurua edo paisaia mugatuagoa dago eguraldi txarrarekin. Uda, berriz, ihesbide bat da, gauza asko dituzu egiteko, ez duzu pentsatzen zure baitan daukazun horri buruz. Nire iritziz, gogoetarako beti dira hobeak negua eta eguraldi txarra. Gainera, kontraesana dirudien arren, neguko egunak oso luzeak dira, eta horrek nekatu egiten du.

"Pipilak" poeman irakur dezakegu: «Errekara erori den zaldia / korrontearen kontra borrokatzen da. / Begi handiak ditu, nik bezala». Bizitzea korrontearen kontra borrokatzea da?

Bai, eta askotan bakarrik egiten den borroka bat da. Arrain saldoekin bezala gertatzen da: arrain bat saldo batean baldin badoa korronteak eramango du baina besteen arrimuan joango da; bakarrik baldin bazoaz, ordea, biderkatzen den ahalegin batean ari zara. Nire ustez bakartia den jendea, eta ez dut zentzu negatiboan esaten, askoz ere indartsuagoa da.

"Sutea" poeman, baita beste zenbaitetan ere, odolik gabeko zauria aipatzen duzu.

Bai. Nolabait esateko, zuk hanka bat puskatzen duzu eta badakizu hilabetez egon behar duzula igeltsuarekin; baina mugatzen zailak diren min horiekin –fisikoak zein min sentimentalak– ezberdina da. Askotan ez zara jabetzen aurrera edo atzera zoazen, sarri oso poliki aldatzen diren gauzak izaten baitira eta oharkabean pasatzen baitzaizkigu.

Jarraitu irakurtzen


  • DataUztailak 28
  • Gaia Literatura