Alex Gurrutxaga: «Anjel Lertxundi ez da inoiz konformatu eremu bakarrean edo aukera literario bakarrean geratuta»
Ostegun-ostiraletarako, "Anjel Lertxundi: idazlea eta obra" udako ikastaroa antolatu du EHUk Donostian, Miramar jauregian. Bi egunez, Lertxundiren obra oparo eta aberatsa aletuko dute hainbat adituk, hamaika ikuspegitatik. Alex Gurrutxaga mintegiaren zuzendariarekin hitz egin dugu
Ez da erronka makala: egun eta erdian, Anjel Lertxundiren (Orio, 1948) 50 urteko obra xehatu, zeinetan sartzen baitira gidoigintza, zinemagintza, kazetaritza, zutabegintza, haur eta gazte literatura, saiakera, ipuingintza eta eleberrigintza, tartean euskal literatura modernoaren hainbat nobela oinarrizko, hala nola Hamaseigarrenean, aidanez, Otto Pette, Zorion perfektua eta Azkenaz beste.
Alta, hori da "Anjel Lertxundi: idazlea eta obra" Euskal Herriko Unibertsitateak Uda Ikastaroen baitan antolatu duen mintegiaren helburua, eta lantegi handiaren neurriko taldea osatu dute Beatriz Zabalondo eta Alexander Gurrutxaga zuzendariek, bertaratuko direnen gozagarri.
Besteak beste, zuzendariek eurek, Lourdes Otaegik, Beñat Sarasolak, Idoia Santamariak, Andoni Egañak, Iratxe Retolazak eta Juan Kruz Igerabidek hitzaldiak eskainiko dituzte, Lertxundiren literatura jardunaren hainbat ertz mahaigaineratzeko, hala nola genero indarkeriaren isla haren testuetan, pentsamendua, itzulpengintzaren ingurukoak, hizkuntza, ahozkotasuna...
Hain zuzen ere, Alex Gurrutxaga irakasle eta ikertzailearekin hitz egin dugu, ikastaroaren atarian, eta azaldu digu, hitzaldi akademikoez gain, bestelako ekarpenak ere egongo direla (Danele Sarriugarte idazle eta kazetariaren eta Lertxundiren arteko elkarrizketa, Joxan Goikoetxeak musikatutako testuen irakurraldia...) eta idazleak berak burutuko duela hitzartzeen errenkada.
Hona, Gurrutxagak azaldutakoak.
Nola mugatu 50 urte baino gehiagoko obra oparoa egun eta erdian? Nolako dinamika diseinatu duzue eta zer eremutatik edo zer esparru teorikotatik begiratuko diozue Lertxundiren obra askotarikoari?
Horixe da ikastaroaren erronka handiena. Izan ere, obra eskerga da Lertxundirena eta adarkatze asko ditu. Are gehiago, nik esango nuke aberastasun hori dela bere obraren marketako bat: kultur esparru askotan aritu da, eta literaturan ere bide askotan ibili da.
Horri erantzuteko, segituan ikusi genuen ahots eta perspektiba askori egin behar geniela tokia ikastaroan. Hizlari bikainak ditugu, hori da inportanteena, eta bakoitzak bere talaiatik helduko dio Lertxundiren obrari: genero ikasketak, ikasketa kulturalak, gatazkaren trataera, haur literatura, zinema, ahozkotasuna, etab.
Gainera, orain arte ez da egin Lertxundiren obrarako halako hurbilpen sakonik. Guk pentsatu nahi dugu hau abiapuntua dela, etorriko diren ikerketei oinarria eskaintzera goazela.


