Arriaga Antzokiak bere ekoizpen berria estreinatuko du: Pio Barojaren "La lucha por la vida", José Ramón Fernándezek moldatutako lana eta Ramón Bareak zuzendutako muntaia

  • Arriaga Antzokiak bere ekoizpen berria estreinatuko du: Pio Barojaren

José Ramón Fernándezek, Narratiba Sari Nazionaldunak, egileari eta obrari leial zaion antzerkirako egokitzapena egin du, bere ikuspegia inposatu gabe eta den-dena dagoela sentiarazteko asmoz.

Ramón Bareak, Antzerkiko Sari Nazionaldunak, muinera doan oholtzaratze bat proposatzen du, dinamismo handikoa eta hitza ardatz duena, irudimenaren pizgarri gisa.

Ramón Barea, Aitor Fernandino, Olatz Ganboa, Ione Irazabal, Itziar Lazkano, Sandra Martín, Alfonso Torregrosa, Leire Ormazabal, Diego Pérez eta Arnatz Puertas dira antzezleak.

Antzezlanak ia 60 eszena ditu, bata bestearen atzetik erritmo bizian doazenak, eta antzezleek, guztira, ehun pertsonaia inguru hezurmamitzen dituzte.

Arriaga Antzokiak ilusio handiz ekingo dio La lucha por la vida antzerkirako bere produkzio berriaren estreinaldiari. Antzezlana Arriaga Antzokiak Madrilgo Teatro Español Antzokiarekin egindako koprodukzioa da. Ostiralean estreinatuko da, otsailaren 17an, eta hilaren 26ra arte egongo da ikusgai: guztira zazpi emanaldi eskainiko dira.

La lucha por la vida Pio Baroja (Donostia, 1872ko abenduak 28 -Madril, 1956ko urriak 30) 98ko Belaunaldiko idazle handietako bat zenaren trilogia bat da. 1903an hasi zen, El globo egunkarian zatika argitaratzen zen eleberri gisa. Guztira 59 atal argitaratu ziren egunkarian eta, 1904 eta 1905 bitartean, Barojak argitaratutakoa berridatzi eta hiru eleberritan argitaratu zuen: La busca, Mala hierba eta Aurora roja zituzten izenburu.

José Ramón Fernández antzerkigileak, 2011ko Narratiba Sari Nazionala jaso zuenak, La lucha por la vida obraren antzerkirako egokitzapena egin du, bi premisatik abiatuta: lehena, murrizketa saihestezina izan arren, den-dena dagoela sentiaraztea. Eta bigarrena, obra izan dadila; ez bere ikuspegi bat, obra bera baizik. Beraz, bertsio honen helburua trilogia agertokira eramatea da, ez beste ezer kontatzeko erabiltzea. Bai egileari, bai obrari leial zaion moldaketa baten aurrean gaude, beraz.

Ramón Barea, Antzerki Sari Nazionala jasotakoa, da La lucha por la vida antzerkirako muntatzeko erronka bere gain har dezakeen antzerkigilerik aproposena. Duela gutxi Arriaga Antzokiaren El viaje a ninguna parte ekoizpenean egin zuen bezala, Bareak zuzendari lanak eta aktore lanak uztartzen ditu, Ramón Bareak berak, Aitor Fernandinok, Olatz Ganboak, Ione Irazabalek, Itziar Lazkanok, Sandra Martinek, Alfonso Torregrosak, Leire Ormazabalek, Diego Pérezek eta Arnatz Puertasek osatutako aktore talde bikaineko kide baita.

Hamar aktoreen artean (bost emakumezko eta bost gizonezko), ia ehun pertsonaia hezurmamitzen dituzte. Azkar aldatzeko gaitasun horrek, pertsonaia batetik bestera joateko eta eszenaz aldatzekoak, dinamismo oso interesgarria ematen dio obrari. Erritmo benetan bizia du. Izan ere, muntaia honetan, antzerki-ekintzak erritmo ia zinematografikoa du une batzuetan, antzezlanean eszena asko baitaude, 60 inguru, eta horietako askok oso denbora gutxi irauten baitute.

Horrela, Bareak Barojaren istorioaren muinera doan oholtzaratze bat hautatu du, istorioaren alderdi teatralera eta espiritura doana. Horrekin bat etorriz, Jose Ibarrolak diseinatutako agertokiak "gutxiago gehiago dela” erakusten du, eta antzezleen zerbitzura dagoen eszenografia praktiko baten aldeko apustua egiten du; jantziei dagokienez, aktoreak “elastiko batekin” ikusiko ditugu, Betitxe Saituaren diseinuak soinean dituztela. Jantziak nahiko hibridoak dira, baina, nolabait, XX. mende hasierako jantziak ekar ditzakete gogora.

Horrez gain, Ibon Aguirreren ikus-entzunezkoak ere ikusgai izango dira eta azpimarratzekoa da Adrián García de los Ojosek konposatutako musika, zeinak erromantizismoaren eta XIX. mendearen kutsua baitu: obran zehar konpas eta estilo ezberdinetan errepikatzen den leitmotiv nagusi bat du, eta baita jatorrizko musika gehiago ere, besteak beste pasodoble, txotis, bals, habanera edo txaranga estiloetakoa. Azkenik, David Alcortak argiztapenarekin egindako lanak antzezlanaren paisaiaren ezaugarriak finkatzen laguntzen du, hura ekintza narratiboan txertatuz.

Izan ere, Barojaren literaturan, paisaiak pisu handia hartu izan du beti. Baina Barojaren paisaiak eta deskribapenak ezin dira irudi errealistaren bidez erreproduzitu, eta hor sartzen da hitza, indar handiz; eta horixe da, zalantzarik gabe, ekoizpen honen gakoetako bat. Idatzizko hitzek, eta antzerkian hitz egitean adierazitakoek eta bultzatutakoek, antzezleek durunditzen eta gorpuzten dituztenek, deitzeko eta iradokitzeko ahalmena dute, eta “dekoratu” bat baino askoz indartsuagoak dira. Antzerkirako muntaia honek hitzean jartzen du arreta, irudimenaren pizgarri gisa duen ahalmenean. Aktoreen taldea korua ere bada, paisaia, taupada narratiboa eta eszenikoa. Eta beren hitzek irudimena pizten dute, testuinguru gogor eta zail batean garatzen den istorio bat kontatzen duen antzezlan honetan, zeinari, bitxia bada ere, komedia kutsua hartzen baitzaio, ikusleei oso une atseginak igaroaraziz.

OBRARI BURUZKO ZERTZELADA BATZUK

Ildo nagusia pertsonaia bat da: Manuel Alcazar, Soriako mutiko bat, Madrilera doana, amak han egiten baitu lan zerbitzari gisa. Eta han, XIX. mende amaierako Madril asalduzko, liluragarri eta antagoniko hartan, bizitza-abentura bat hasten da. Pobreziak markatutako ingurune batean, hiri-kanpoaldean batez ere, gizarte-klaseen arteko desberdintasun nabariak dituen ingurune batean, Manuel gaztea bizitzeko erreferentzia moralak bilatzen saiatzen da, baina ingurune zakar eta gogor horretan kontrako eraginen aurka borrokatu behar du hasieratik: batzuek bizitza zintzo, saiatu eta duina eraikitzera bultzatzen dute eta beste batzuk, aitzitik, indar negatiboa dira eta moralki hondoratzen saiatzen dira.

Labur esanda, La lucha por la vida heziketa-kontakizun gisa uler daiteke. Funtsezkoena Manuelek hamabi edo hamahiru urte dituenetik aurrera duen eboluzio-prozesua da, hau da, bere ekintzen narrazioa, gizartean pixkanaka bere lekua hartzera daramaten akats eta bizipen garrantzitsuekin. Bidean gaizkileekin, prostitutekin, galbideratutako nobleziarekin eta, azken batean, balio-eskala oso baxuko gizarte batean ibiliko da. Dena den, alferrontziak, pikaroak, iruzurgileak, pertsona langileak, babesgabeak eta izaera eskuzabalekoak ez dagozkio soilik garai jakin bati.

EMANALDIAK

Ostiralean, otsailaren 17an, obraren estreinaldia izango dugu, 19:30ean. Asteburuan beste bi emanaldi izango ditugu, larunbatean, 18an, eta igandean, 19an; bi egunetan, ordu erdi lehenago izango dira, 19:00etan. Antzezlana Arriagako agertokira itzuliko da otsailak 23 (osteguna) eta 26 bitartean (igandea). Ostegunean eta ostiralean (hilaren 23an eta 24an) 19:30ean hasiko dira, eta larunbatean eta igandean (25ean eta 26an), berriz, 19:00etan. Beraz, guztira zazpi emanaldi programatu dira La lucha por la vida antzezlanaren Arriaga Antzokiko estreinaldirako. Aurreikusita dago antzezlanak bira bat egitea udazkenetik aurrera, datorren denboraldian.

ARRIAGA ANTZOKIKO SARRERAK

  • 11 eta 21 euro artean (beherapenekin)
  • Salgai www.teatroarriaga.eus helbidean edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

LA LUCHA POR LA VIDA

  • Moldaketa: José Ramón Fernández Zuzendaritza: Ramón Barea
  • Antzezleak: Ramón Barea, Aitor Fernandino, Olatz Ganboa, Ione Irazabal, Itziar Lazkano, Sandra Martín, Alfonso Torregrosa, Leire Ormazabal, Diego Pérez eta Arnatz Puertas
  • Espazio eszenikoa: Jose Ibarrola Argiztapena: David Alcorta Jantziak: Betitxe Saitua Soinu-espazioa: Adrián García de los Ojos
  • Ikus-entzunezkoak. Ibon Aguirre Attrezzo: María Casanueva Zuzendari laguntzailea: Nagore Navarro Ekoizpen koordinatzailea: Leire Orbe
  • Banaketa: Portal71 Arriaga Antzokiaren ekoizpen berria. Koprodukzioa: Teatro Español, Madril.
 
 

bilbao.eus

  • DataOtsailak 15
  • Gaia Arte eszenikoak