Ekonomia eta Ogasun Saila

Urdaibai Bird Center-ek Europako dirulaguntza bat jaso du Gautegiz-Arteagako padurak kontserbatzeko eta leheneratzeko

Proiekturako dirulaguntza 482.000 eurokoa izango da, eta Europako Next Generation funtsetik iritsiko dira

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Aranzadi Zientzia Elkarteari dirulaguntza bat ematea Gautegiz-Arteagako paduretan biodibertsitate-tasak igotzearekin lotuta hainbat jarduketa gauzatzeko eta Oruetan mantentze eta leheneratze lanak egiteko, Europar Batasunak Next Generation EB funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Urdaibai Bird Center-ek, Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako hegaztien ikerketa eta dibulgazio zientifikorako zentroak, 482.000 euroko dirulaguntza jasoko du Europako funtsetik biodibertsitatearen kontserbazioa sustatuko duten jarduketetarako.

Proiektuaren helburu nagusia da biodibertsitate-tasak handitzea padurako habitatak eta horietako espezieak hobetuz, klima-aldaketaren eraginak arintzeko, beste hainbat ingurumen-alderdiren artean. Jarduketak 2021-2023rako estatu-mailako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean sartuta daude, bertan baitaude jasota lehorreko eta itsasoko biodibertsitatea kontserbatzeko, ekosistemak eta azpiegitura berdea leheneratzeko eta baso-kudeaketa jasangarrirako inbertsioak.   

Azken hamar urteotan, Urdaibai Bird Center-etik padurako eta inguruko hegazti-populazioen jarraipena egin da, eta ondorioa izan da padurak kudeaketa ekologikoaren arloko hainbat neurri behar dituela. Urdaibai Bird Center-ek azken 20 urteotan metatu duen ezagutzari esker, behar bezala identifikatu ahal izan da Gautegiz-Arteagako paduretako arazo ekologikoa. Hautemandako arazo guztien artetik, jarduketa bideragarrien bitartez, bai ikuspegi teknikotik bai ikuspegi ekonomikotik, arindu daitezkeenak edo ezeztatu daitezkeenak aukeratu dira, eremuko biodibertsitatearen kontserbazio-egoeran eragin positibo argia izan dezaten.

Kontserbazioko eta leheneratzeko jarduketak bost arlotan banatzen dira: Lehenengoa Gautegiz-Arteagako paduretako urmaelak leheneratzeko eta horien kontserbazio-egoera hobetzeko da. Jarduketarik aipagarrienen artean daude: marearteko ur-fluxuaren bi uhate konpontzea, arrainak eta ornogabeak sartuko direla bermatzeko (funtsezkoak dira hainbat espezieren eta, horien artean, hegaztien elikadurarako), eta marearteko urmaeleko habitatak leheneratzea landare-espezie exotiko inbaditzaileak kenduz eta uhartetxo artifizialak sortuz (hegaztien atsedenerako, elikatzeko eta ugalketarako lekuak dira).