Segurtasun Saila

Segurtasun Publikoaren Kontseiluak Euskalmeten abisu-sistemaren garrantzia azpimarratu du, Euskadin larrialdiei aurrea hartzeko eta larrialdiak kudeatzeko tresna zuzena den aldetik

Argitalpen-data: 

  • Josu Erkoreka buru dela egin den bileran egiaztatu dute aurtengo abisuak, basoko suteen arriskuaren aurrean, hain izan direla zehatzak eta zuzenak, ezen euskal erakundeei larrialdia behar bezala kudeatzea eta arriskuak eta ondorioak minimizatu ahal izateko debekuak eta murrizketak ezartzea ahalbidetu baitzieten

    • 2022an Euskadik 130 egun izan zituen abisu horiekin, 21 alerta laranjekin eta 3 alarma gorriekin, guztiak ere muturreko meteorologiarekin erlazionatutako arrazoi ezberdinengatik

    Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela egin da gaur Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren urteko bilera. Aholku emateko eta partizipazioko organo honetan Euskadiko segurtasun publikoko politiketan parte hartzen duten eta inplikatuta dauden entitate eta erakunde guztiak koordinatzen dira: Eusko Jaurlaritzako sail batzuk, EUDEL, hiru hiriburuetako udalak, hiru foru-aldundiak, Legelarien Euskal Kontseilua, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusia, eta beste hainbat.

    Gainera, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluko kideek Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren abisu-sistemaren garrantzia azpimarratu dute, larrialdiei aurre egiterakoan arriskuari aurrea hartzeko eta arriskua kudeatzeko funtsezko tresna gisa, eta nabarmendu dute abisu horiek ez direla atalase meteorologikoen arabera konfiguratzen, baizik eta fenomeno jakin batek, kasua iritsita, gure gizartean, bai pertsonen segurtasunean bai ondasun materialak babestean, izan dezakeen eraginaren arabera.

    Horretarako, 2022an zehar, muturreko meteorologiako egoera ezberdinekin lotuta, aktibatutako abisu, alerta eta alarma guztiak azaldu dira, eta bereziki azpimarratu dira batez ere uztailean eta urrian izandako bero-boladarekin erlazionatutakoak.

    Egiaztatu denez, abisu-sistemak, batetik, basoko suteen arriskuak minimizatu zituen debekuak eta murrizketak ezarri izanaren bidez (nabarmendu ziren, besteak beste, nekazaritza eta basozaintza ingurunean makinaria erabiltzea, su artifizialak edo bestelako elementu piroteknikoak jaurtitzea eta barbakoak egitea), eta, bestetik, euskal administrazioen babes zibileko sistemak behar bezala dimentsionatzen lagundu zuen.

    2022an Euskadik 130 egun izan zituen abisu horiekin, 21 alerta laranjekin eta 3 alarma gorriekin, guztiak ere muturreko meteorologiarekin erlazionatutako arrazoi ezberdinengatik.