Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Osasun mentalaren orainaren eta etorkizunaren ikuspegi integratzailea

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

Presente y futuro de la salud mental en España ikerketaren azaleko irudia.

Presente y futuro de la salud mental en España ikerketaren azaleko irudia.

BioInnova Consulting enpresak, Angelini Pharmaren laguntzarekin, azterketa bat egin du: Presente y futuro de la salud mental en España, eta osasun mentalari emandako arreta aztertzen du, eragindako pertsonen, haien familien eta arreta ematen dieten profesionalen ikuspegitik. Horrekin batera, sistemaren premiei buruzko gogoeta egin du eta hura hobetzeko gomendio-multzo bat proposatu.

Azterlanari hasiera emateko, Espainiako osasun mentalaren egoerari buruzko diagnostiko zehatza egin da. Diagnostiko horrek, ikuspegi integratzaile eta diziplina anitzeko batetik, gaixotasun mental bat duten pertsonen eta haien familien iritzia jasotzen du, arreta ematen dieten hirugarren sektoreko erakundeen bitartez, bai eta haien laguntzan eta errehabilitazioan inplikatuta dauden beste eragile batzuen ikuspegia ere (fakultatiboak, ikerketakoak, farmazia-arlokoak, kudeaketakoak eta komunikabideetakoak).

Gaixotasun mental bat duten pazienteei zuzeneko arreta ematen dieten erakundeen artean, Lar Pro Salud Mental Fundazioa dago (Galizia). Fundazio horren erabiltzaileen artean egindako azterlan batean, gehienek nabarmendu zuten (% 75,6) gizarteak ez duela iritzi onik gaixotasun mentala duten pertsonei buruz, eta estigma dela gizartean erabat integratzeko arazo handienetako bat. Era berean, inkestatutako pertsonen % 85ek baino gehiagok uste dute komunikabideak oso garrantzitsuak direla gaixotasun mentalari lotutako estigmaren irudian eta hedapenean. Horrekin, estigmaren aurka borrokatzeko beharra nabarmentzen dute, sentsibilizazio-kanpainen bidez, oso gaztetatik osasun mentalarekin lotutako aurreiritziak eta estereotipoak desagerrarazteko, horrela bakarrik lor baitaiteke gaixotasun mentala duten pertsonen errehabilitazioa eta integrazioa. Errehabilitazioari dagokionez, eskura dauden baliabideak gehitzeko beharra aipatu da, baita parte hartzean, tratu duinean eta pazientearen ahalduntzean oinarritutako ereduak hartzeko beharra ere.

Analisia osatzeko eragindako pertsonen ikuspegitik, ACFAMESek (Associació Catalana de Familiars i Malalts d 'Esquizofrènia) azterlan bat egin zuen pazienteekiko eta/edo haien familiekiko interakzioan behin eta berriz agertzen den gai bati buruz, Espainian osasun mentalera bideratutako baliabideak eskuratzeko zailtasunei buruz. Horren ondorioen artean, egiaztatu zuten inkestatutako pertsonen ia erdiek (pazienteen % 48,8k) aldi berean jasotzen dutela arreta sistema publikoaren eta pribatuaren bidez. Horri sistema pribatuak soilik artatzen dituen pertsonen % 25,6 gehitu behar zaio; beraz, gaixotasun mentala duten pertsonen % 70 baino gehiago osasun pribatuak artatu ditu. Hori hainbat arrazoirengatik gertatzen da: arreta azkarragoa (itxaron-zerrendarik gabe), tratamenduen jarraitutasun eta jarraipen handiagoa, edo osasun-sistema publikoan profesionalik ez aurkitzea. Hala ere, tratamenduen kostua edo profesionalen kualifikazio falta arreta pribatuarekin batera doazen arazoak dira, eta eragindako pertsonak kezkatuta daude.

AVIFESek, Gaixotasun Mentala duten Pertsonen eta Senitartekoen Bizkaiko Elkarteak, adierazi du osasun mentalaren premien artean prebentzioa, arrisku-faktoreak identifikatzea eta diagnostiko goiztiarra daudela, tratamendu medikoa eta gizarte-baliabideak goiz eskuratzeko. Horretarako, lehen mailako arretan garaiz detektatu behar da, eta arreta espezializatuarekin koordinatuta eta arin ibili behar da. Era berean, haurren eta gazteen osasun mentaleko arazoak gero eta ugariagoak direnez, biztanleriaren sektore horri arreta eta laguntza indartzeko beharra adierazten dute, bai eta osasun mentalari genero-ikuspegitik heltzeko beharra ere, diskriminazio-faktoreak murrizteko, familiei laguntzeko edo komunitatean parte hartzeko, besteak beste.

AMAFEk, nahasmendu psikotikoen inguruan zentratutako elkarteak, 5.205 pertsonak eta haien familiek parte hartu zuten 2015ean egindako ikerketa batean, nabarmentzen du eskizofrenia duten pertsonek pairatzen duten estigma, baliabide eskasia eta osasun mentalean arreta humanizatzeko beharra. Era berean, adierazi dute COVID-19aren pandemiak agerian utzi dituela osasun-sistemak dituen gabeziak, bereziki, gaixotasun mentala duten pertsonen arretan, eta nabarmendu dute beharrezkoa dela kolektibo horri zuzendutako aurrekontua eta baliabideak indartzea.

Ikuspegi klinikotik, osasun mentalaren analisiak ildo beretik jotzen du. Laurogeiko hamarkadan hasitako aldaketa, ospitalean oinarritutako paradigmatik komunitate-arretaren eredura, ez du berekin ekarri osasun-baliabideak eta baliabide soziosanitarioak indartzea, baina gaur egun ez dira nahikoak eta ez dira berdinak Espainiako estatu osoan.

Ikerketek eta berrikuntza terapeutikoaren ikuspegitik egindako ekarpenek aurrerapen berriak markatzen dituzte osasun mentalaren arretan, ikerketa kolaboratiboan eta sare eta plataformetan oinarrituta, alor horretan ikuspegi berriak bultzatzeko. Berrikuntzak zehaztasuneko psikiatria batera bideratzen dira, pertsonalizatua eta premia bakoitzerako erantzun terapeutikorik onena emango duena.

Azterlanak hainbat ikuspegitatik eta ezagutza-eremutatik egindako ekarpenak biltzen ditu (generoa osasun mentalean, pazienteen ahalduntze-prozesuak, kudeaketa humanizatzea osasun mentalean, etab.), eta, amaitzeko, osasun mentaleko ibilbide-orri berri bat sortzeko gakoak zerrendatzen ditu. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: osasun mentaleko estrategia nazional bat garatzea, epe labur, ertain eta luzerako ekintzak barne hartuko dituena baliabideen banaketan ekitatearen ikuspegitik; eredu komunitarioa indartzea eta osasun mentala lehen mailako arretan eta ospitalekoan integratzea; eragileen parte-hartzea (fakultatiboak, adituak, baina baita hirugarren sektorea, pazienteak eta familiak ere); erakundeen babesa eta konpromisoa osasun mentalaren erreformari begira; eta aurrekontu- zuzkidura eta emaitzen jarraipen- eta ebaluazio-sistemak.

Txosten osoa kontsultatu nahi baduzu, sakatu esteka honetan: 'Presente y futuro de la salud mental en España. Madrid, BioInnova Consulting, 2021'.