Osasun Saila

Osakidetzak, haren sare osoan, beren buruaz beste egiteko ahalegina egin duten pertsonei ematen dieten arreta eta segimendua hobetzeko prozedura berria ezarri du

2022-06-24

Osakidetzaren “Osasun Eskola” arlo pedagogikoaren bidez, suizidioa prebenitzeko kolektibo kalteberei zuzendutako ikastaroak antolatuko dira

Osakidetzak, haren sare osoan, Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea (CISR) ezarri du, beren buruaz beste egiteko ahalegina egin duten pertsonei ematen zaizkien arreta eta segimendua hobetzeko prozedura berria.   Era berean, Osakidetza, prebentzio moduan, suizidioa prebenitzeko ikastaroak antolatzen ari da, kolektibo kalteberei zuzenduak, 250 pertsonarekin eginiko esperientzia pilotuaren ondoren.

Hala iragarri du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburuak, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak antolatu dituen Osasun Mentaleko XII. Jardunaldietan; haietan, Bilboko Euskalduna Jauregian, sareko bertako eta osasun mentalari arreta ematen inplikatuta dauden beste erakunde sanitario eta soziosanitario batzuetako profesionalak batuko dira.

 

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea (CISR)

 

CISR kodea erabilgarri dago, dagoeneko, Euskadiko osasun-sistema publiko osoan; psikiatra arduradunak suizidioaren ahalegina egin duen pazienteari ospitaleko alta ematen dion unean aktibatzen da. Automatikoki, alerta ezartzen da historia klinikoan, eta erreferentziazko Osasun Mentaleko Zentroari eta Osasun Kontseiluari jakinarazten zaie.

 

Alta eman ondoren, pertsonak, 48 orduko epean, gehienez, Osasun Kontseiluko Erizaintzako profesional baten deia jasoko du, haren egoeraren berri izateko eta, behar izanez gero, laguntza-urrats batzuk emateko. Deiak beste bi aldiz egingo dira, gutxienez, 15 eta 30 egun igarota. Aldi berean, Osakidetza pertsonarekin harremanetan jarriko da telefono bidez, hitzordua eskaintzeko Osasun Mentaleko profesional batekin, gehienez 3 eguneko epean. 

Tresna berri hori Euskadiko suizidioaren estrategian aurreikusten da, eta, aldi berean, Euskadin pandemia ondoko garaian osasun mentalari heltzeko dokumentu estrategikoan sartzen da; hartan ari da lanean Osasun Saila, joan den apirilean Gotzone Sagardui Sailburuak berak iragarri zuenez.  

Estrategia berriak aurreikusten du aurretik dauden programa anitzei eutsi eta sendotzea eta, hala, ekintza berriak sartzea, bai eta suspertzen ari diren profilei arreta ematea, eremu guztietan prebentzioa eta postbentzioa sendotzea eta Euskadin suizidioa prebenitzeko estrategia hori garatzen jarraitzea ere. Betiere, Euskadiko Osasun Mentaleko Kontseilu Aholkulariaren aholkularitza profesionalarekin; organo aditu hori 2007an sortu zen, eta oraintsu berritu da.  

Suizidioa prebenitzeko ikastaroak

Osakidetzaren Osasun Eskolak suizidioa prebenitzeko online ikastaro bat jarri du abian lehen aldiz. Neurri hori baliabide komunitarioari zuzentzen zaio, eta Euskadiko Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren gomendioei jarraikiz diseinatu da. Ikastaro honen premisa da estrategikoki kokatutako edozein pertsonak lagun dezakeela suizidioa prebenitzen, baldin eta tresna egokiak baditu. Suizidio-jokabiderako  kolektibo kalteberekin sarri harremanetan izaten diren profesional ez-sanitarioei eta sanitario ez-klinikoei zuzentzen zaie.

Online prestakuntza da, laburra (3 ordu) eta autoadministratua. Modulu teoriko bat du eta 4 kasu praktiko. Ikastaroan, suizidio-jokabidearen inguruko oinarrizko kontzeptuak azaltzen dira, gizarte-eragileek arriskuan dauden pertsonak hobeto detektatu, hasierako laguntza eman eta laguntza espezifikoko baliabideekiko harremanerako bide eman ahal izateko. Aurreikusten da 2022an 6 prestakuntza-edizio eskaintzea, eta, bakoitzean, 500 plaza, lehenetsitako lanbide-kolektiboei zuzendutako zabalkunde koordinatuko eta mailakatuko estrategiari jarraikiz. Lehen 3 edizioetan, 3 foru-aldundietako eta Euskadiko udalerrietako gizarte-zerbitzuetako, mendekotasun-arloetako, berdintasuneko eta genero-indarkeriako langileei eskaintzen zaie, bai eta farmazialari komunitarioei, elkarteei eta GKEei ere.

Esperientzia pilotua egin da aurretik, besteak beste, gizarte-zerbitzuetako, hezkuntzako, elkarte eta GKEetako edo farmazia komunitarioko 250 pertsona ingururen parte-hartzearekin. Lehen ebaluazioan, esperientzia pilotuak erakutsi du hobetu egin direla profesionalek suizidioa prebenitzeari dagokionez dituzten ezagutza eta autokonfiantza. Gogobetetasuna 8/10etik gorakoa izan da, eta kasuen % 97k baino gehiagok haien lan-ingurunean gomendatuko lukete.

Antzeko ekimenak daude beste herrialde batzuetan; hala ere, Espainiako Estatuan ezaugarri horiek dituen lehen ekimena da.