Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ondare ekologikoa kontserbatzea funtsezkoa da klimaren eta biodibertsitatearen krisiari aurre egiteko

Argitalpen-data: 

  • Erakunde-adierazpen bat irakurriz amaitu da aste honetan Zumaian egin den IUGS – Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartearen bilera
  • Nazioarteko topaketa honetan ondare geologikoko lehenengo 100 lekuak aurkeztu dira, horien artean Zumaiako flyscha, munduko azaleratze estratigrafikorik ikusgarrienetako bat

Geodibertsitatea eta ondare geologikoa kontserbatzea eta katalogatzea funtsezkoa da ingurumenaren arloko mende honetako erronka nagusiei heltzeko, horien artean biodibertsitatearen krisiari, berotze globalari, uraren kudeaketari, lehengaien eskaerari, energia-baliabideei, arrisku naturalei eta populazioen jasangarritasunari. Eta hori ezagutza zientifikoan oinarritutako politiken bidez egin behar da. Horixe jaso da IUGS – Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak urriaren 25etik 28ra bitartean Zumaian, Euskal Kostaldeko Geoparkean, egin duen bileraren klausura-ekitaldian irakurri den erakunde-adierazpenean.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua buru dela egin da 60. urteurreneko ospakizun-ekitaldi nagusia, eta bertan irakurri da “Zumaiako Adierazpena”, Lurreko Zientzien nazioarteko erkidegoak egindako posizionamendu publikorik handiena. Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak eta Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak parte hartu dute ekitaldian, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiarekin, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearekin, Nickolas Zouros Geoparkeen Munduko Sarearen presidentearekin eta John Ludden IUGS – Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartearen presidentearekin batera.

Arantxa Tapia sailburuak azpimarratu du “ohorea dela Zumaian geologiaren inguruko komunitate zientifiko zabal bat hartzea”. Gogora ekarri du “Euskal Herria lurralde txikia dela, baina geologikoki oso aberatsa eta anitza”. Klima-aldaketari dagokionez ohartarazi du “gaur egun planetari gertatzen zaiona iragan geologikoan urrunean ere gertatu zela, baina oraingo honetan gu gara aldaketa horren eragile nagusiak”. Honen aurrean, “ondare geologikoaren kontserbazioa funtsezkotzat” jo du klimaren eta biodibertsitatearen krisiari aurre egiteko.

Lurreko Zientzien diziplina ezberdinak ordezkatu dituzten 40 herrialdetako 250 bat adituk eta nazioarteko hamar erakundek parte hartu dute nazioarteko topaketa honetan. Bertan aurkeztu da ondare geologikoko lehen 100 lekuen hautaketa (The First IUGS Geological Heritage Sites), eta horien artean dago Zumaiako flyscha, lurreko azaleratze estratigrafiko ikusgarrienetako bat. Zerrenda osoa hemen kontsulta daiteke: https://iugs-geoheritage.org.

Guztira 56 herrialdetako 186 hautagai proposatu ziren, eta nazioarteko 33 adituk ebaluatu zituzten. IUGSren Munduko Ondare Geologikoko leku bat nazioartean garrantzi zientifikoa duten elementu edota prozesu geologikoak dituen ingurunea da, edota historian zehar geologia-zientzien garapenari ekarpen esanguratsua egiten diona. Munduko Ondare Geologikoko IUGSen lehen 100 lekuen aukeraketa UNESCOren Geozientzien Nazioarteko Programaren esparruan egin da.

Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteari buruz

Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartea (IUGS) munduko zientzia-erakunde handienetako bat da, 121 kide nazional eta elkarte afiliatu ditu, eta arlo horretako milioi bat espezialista baino gehiago ordezkatzen dituzte. IUGSen munduko ondare geologikoko lehen 100 lekuak mundu osoko leku geologiko ikonikoak dira, Lurra eta haren historia ezagutzeko duten inpaktuagatik komunitate geozientifikoak errekonozitzen dituenak.

IUGSen aitortza horrek ikusgarritasuna ematen die leku horiei. Balio zientifiko goreneko leku gisa identifikatzen ditu. Geologiaren zientzia garatzeko balio izan duten lekuak dira. Lurraren ezaugarrien eta prozesu geologikoen munduko erakusleihorik onenak dira. Lurraren eta haren historiaren aurkikuntza harrigarrien inguruneak dira.

“First 100” horietako asko ongi babestuta daude parke nazionaletan, geoparkeetan eta erreserba naturaletan, baina beste asko, berriz, ez. IUGSek ondare geologikoko “lehen 100 leku” horiek aitortzea eta horiei ikusgarritasuna ematea lagungarria izan daiteke horiek benetan aintzat hartzeko, hezkuntza-baliabide gisa erabiltzeko eta, are garrantzitsuagoa dena, horiek babestu eta zaintzeko, erakunde-adierazpenean jaso den bezala.