Nautikako eta arrantzako ikasketak egiteko beken deialdia, 140.500 euroko zuzkidurarekin (Gobernu Bilera 2022-04-26)

fotoconsejo.jpg

2022-04-26

 

  • 2016-17 ikasturteaz geroztik 671 ikaslek jaso dituzte laguntza horiek
  • Sektoreko prestakuntza-beharrei erantzun eragilea ematea eta belaunaldi-berrikuntzan aurrera egitea da xedea

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak azkenen bileran onetsi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren Agindua, 2021-2022 ikasturtean Euskadiko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskoletan ikasketak egiteko laguntzen deialdiarena: Pasaian, Bermeon eta Ondarroan daude ikastetxe horiek eta ikasturte honetan guztira 456 lagun daude matrikulatuta (133 Ondarroan, 113 Bermeon eta 210 Pasaian).

Deialdi honetan gutxi gorabehera 120 beka ematea aurreikusi da, aurreko urteetako eboluzioa kontuan izanda: 2020-2021 ikasturtean 141 beka eman ziren; 2019-2020an, 149 beka; 2018-2019an 123 beka; 2017-2018an, 122 eta 2016-2017an, 136. Guztira, 21 beka eskatu dituzte emakumeek, nahiz eta azken urtean eboluzio positiboa nabaritu den.

Guztira 140.500 euro izango dira eta gehienez eskatzaile bakoitzari 2.400 euro emango zaizkio, eta honako kontzeptu hauetarako erabili beharko dira:

- Ohiko etxebizitzatik kanpo bizitzearen gastuetarako.

- Ikastetxerako joan-etorrien gastuetarako.

- Mantenu-gastuetarako.

- Ikasketetarako materialen gastuetarako.

Hautagaiek lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira laguntzak; hautagaiak behar bezala matrikulatuta egon beharko dira 2021-2022 ikasturtean, nautika edo arrantzako edozein ikasketetan.

Laguntzak ordainketa bakarrean emango dira eta ikasturtearen amaieran emango da laguntzaren %100 hori, ikasleak matrikulatutako modulu edo ikasgai guztiak gainditu baditu.

 Esleitzeko irizpideak eta epeak

Bekak emateko, deialdiaren oinarrietan puntuak emateko dauden irizpideak erabiliko dira eta xede horretarako izendatutako balorazio-batzorde batek ezarriko ditu irizpideak. Honako hauek dira irizpideak:

  1. Egingo diren ikasketen maila
  2. Ohiko egoitzaren eta ikastetxea dagoen herriaren arteko distantzia
  3. Eskatzailearen inguruabar pertsonalak eta familiarrak
  4. Eskatzaileak edo familiak aurreko urtean lortutako sarrera gordinak, jatorria dena delakoa izan arren

Agindua argitaratzen denetik hilabeteko epea egongo da eskabidea aurkezteko. Pertsona fisikoek presentzialki zein elektronikoki aurkez ditzakete eskabideak, euskadi.eus guneko egoitza elektronikoaren bidez.