Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Mitoak lurreratzen Pobrezia larriaren profila Espainian

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

Txostenaren azaleko irudia: 'Pobrezia larriaren profila Espainian. Abandonuaren paisaia, 2. txostena. EAPN Espainia (2021)'

Txostenaren azaleko irudia: 'Pobrezia larriaren profila Espainian. Abandonuaren paisaia, 2. txostena. EAPN Espainia (2021)'

El mapa de la pobreza severa en España. El paisaje del abandono izenburupean, Pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko Europako Sareak, (ingelesez  European AntiPoverty Network) pobrezia larriak Espainiako estatuan duen eragina aztertzen du, egoera horretan bizi diren biztanleen ezaugarriak deskribatzen ditu eta pobreziari eta gizarte-kalteberatasunari lotutako estereotipo hedatuenak hausten laguntzen du.

Txostenaren abiapuntua da pertsona pobreak direla ezin dituztenak oinarrizko premiak asetzeko beharrezkoak diren baliabide materialak, kulturalak eta sozialak izatea, eta, beraz, bizi diren estatu edo lurraldearentzat gutxienez onargarriak diren bizi-baldintzetatik kanpo geratzea.

Definizio horren arabera, pobrezia larriak egoera horren muturreko maila neurtzen du, eta kontsumo-unitate bakoitzeko diru sarrerak herrialde bateko errentaren medianaren %40 baino txikiagoak diren etxeetan bizi diren pertsonak oinarri hartuta kalkulatzen da. Kontsumo-unitateen terminoa da nazio baten pobrezia maila kalkulatzeko Europan erabiltzen den estandarra, eta, haren arabera, "etxe berean bizi diren pertsona batzuen baterako gastua bakoitzaren baturak bereiz izango lukeena baino txikiagoa da". Horrela, etxe berean bizi diren pertsonen gastua kalkulatzeko formula bat ezartzen da, helduak (14 urtetik gorakoak) edo adingabeak diren bereizita. Horrela, nukleo horretako lehen pertsona kontsumo-unitate baten baliokidea da, gainerako helduak bakoitzak 0,5 kontsumo-unitate ditu, eta txikiagoak bakoitzak 0,3 kontsumo-unitate.

Parametro horien arabera, 2020. urterako, etxekoen unitate bat pobrezia larriko egoeran zegoela jo zen haren errentak urteko kontsumo-unitate bakoitzeko 6.417,3 € gainditzen ez zituenean; horrek esan nahi du hilean 535 € baino aurrekontu txikiagoa duela bakarrik bizi den pertsona baten kasuan, edo 281 € baino zertxobait txikiagoa bi helduk eta bi adingabek osatutako familien kasuan. 

Aurrekontu horrek galarazi egiten die egoera horretan dauden pertsonei oinarrizko premiak asetzea (hau da, elikadurarekin, etxebizitzarekin, energiarekin, osasunarekin eta hezkuntzarekin lotutako gastuak, besteak beste); hori dela eta, etengabe lehenetsi behar dute zer premia ase ditzaketen. Txosten honetan adierazten den bezala, “pobrezia larrian dauden pertsonen zailtasun nagusia da etengabe hautatzeko eta ezinbesteko premien artean mailaketa bat egiteko eskakizuna konpontzea; janariaren eta beroaren artean, kulturaren eta pixoihalen artean, ordenagailuaren eta zapaten artean, eta horrela...” 

Termino kuantitatibotan, 2020an, Espainiako biztanleriaren %9,5, lau milioi eta erdi inguru, pobrezia larrian bizi zen. Serie historikoari jarraiki, zifra hori handitu egin da aurreko urteekin alderatuta, eta litekeena da joera horrek hurrengo urteetan jarraitzea; izan ere, etxekoen unitateen errentaren datuak urtebeteko atzerapenarekin lortzen dira, eta, beraz, eskuragarri dauden datuak COVID-19 pandemiaren ondoriozko krisiaren aurrekoak dira.

2020. urterako autonomia-erkidegoen araberako azterketa konparatu batek Ceutako eta Melillako, Kanarietako, Valentziako eta Asturiasko Autonomia Erkidegoak adierazten ditu pobrezia larriko ehuneko handienak dituzten Autonomia Erkidegoen artean, Euskal Autonomia Erkidegoarekin, Errioxarekin edo Nafarroarekin alderatuta, pobrezia-tasa txikienak dituztenen artean. Ildo horretan, badirudi bizilekua aldagai garrantzitsua dela pobreziaren eta gizarte-kalteberatasunaren azterketan.

Generoaren aldagaia kontuan hartuta, datuek ez dute desberdintasun esanguratsurik erakusten pobrezia larriak gizonengan eta emakumeengan duen eraginaren artean. Hala ere, nabarmentzekoa da adinaren aldagaiaren arabera. Txostenaren arabera, pobrezia larria handiagoa da haur, nerabe eta heldu gazteen artean. Zifretan, 16-29 urteko pertsonen %11 pobrezia larriko egoeran dago, eta 45-64 urteko pertsonen kasuan, berriz, ehuneko hori %8,6 da.

Datu horri dagokionez, familia-nukleo batean adingabeak eta/edo nerabeak egoteak pobrezia-arrisku handiagoa eragiten du. Kuantitatiboki, adingabeak edo nerabeak dituzten nukleoen %12 pobrezia larrian daude, eta adingabeak edo nerabeak ez dituztenen %7,1. Arriskua handiagoa da familian dauden adingabeen kopuruaren arabera; zehazki, muturreko pobrezia-tasak hirukoiztu egiten dira familia ugarietan gainerako familietan baino. 

Arrisku hori handiagoa da, halaber, gehiengoa emakumeak buru dituzten guraso bakarreko nukleoetan. Hala, familia ugarietan, pobrezia larriaren tasa %27,3 da, eta guraso bakarreko familietan, berriz, ia %19 (%18,7).

Nazionalitatearen arabera, 2020rako aztertutako zifren arabera, pobrezia larrian bizi diren 16 urteko edo gehiagoko pertsonen %70 baino gehiago (%71,5) espainiarrak dira.

Ikasketa mailari dagokionez, zenbat eta ikasketa maila handiagoa izan, orduan eta txikiagoa da pobrezia larriaren eragina. Okupazioak ere joera horri jarraitzen dio, pobrezia-egoeran dauden landunen ehunekoa %5 baita. Hala ere, muturreko pobreziaren aurrean enpleguaren babesak bere intentsitatea murriztu du, eta ikasketak eta lana dituzten eta pobrezia-egoeren eraginpean dauden biztanleen ehunekoa erakusten du. Egileek adierazten dutenez: “pobreziaren aurka borrokatzean, egia da pobrea ez izateko lan bat eduki behar dela, baina alderantzizkoa gezurra da: datuek erakusten dutenez, lan bat lor daiteke eta pobrea izan, baita lan egin eta oso pobrea ere”.

Azkenik, COVID-19ren inpaktuari heltzen dio txostenak, eta adierazten du pobrezia larria pandemian eta pandemiaren ondoren iraunarazten dela, eta pandemiaren efektuak ondorio garrantzitsuak izango dituela pobreziak gizarte osoan duen intentsitatean.

Hala eta guztiz ere, txostenak datu estatistikoak ematen ditu, pobrezia larriko egoeran bizi diren pertsonei lotutako aurreiritziak desagerrarazten laguntzen dutenak, honako hau adieraziz: “ez dira lan egin gabe bizitzea lortzeko sistema sozialaz baliatzen saiatzen diren pertsona arduragabeak. Aitzitik (…), gizarte estandarretara egokitutako bizitza duina izateko gizarteak eskatzen dituen ekintza guztiak egin dituzten pertsonak dira. Hala ere, egitura horretan harrapatuta daude oraindik, eta egitura horrek ez die garatzen uzten; aitzitik, pobrezia larrian dauden pertsonen kopuruak hazten jarrai dezan lan egiten duela dirudi, eta egoera horri lotutako gizarte-kalteberatasunari aurre egiteko gako batzuk eskaintzen ditu”.

European Anti-Poverty Network (EAPN) Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetan pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatu nahi duten Gizarte Erakundeen Plataforma Europarra da. Espainian, Espainiako Estatuan Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurka Borrokatzeko Europako Sarea (EAPN-ES) helburu bera duten 19 sare autonomikok eta hirugarren sektoreko 19 erakundek osatzen dute.

Txosten osoa kontsultatzeko, sakatu ondorengo estekan: “Pobrezia larriaren profila Espainian. Abandonuaren paisaia, 2. txostena. EAPN Espainia (2021)”.