Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Lehendakariak ziurtatu du Hendaiako Euskotrenen geltoki berria EB zeharkatzen duen Korridore Atlantikoaren katebegi estrategikoa izango dela

Argitalpen-data: 

Lehendakariak ziurtatu du Hendaiako intermodal berria Europar Batasuna zeharkatzen duen Korridore Atlantikoaren katebegi estrategiko bihurtu dela. Iñigo Urkulluk Hendaiako Multimodal Zentroaren inaugurazio ofizialean parte hartu du gaur goizean, Euskotrenen geltoki berrian.

Iñaki Arriola sailburuarekin batera, Lehendakariak Irundik Hendaiako Topoaren geltokirako ibilbidea egin du. Bertan, besteak beste, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko presidente Alain Roussetek eta Iparraldeko Mankomunitateko presidente Jean-Réné Etchegarayk hartu dute parte, eta haiekin batera joan da bi tren-geltokien ingurua berrurbanizatzeko (Euskotren geltokia eta SNCFren Gare) hirigintza-proiektu berriaren aurkezpenean.

Hitzaldien txandan, Lehendakariak ziurtatu du Euskotrenen Hendaiako geltoki berria eraikitzea funtsezko urratsa izan dela mugaren bi aldeetako erakundeen arteko lankidetza-lan luze batean, eta iragarri du Transfermuga proiektua abian dela, Donostia eta Irun/Hendaia artean hirugarren erreia ezartzeko aurreikuspenarekin, zuzeneko trenek Baiona eta Donostia lotu ahal izateko.

“Jarrai dezagun elkarrekin eraikitzen ekonomikoki erresilienteagoa den Lurralde bat, sozialki justuagoa eta ingurumenaren aldetik jasangarriagoa dena” – amaitu du.

Lehendakariak ez ezik, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko lehendakariak, Iparraldeko lehendakariak, Hendaiako auzapezak, SNFC Garesko zuzendari nagusiak, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko lehendakariak eta Pirinio Atlantikoetako Prefetak ere parte hartu dute.

Geltoki berria

Euskotrenen Hendaiako geltoki berria da elkartruke multimodalerako zentro  honen funtsezko piezetako bat. Euskotrenen terminal berria, Euskal Trenbide Sareak egina aurreko enpresaren azaleraren bikoitza da: 84 metro koadroko azalera izatetik gaur egun 198 metro koadrokoa izatera igaro da. Era berean, 1,9 metroko zabalera duen alboko nasak 4 metroko zabalera eta 91 metroko luzera duen erdiko nasa izatera igaro da. Trenbideak bikoizteak bigarren tren bat aparkatzea eta maiztasuna handitzeko aukera ere ematen du.

Obra horiek segurtasuna areagotzen dute, irisgarritasuna hobetzen dute eta Frantziako trenbideekiko intermodalitatea errazten dute. Proiektu hori, hain zuzen ere, Frantziako Trenbideen Sozietate Nazionalak (SNCF) eta ETSk 2017ko abenduaren 20an sinatutako hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da.

Geltoki berrirako sarbideak hirigintza-proiektu berrira egokitu behar izan dira; izan ere, mugez gaindiko mugikortasuna garatzeko Europako proiektu baten (POCTEFA Funtsa) zati gisa garatu da bi tren geltokien (SNCFko Garea eta Euskotreneko geltokia) ingurunea berrurbanizatzeko asmo handiko plan hau.