Departamento de Desarrollo Económico, Sostenibilidad y Medio Ambiente

Lehendakariak Burtsan kotizatzearen abantailei buruzko foroari amaiera emango du

2022-06-28

  • Burtsan kotizatzearen abantailei buruzko foro batean, Iñigo Urkulluk euskal enpresa-sarearen aniztasunera egokitutako finantzaketa-formulak aldarrikatu ditu

 

Lehendakariak eman dio amaiera gaur eguerdian “Burtsan kotizatzearen abantailei buruzko foroari, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV) eta BMEk (Espainiako Burtsak eta Merkatuak) antolatuta. Bertan, finantza-ekosistema bat defendatu du, enpresei irtenbide eraginkorrak eskainiko dizkiena inbertsio-proiektuei ekin ahal izateko, eta euskal enpresa-sarearen aniztasunari egokitutako finantzaketa-formulak emango dituena. "Gure erantzuna, Jaurlaritzatik eta euskal erakundeetatik, finantza-ekosistema arinagoa, malguagoa eta askotarikoa artikulatzen laguntzea da", esan du.

Iñigo Urkulluk adierazi du euskal eredu ekonomikoaren ezaugarri eta indarguneetako bat kultura ekintzailea eta enpresa txiki eta ertainen presentzia handia direla, eta enpresa horiek beren beharretara ondoen egokitzen den finantzaketa-modua oztoporik gabe eskura dezaten erraztearen alde agertu da.

Bere ustez, kapitalizazio urriko enpresetara bideratutako merkatuak “ezkutuko txapeldun” izeneko enpresentzat kapitala eskuratzeko plataforma izan daitezke. Hogeita hamar inguru dauzkagu identifikatuta, eta tamaina ertaineko enpresak dira, nitxo oso zehatzetan jarduten dutenak, eta merkatu-kuotan Europako edo munduko lidergo-postuetara iristea lortu dutenak. Adierazi duenez, finantzaketa-premia bereziak dituzte lehiakortasun-posizionamenduari eusteko.

Lehendakariak, bere hitzaldiaren beste une batean, Jaurlaritza prestatzen ari den Finantzen Euskal Institutuaren lege-proiektua aipatu du, erakunde horrek euskal enpresa-sare osoaren kapitalerako sarbidea erraztuko duten finantzaketa-tresna berritzaileak sustatzen jarrai dezan.