Javier Hurtado sailburua: "Adimen Turistikoaren Sistema datuen azterketa sakona egiteko plataforma bat da, eta turismo-kudeatzaile publiko eta pribatuen zerbitzura dihardu"

2022-10-10

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Adimen Turistikoaren Sistema biltzen duen plataforma berria, Euskadiko Behatoki Turistikoarena, aurkeztu du gaur. Sailburuak azaldu duenez, Euskadi jasangarritasun turistikoan erreferentzia bihurtzeko apustuari erantzuten dio Euskadiko Behatoki Turistikoak. “Hori dela eta, errealitate turistikoari buruzko ezagutza hobetzeko sistemen ezarpena eta errealitate hori gure helburu estrategikoetara egokitzen laguntzeko metodologiaren eta teknologiaren aplikazioa bultzatu ditugu".

Bi proiektu estrategikok lagundu dute helburu hori lortzen. Alde batetik, Helmuga Turistiko Adimendunaren (HTA) proiektua. Proiektu horren bidez lantzen den zeharkako kudeaketa turistikoko eredua 5 ardatzetan oinarrituta dago (berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna, irisgarritasuna eta gobernantza). Funtsean, Helmuga Turistiko Adimendunaren programa udalerrietarako pentsatuta zegoen, eta “EAEko 3 hiriburuetako proiektuak koordinatzen hasi ginen. Baina beste urrats bat egin nahi izan genuen, eta Segittur sozietatearekin lan egin genuen Helmuga Turistiko Adimendunaren metodologia eskualdeetara zabal zedin. Proiektu hori ibilbide-orria izan daiteke bide horri ekin nahi dioten eta Euskadiko esperientzia partekatu nahi duten beste erkidego eta lurralde batzuentzat”.

Bigarren lan-proiektu handia gaur aurkeztutako Adimen Turistikoaren Sistema da. “Helmuga jasangarria eta adimenduna da datuen bidez abangoardiako azpiegitura teknologiko batean oinarrituta finkatzen dena, horren bidez lurralde turistikoaren garapen jasangarria eta guztiontzat irisgarria bermatzen duena, helmugako esperientziaren kalitatea areagotzen duena eta, aldi berean, egoiliarraren bizi-kalitatea hobetzen duena”.

Adimen Turistikoaren Sistema lurraldearen premien eta idiosinkrasiaren arabera hautatzen diren hainbat informazio-iturriren azterketa sakonean oinarritutako tresna bat da. Sistemak informazioa kargatu, prozesatu eta aztertu egiten du, eta informazio hori ezagutza baliagarri, garrantzitsu, sistematizatu eta ordenatu bihurtzen du, helmugako kudeatzailearen eta bertako eragile guztien zerbitzura jartzeko.

Beraz, Adimen Turistikoaren Sistema, Euskadiko Behatoki Turistikoaren parte gisa, helmugako enpresa eta kudeatzaile publiko eta pribatuei zuzenduta dago, produkzio-ahalmena handitzea, lehiakortasuna bultzatzea eta jarduera turistikoa sustatzeko ekintzen itzulera ebaluatzea ahalbidetuko duten erabakiak hartzeko. Bestalde, lagungarria da bisitarientzako prestazioak gehitzeko, eta, horretarako, eskaintza eskakizun eta premia berrietara egokitzen du.

 “Helburua da datuak demokratizatzea, hau da, erakunde batean datuak ahalik eta jende gehienaren eskura jartzea. Eta, hemen, lurralde batera, erakunde talde batera, sektore batera, komunikabide batzuetara eta datuen beharra izan dezaketen eta haien onuradun izan daitezkeen herritarrengana zabaltzen dugu. Ez dugu daturik galdu behar, aukerak galduko baititugu horrela”.

Aurkezpenean, sailburuak Behatokiaren ahalmenak erakutsi ditu. Behatokiak lurraldearen eta denboraren arabera bereiz daitezkeen hainbat iturritako azterlanak, txostenak eta turismo-adierazleak ditu oinarri. Horrela, beraz, sarrerei, ostatu-gauei, okupazioari eta batez besteko egonaldiari buruzko datuak eta beste datu kuantitatibo batzuk (hala nola merkatuen sailkapena eta helmugen arteko konparazioak) kontsulta daitezke. Sistemak, gainera, Euskadira iristen diren bisitarien profila eta portaera aztertzen ditu, eta ospe-azterketak (entzute aktiboaren bidez) eta beste hainbat adierazle garrantzitsu (hala nola enplegua, gastu turistikoa edo turismo-bulegoen datuak) biltzen ditu.

 “Adimen Turistikoaren Sistema etengabeko hobekuntza-prozesu batean dagoen tresna bizia da, eta adierazle eta ahalmen berriak gaineratuko dizkiogu. Horretarako, gainerako administrazioen eta sektorearen laguntza izango dugu, erabilera anitzeko plataforma bat osatu dezagun”, amaitu du sailburuak.

https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/observatorio-vasco-turismo/