H5N1 azpimotako patogenotasun handiko hegazti-gripearen (PHHG) beste kasu bat baieztatu dute Aiako Harrian jaso duten beste sai arre batengan

Buitre_leonado.jpg

2022-05-26

Birusa ez da arriskutsua hegazti jatorriko elikagaiak kontsumitzen dituzten pertsonentzat.

Euskal administrazioak eta hegazti-sektoreak eskortako hegaztiak babesteko beharrezko neurriak indartu dituzte.

H5N1 azpimotako patogenotasun handiko hegazti gripearen (PHHG) beste kasu bat aurkitu da Aiako Harrian (Irun) jaso duten sai arre batengan; hortaz, hiru kasu baieztatu dira. Gogorarazi behar da hilaren erdialdean lehen aldiz hauteman zela Azpeitia eta Beasain artean Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek jaso zuten sai arre batengan. Animalia Urnietako (Gipuzkoa) Arizmendiko basa-fauna berreskuratzeko zentrora eraman zuten. Bertan beste hiru sai arrerekin kontaktuan egon zen, eta horietako bat kutsatu eta hil egin zen.

Frantzian hainbat kasu hautematearen ondorioz azken hilabeteetan zaintza-lan zorrotzak egin dira, eta horiei esker detektatu da. Zaintza-lanak areagotu egin dira hiru lurralde historikoetan azkeneko kasuak hauteman ondoren eta, bereziki, arrisku handiagoko eremuetan, hala nola hezeguneak edo hegaztiak biltzen diren beste eremu batzuk.

Halaber, hegazti-sektorea, hiru foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako animalien osasunaren arloko agintaritza eskudunekin lankidetzan, honako hau egiten ari da:

• Animalien egoera klinikoa egiaztatu, infekzioaren diagnostiko goiztiarra egiteko.
• Hegazti-ustiapenen biosegurtasun neurriak indartu, bereziki hegazti basatiekin kontaktua ekiditea helburu dutenak. Horien artean, etxe-hegaztiak konfinatzea gomendatu da.

Autokontsumorako hegaztien jabeei ere aplikatu behar zaizkien neurri horiek beharrezkoak dira. Gaixotasun hori ez da arriskutsua pertsonentzat, baina sektorean galera ekonomikoak eragiten ditu; izan ere, ustiategi batean hegazti gripearen kasuak atzematen badira, ustiategiko hegazti guztiak hil behar dira.

Hegazti-gripea gaixotasun birikoa da, eta, gehienetan, hegaztiei baino ez die eragiten. Birus horren andui batzuk oso patogenoak dira, oso-oso kutsakorrak hegazti espezien artean, eta hilkortasun-tasa handia izaten da kutsatutako hegaztien artean. Espainiako patogenotasun handiko hegazti-gripearen (PHHG) egungo olatu epizootikoan H5N1 azpimota da nagusi. Espainian, joan den urtarrilaren 1etik aurrera, PHHGren 31 foku jakinarazi dira eskortako hegaztietan eta 37 kasu hegazti basatietan. Europan, berriz, 2021eko udazkenaz geroztik, birus horren 4.500 foku baino gehiago detektatu dira. Euskadin ez zen hegazti gripearen fokurik detektatu duela 15 urte baino gehiagotik.

Hegaztien haragia, arrautzak, gibel-orea edo hegaztiz egindako edozein elikagai kontsumitzea ez da arriskutsua pertsonentzat, ez eta kutsatuta egonda ere.

Gaur egun, oilo erruleen 83 ustiategi daude Euskadin, eta urtean milioi bat arrautza baino gehiago ekoizten dituzte. Haragiaren ekoizpenari dagokionez, Euskadin oilaskoen 65 ustiategi daude (250.000 hegazti) eta beste hegazti espezie batzuen ehun bat ustiategi (indioilarrak, ahateak, antzarak, ostrukak, emuak, galeperrak, eperrak, etab.)

Hegazti Gripeari buruzko mikrosite-a