Egoitza elektronikoa

Gobernu Kontseiluak Euskadiko bizigarritasunari eta diseinu-arauei buruzko Dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2022-6-28)

fotoconsejo.jpg

2022-06-28

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituen Dekretua onartu du. Iñaki Arriola sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzek eta zuzkidura-bizitokiek eta horiek hartzen dituzten eta batik bat bizitegi-erabilera duten eraikinek bete behar dituzten gutxieneko eraikuntza- eta bizigarritasun-baldintzak modu bateratuan jasotzen dituen autonomia-esparruko lehen arauaren ildo estrategikoen berri eman du. Dekretuaren helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzaren estandarrak hobetzea eta handitzea.

Dekretuari esker, egungo etxebizitza zurrun baina erreformagarritik, etxebizitza aldakor eta malgura jauzi egingo da, hau da, etxebizitzaren banaketa aldatzeko eta bertan bizi direnen bizitzako etapetara egokitzeko aukera emango duen etxebizitzara jauzi egingo da. Izatez, Dekretuak honako alderdi hauek arautzen ditu: neurriak, banaketa eta orientazioa; kanpoko espazioak eta egonlekuak; erosotasun termikoa; ekipamendua; osasungarritasuna; argiztapen naturala; jasangarritasuna; irisgarritasuna; segurtasuna; erabilera; eta mantentze-lanak.

Etxebizitzaren tamaina eta espazioak eta bizikidetza-unitatearen ezaugarriak lotzen ditu. Etxebizitza, gutxienez, bi pertsonak okupatzeko modukoa izango da, eta gutxienez 35 m²-ko azalera erabilgarria izango du (25 m² pertsona batek okupatzen dituen zuzkidura-bizitokien kasuan). Gainera, beste 4 m², gutxienez, izango ditu terraza kontzeptu gisa.

Kanpo-espazioaren kontzeptua hala finkatzen da gutxieneko etxebizitza-programan. Gainera, proiektu berrietan txerta daitezen errazte aldera, 10 m² bitarteko kanpoko espazioek ez dute eraikigarritasunari dagokionez konputatuko.  

Dekretuak proposatzen du, halaber, espazio horiek neurri bereko begiratoki itxi batez ordezkatu ahal izatea, betiere plangintzak horretarako aukera ematen duenean, edo, are gehiago, espazio horiek alde batera utzi ahal izatea. Alabaina, azken kasu horretan, eta arauak terraza eta balkoiak ezartzeari ematen dio garrantziaren ildotik, etxebizitzaren egoteko espazioa 8 m² handitu beharko da gutxienez, eta azalera hori ondorio guztietarako konputagarria izango da.  

Arauak irisgarritasun unibertsalaren irizpideetan sakontzen du, eta dagoeneko derrigorrezkoa den horretan aurrerapenak sartzen ditu, hala nola, eraikineko ibilbide eta espazio guztietarako sarbide librea bermatzea eta sustapen berri bakoitzean mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako etxebizitza-erreserba egitea. Horrez gain, gela bakoitzean (sukaldea, jangela-egongela, komuna eta, gutxienez, gela bat) gutxieneko neurri batzuk bete beharko dira, gerora sortutako mugikortasun murriztua duten pertsonek erabili ahal izan ditzaten edo, bestela, doikuntza txiki batzuekin egokitu ahal izan daitezen. Horrela, etxebizitza guztiak erraz egokitu daitezkeela bermatuko da, eta jauzi kualitatibo garrantzitsua izango da hori.

Dekretuaren beste ekarpen bat da ohiko konfigurazio bereizia eta konpartimentatua apurtzen duen etxebizitzaren deshierarkizazioa, hau da, logela nagusi bat, zabala eta bigarren mailako beste bat edo batzuk, askoz txikiagoak (6 m²-koak batzuetan) aintzat hartzen dituen konfigurazio tradizionala apurtzen duena. Arau berriak ezartzen du logela guztiek gutxienez 10 m² izango dutela, edo 11,5 metro gutxienez biltegiratze-espazioa ere barne hartzen badute. Soilik hirugarren logela batek, halakorik badago, izan dezake 8,5 m², baldin eta  egongelari aparteko beste 3 metro gehitzen bazaizkio.

Halaber, eraikinen eta etxebizitzen diseinuari genero-ikuspegia txertatu zaio, eta, hartara, atarietan eta eremu komunetan segurtasunik eza sortzen duten zoko eta angelu itsuak saihestuko dira, eta jangela-sukaldea espazioa ahalik eta gehien integratuko da, etxeko lanak ikus daitezen eta familia-unitate osoak parteka ditzan.

Beste gai batzuk ere arautzen dira, hala nola etxebizitzen eguzkialdi egokirako orientazioa, komun kopurua eta gela komunen gutxieneko azalera (sukaldea, jantokia edo egongela), etxebizitzaren gela kopuruaren arabera handitzen direnak. Ildo horretatik, sukaldearen gutxieneko neurria 7 m²-koa izango da (babes ofizialeko etxebizitzetarako jada eskatzen zena); egongelarena eta komunena, berriz, 13 m²-koa eta 3,5 m²-koa izango da, hurrenez hurren.

Logela kopurua

Komun kopurua

Sukaldea (m2)

Sukaldea + Jangela (m2)

Egongela (m2)

Egongela + Jangela (m2)

Egongela + Jangela + Sukaldea
(m2)

1

1

7

11

13

14

20

2

1

8

13

14

16

22

3

2

9

14

16

18

24

4

2

10

16

18

20

26

5 edo gehiago

2

12

18

20

22

28

Bizigarritasunari buruzko Dekretuan ezarritako espazioen gutxieneko azalerak eta dimentsioak

Gainera, erregelamendu bidez garatzen ditu 2015eko Etxebizitzari buruzko Legean jasotako etxebizitzen gehiegizko okupazioa eta bizigarritasunik ezaren deklarazioa.

Dokumentuan jasotzen diren baldintza horiek guztiak aplikatuko zaizkie lehendik dauden eta zaharberritu behar diren etxebizitza eta zuzkidura-bizitokiei, eraikuntza berrikoei eta horiek hartzen dituzten eraikinei, sustapen publikokoak izan edo pribatukoak izan, libreak izan edo babestuak izan.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 90 egunetara sartuko da indarrean Dekretua. Udalerri guztiek 3 urteko epean eguneratu beharko dituzte beren plangintzak eta eraikuntza-ordenantza osagarriak, dekretu hau bete dadin.