Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Gastronomia, Garapen Jasangarrirako Helburuen eragile

IMG20220912183159.jpg

2022-09-12

Txostenak Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan (GJH) gastronomiak egiten duen ekarpena identifikatzen du, ekimen konkretu batzuk azalduz, eta zehazten du haietako 11 elikadurarekin zuzenean lotuta daudela eta beste 6 helburuak, berriz, elikadura-sistemekin.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak,  Bittor Orozek Basque Culinary Center-ek eta Iberoamerikako Idazkaritza Nagusia-k (SEGIB) egindako "Gastronomiak Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko egiten duen ekarpena" txostena aurkeztu du gaur arratsaldean Madrilen.

Txostenak dioenez, gastronomia eta elikadura GJHei ekarpena egiteko funtsezko sektoreak dira gaur egungo gizarteak garatzeko, eta eragin handia du kulturan, gizartean, ekonomian eta ingurumenean.

Oroz sailburuordeak nekazaritzako elikagaien sektoreak garapen jasangarriari egiten dion ekarpenean duen eragina azpimarratu du, herritarren oinarrizko beharretako bati erantzuten baitio, hau da, elikadurarako sarbideari. Eta azpimarratzekoa da Euskadik aktiboki lan egiten duela elikadura-eredua eredu jasangarriago eta bidezkoago bihurtzeko.

Azterketak hezkuntza bezalako alderdietan ere eragiten du, norberaren eta planetaren osasunarekin eta ongizatearekin zuzenean lotzen baitu. Era berean, gastronomia zirkularra eta jasangarria izatea defendatzen da, baliabide naturalen agortzearen aurrean, baliabide horiek gastronomiaren insumo eta energia baitira.

Azterlanean adierazi da, halaber, beharrezkoa dela industria horren inguruan lan egiten duten gizon-emakumeen lan-baldintzak hobetzea, lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera izan dezaten. Ogibideari balioa eman beharra ere agerikoa da, komunitateak gastronomia lan-irteera on gisa ikusten jarrai dezan.

Ildo horretan, Oroz sailburuordeak adierazi du elikadura merkatu gorakorra dela, enplegua eta balio erantsia sortzen dituena, eta trakzio-gaitasun handia duela, bereziki lehen sektorean eta bertako produktuetan. Gastronomia- eta elikagaigintza-sektorea BPGren % 10,7 da Euskadin, eta 96.000 lanpostu sortzen ditu.