Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Garraio Sailak Boluetako tranbia Kukullagara luzatzeko eraikuntza-proiektua lizitatu du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak lizitaziora atera du Boluetako tranbia Etxebarrin dagoen Kukullagara luzatzeko eraikuntza-proiektua. Azterlanak tarteko geraleku bat jasoko du beilatokiaren parean, Bilboko irteeran. 

Trazadura Durango eta Bilbo lotzen zituen trenbidearen gainetik igaroko da, eta, beraz, lan gehienak tarte hori tranbiarako egokitzera bideratuko dira. Ia bi kilometro horiek martxan jarrita, Bizkaiko hiriburuko tranbia-sareak 10 kilometro inguru izango ditu, eta beste bi geraleku: Beilatokikoa eta Kukullagakoa. Los Cañosen aurreikusitakoa gehituta, tranbiak 19 geltoki izango ditu guztira. 

Lehiaketa publikora aurkezten diren ingeniaritza enpresek proiektuak idazteko gehienez 150.000 euroko aurrekontua eta 10 hilabeteko epea izango dituzte. Horietan hirigintza integrazio proposamenak jaso beharko dira, Telleria kalearen eta Ibarsusibidearen artean dagoen eremuari arreta berezia eskainiz, haien arteko lotura bilatzeko helburuarekin. 

Horrez gain, alboko nasak izango dituen geraleku bat eraikitzea ere aurreikusi beharko da, gaur egun Boluetan dagoen geralekutik 700 metrora, Lezama Legizamon poligonoan dagoen beilatokiaren inguruan. Tranbiaren amaierako geltoki berria 1.100 metro aurrerago egongo da, Etxebarriko Kukullagako terminalean, eta, gainera, Bilboko metroaren 3. linearekiko intermodua egingo du. Azterlanak zehaztu beharko du geraleku hori Kukullagakoan zelan txertatuko den. 

Jarduketa faseka egin liteke, lehenengo lehenbiziko geralekua eraikiz, izan ere, Kukullagara iristeko beharrezkoak diren eta gaur egun, behin betiko kotxetegiak eraiki arte, Euskotrenen unitateek hartzen dituzten trenbideak libre utzi behar dira. Aurretik, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza- eta finantzaketa-hitzarmena sinatu beharko da, Bizkaiko hiriburuan tranbia sarea luzatzeko orain arte egin den bezala.