Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Florida kalean sareko gainerako adarrekin bat egin eta tranbia Sailburuaraino luzatzeko lanak prestatzen ari da ETS

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa, tranbia Salburuara luzatzeko lanak prestatzen ari da. Florida kalean Gasteizko sareko gainerako adarrekin lotuz egingo da luzapena. Horretarako, astelehenetik, hilaren 27tik, aurrera arteria horren eta Jose Lejarreta kalearen arteko elkargunea moztu egingo du. Lan horiek ekainaren amaieratik irailaren hasierara egingo dira, eskolako oporraldiarekin batera, herritarrei eragozpenak arintzeko.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, Ramiro González ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, obrak bisitatu dituzte gaur goizean. Lanek 24,8 milioi euroko aurrekontua dute (obra zibilak 15,5), eta %65a Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du. Gainerako %35a Udalak eta Arabako Foru Aldundiak erdibana finantzatuko dute.

ETSko obra-zuzendariak azaldu duenez, tranbiaren plataforma egokitzeko lanen eragina jasan duten bideetan sortutako ia aldaketa guztiak eginda daude dagoeneko. Florida kalean, Iliada pasealekuan eta Salburuako bulebarrean ibilgailuen trafikorako galtzadek hartzen duten eremua murriztu egin dela ikusi da, eta tranbiak hartuko duen espazioa, bidegorri-zati berriak eta espaloiak handitu egin direla.

Tranbiaren plataformaren eraikuntza eta trenbidearen muntaketa oso aurreratuta daude. Une honetan tranbiaren trazadurarekin lotzeko Florida kalean dagoen tarteaz gain, trenbideen muntaketa osoa osatzeko, Iliada eta Salburua kaleen arteko eta Aerodromoko pasealekuaren eta martxoaren 8ko etorbidearen arteko tarte batzuk baino ez dira geratzen.

Obraren hurrengo mugarria, hain zuzen ere, trazadura berria eta tranbia sarearen gainerako zatia lotzeko lanak izango dira. Lan horien ondorioz, Florida kalearekin lotura duen tartean Jose Lejarreta kalea moztu egin beharko da, eta ibilbide alternatiboak erabili beharko dira datorren ekainaren 27tik iraila ingurura arte.

Bestalde, tranbiaren bost geraleku berrien eraikuntza oso aurreratuta dago. La Unionekoa eta Santa Luziakoa nabarmendu behar dira, horietan markesinak jarrita baitaude jadanik. Era berean, obren eragina jasan duen ingurua urbanizatzeko lanek aurrera jarraitzen dute, bai eta lorategiak eta gune berdeak egokitzeko lanek ere, trazaduraren %95 bide berdean egingo baita. Horrela, trazadura berria 2,5 kilometro izango da luze, eta 70.860 metro karratuko urbanizazio berria ekarriko du. Horietatik ia 22.000 tranbiaren trazadurari berari dagozkio, bost geltokiekin: Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Union eta Salburua. Alboetako nasekin diseinatu dira, eta guztira 50 metroko luzera (sartzeko arrapalak barne), 3,5 metroko zabalera eta 25 zentimetroko altuera izango dute.

Jarduketa horiek guztiek obra zibila abenduan amaitzeko aukera emango dute, dena aurreikusitakoaren arabera badoa. Gabonetatik bueltan, Euskotren tranbiaren unitateekin probak egiten hasiko da, azpiegitura berria datorren udaberrian martxan jarri ahal izateko.

Tranbia luzatzeak hiriaren ekialdean dauden auzoen zuzeneko lotura hobetzea ahalbidetuko du. Hain zuzen ere, Santa Luzia eta Salburua erdigunearekin, Lakuako autobus-geltokiarekin eta egun dauden lineen zerbitzua jasotzen duten guneekin. Auzo horiek Hegoaldearekin eta EHUko campusarekin lotzeko aukera ere emango du.

Santa Luzian egongo den geralekuan, Iñaki Arriola sailburua pozik agertu da obren garapen egokia ikusita eta “Gasteizko hiri-mugikortasuna egituratu duen garraiobidearen adar berriaren” lekuko izateagatik. “Garraiobide horren inguruan beste sistema osagarri batzuk garatu dira”. Horrela, hiriko tranbia sarearen hazkundea eta arrakasta “beste leku batzuetan imitatu beharreko eredua direla” nabarmendu du.

Sailburuaren iritziz, Gasteizko tranbia bat dator bere sailak sustatu duen Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Lege Proiektuaren ildo estrategikoekin. Lege proiektu horren bitartez, garraio-sistema irisgarriak sustatu nahi dira, ingurumen-eragina murrizteko, mugikortasun aktiboa sustatzeko (oinez edo bizikletaz), ibilgailu pribatuaren aurrean garraio publikoa bultzatzeko, garraio-titulu publikoen elkarreragingarritasuna bultzatzeko, trenbidea sustatzeko eta mugikortasun jasangarriari indarra emateko, autonomia, foru eta udal mailako plangintzaren esparrutik.

Bestalde, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak berretsi du Arabako Foru Aldundia “Gasteizekin konprometituta dagoela, lurralde osoa integratzen eta zerbitzuak ematen dituen hiri gisa garatzearekin. Arabako Foru Aldundiak proiektu hau finantzatzearen asmoa hiriaren izaera horretan aurrera egitea da, Araba osorako gizarte-kohesiorako funtsezko elementua den aldetik”. Hala, argi utzi duenez, Gasteizko tranbia “guztiz arrakastatsua eta beste hiri batzuetarako eredua da, eta luzapen honek lorpen hori sendotu eta zabaldu egingo du”.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, halaber, “duela hamarkada batzuetatik mugikortasun jasangarri eta elektrifikatuaren alde hiria egiten ari den apustua” azpimarratu du. Europak aintzatetsi du apustu hori, eta horren lekuko dira Udalak mugikortasun-proiektuetarako NextGenerationEU funtsetatik jasoko dituen 11,5 milioi euroak.” Hala, orain dela gutxi bultzatutako hainbat proiektu aipatu ditu alkateak, hala nola, “tranbia hegoaldera eta, kasu honetan, Salburuara luzatzea, Bus Elektriko Adimenduna ezartzea, TUVISAren kotxetegi berriak eraikitzea (1. eta 2. faseak), Araba Vitoria-Gasteiz Mobility Lab izenekoa bultzatzea, disuasio-aparkalekuak egiteko plana, bizikleta-sarea hobetzea (170 kilometro baino gehiago ditu, eta beste 8 gehiago egiteko asmoa dago), bizikletentzako VGBiziz aparkaleku seguruen sarea garatzea, edo etorkizunean Behe Emisioen Eremu bat sortzea edo Herrandarren kalean azken miliako “hub” mikrologistiko bat sortzea.”