Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak, pandemia batek eragindako osasun-larrialdi bat gertatuko balitz, euskal erakundeek jarraitu beharreko prozedura ezarri du

Argitalpen-data: 

  • Prozedura berriaren helburua da, Covid-19aren krisian lortutako esperientziatik abiatuta, erakundeen arteko erantzuteko gaitasuna hobetzea, era horretako larrialdi bat berriz gertatzen bada ere

  • Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea, konfigurazio teknikoan eta Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela, gaur eguerdian elkartu da pandemia batek eragindako osasun publikoko larrialdi bat gertatuko balitz, erakundeen artean kudeatzeko ezarriko litzatekeen prozedura berria aztertzeko. Dokumentua Covid-19ak eragindako krisiaren kudeaketan euskal erakundeek lortutako esperientzia zabalean oinarritu da. Helburu nagusia du Eusko Jaurlaritzaren tresna arau-emaileak aldatzea, pandemia-egoera global edo tokiko bat berriz gertatuko balitz, erakundeen artean erantzun koordinatu eta integrala emateko.

    Covid-19ak eragindako osasun-larrialdiko urteetan izandako esperientziaren ostean, euskal erakundeek pandemia honen kudeaketaren hausnarketa- eta analisi-prozesua egin eta partekatu dute, eta baliagarria izan da prozedura tekniko berri bat lantzeko, LABIk, Euskadiko Babes Zibileko Planak, pandemia-egoeren kudeaketari dagokionez jada badugun ezagutzaren araberako erantzuna eman ahal izateko.

    Gaur elkartu den Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea osatzen dute  Lehendakaritzan, Segurtasun eta Osasun sailetan, hiru foru-aldundietan, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartean eta Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkariordetzan lan egiten duten pertsonek. Horiez gainera, bileran izan dira Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea eta Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria.

    Legegintzako konpromisoa

    Testu hau onartzen denean, pandemien ondorio diren osasun publikoko egoera kritikoei aurre egiteko plan espezifiko bat egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa betetzen da.  

    Azken batean, pasa den pandemian hautemandako errealitateen arabera era horretako egoerei aurre egiteko prozedura ezartzen duen agiria da. Horrez gainera, Gobernu Kontseiluan onartuko den testuan erakundeen artean era horretako larrialdiak kudeatzeko prozedura planifikatzen da. Erabilgarri dauden jardunbide eta ebidentzia onenekin eta OMEren eta Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroaren nazioarteko jarraibide eta gomendioekin lerrokaturik dago.  

    Covid-19 Euskadi

    Osasunaren Mundu Erakundearen zuzendari nagusiak 2020ko urtarrilaren 30ean deklaratu zuen Nazioarteko Garrantziko Osasun Publikoko Larrialdia, SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioen hedapenaren ondorioz. Martxoaren 11n OMEk nazioarteko pandemia deklaratu zuen.

    Martxoaren 13an Euskadik Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) aktibatu zuen, eta hurrengo bi urteetan hiru aldiz egon zen aktibatuta guztira 19 hilabetetan.