Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak milioi bat euroz igo ditu euskal industriaren ingurumen-hobekuntzarako proiektuei zuzendutako diru-laguntzak

Argitalpen-data: 

19980114_01_0024.jpg

Eusko Jaurlaritzak guztira 5 milioi euro bideratuko ditu, euskal enpresentzako diru-laguntzen programaren bitartez, ingurumena babesteko inbertsioak egitera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) gaur argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako programa honen urteko deialdia; beraren bitartez, “Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024ko Planean” eta “2030erako EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planean” ezarritako helburuak betetzen lagundu nahi da.

Diru-laguntzen oraingo deialdiaren partida % 25 igo da 2021eko ediziokoaren aldean, eta laguntza-lerro berriak aurreikusten ditu ekodiseinuaren arloko inbertsio eta neurrietarako edo ekoizpen-prozesuaren egokitzapenerako; horren bitartez, hondakinen europar zerrendako material kritikoak eta beste funtsezko metal batzuk murriztu, berrerabili eta birziklatu nahi dira, ekodiseinuaz baliatuz. Gisa berean, laguntzak eskaintzen dira konposatu organiko iraunkorrak arazteko ekipoetara zuzendutako inbertsioetara eta induskatutako lurrak biltegiratzeko erabiliko diren kokaguneak egokitzeko, lur horiek geroago berrerabili edo balorizatzeko.

Euskal enpresei zuzendutako ingurumenaren arloko diru-laguntzen programak mugak jartzen ditu gehienez jaso daitezkeen zenbatekoetarako, enpresa-proiektuaren izaeraren arabera. Hala, diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa 200 mila euro izango dira proiektu eta/edo ekoizpen-zentro bakoitzeko, inbertsioen kasuan eta lurren saneamendurako, eta 50.000 euro eremu horretako azterlanen kasuan. Nolanahi ere, gehieneko zenbateko hori gainditu egin daiteke 2030erako EAEko Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren helburuei dagozkien inbertsioen kasuan, betiere errespetatuz ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak enpresei emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren I. eranskinean ezarritako gehieneko ehunekoak. Hautagaitzak aurkezteko epea uztailaren 6an amaituko da.

2022ko laguntzen deialdia kanpo uzten ditu espresuki, balizko onuradun gisa, Aldi Baterako Enpresa-elkarteak (ABEE), eta ezartzen du aurrekontuaren 5 milioi euroak esleituko direla prozedura arruntaren (3.050.000 euro) eta erraztuaren (1.950.000 euro) bidez, inbertsioaren gehieneko zenbatekoa 6 mila eurotik 80 mila eurora igoz, prozedura arruntaren bidez parte hartzeko, "zuntz-zementu estrukturala ezabatzera zuzendutako jardueren" kasuan.

Ingurumen-onurak

2021eko urriaren 13an, Eusko Jaurlaritzak “Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024rako Plana” onartu zuen. Plan hori Jaurlaritzaren 2020-2024ko XII. Legealdiaren Plan Estrategikoen artean dago. Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024rako Planaren helburuetako bat da BPGaren unitate bakoitzeko sortzen diren hondakinen tasa % 10 murriztea.
Laguntza-programa hau lagungarria da “Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024rako Planean" eta “2030erako EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planean –Hondakinak Baliabide Bihurtzen-“ ezarritako helburuak betetzeko. Enpresen eta administrazioaren arteko lankidetza publiko-pribatu horrek ingurumen-hobekuntzak bultzatzen ditu airearen, uraren eta lurzoruen kalitatean, eta lagungarria da klima-aldaketaren efektuak gelditzeko. 2021eko deialdian, 73 enpresak –gehienak ETEak- aurkeztutako 89 proiektuk lortu zituzten ekonomia zirkularra sustatzera eta ingurumena babestera zuzendutako inbertsioak egiteko laguntzak. Espero diren ingurumen-onuren artean, aurreko laguntza-programak azpimarratu zuen inbertsio horien inpaktuari esker gas kutsagarrien isurketa 20 tonaz jaitsiko dela isurketa lausoen kasuan eta 0,5 tonaz SO2aren kasuan; gainera, urtean 6.366,15 m3 ur aurreztuko dira eta gaur egun kutsatuta edo aldatuta dauden lurzoruen 3,53 Ha lehengoratuko dira ingurumen aldetik.

EHAAn argitaratutako agindua: esteka