Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak mahaiko simulakro batean parte hartuko du Gijonen, eta su hartu duen ferry bateko 450 bat pertsona erreskatatu eta ateratzea izango da ariketa

Argitalpen-data: 

  • Ariketa gaur, asteartea, eta bihar, asteazkena, egingo da, eta Bilboko Portutik 4 miliatara gertatutako istripu hipotetiko batean oinarrituko da
  • Simulakroak itsasoko larrialdietako erakundeen eta organismoen koordinazioa eta eraginkortasuna probatuko ditu

  • Eusko Jaurlaritzak gaur eta bihar Gijongo “Jovellanos” Itsasoko Segurtasun Integralerako Zentroan egingo den mahaiko simulakro batean parte hartuko du. Simulakroa Bilboko Itsas Kapitaintzak bideratuko du eta planteatuko den kasua izango da Bilboko Portutik 4 miliatara su hartu duen ferry batean doazen 450 bat pertsonaren erreskatea eta ebakuazioa. Ariketaren helburua da itsasoko era horretako larrialdietan inplikatutako organismoen koordinazioa eta eraginkortasuna probatzea.

    Eskala handiko salbamendu-operazio hipotetiko bat izango da, Mass Rescue Operation (MRO) izenekoa, eta operatibo erreal bat hedatu ordez, eta lehenbiziko aldiz, zubiko eta larrialdietako bi simuladore erabiliko dituzte eta honako organismo hauek parte hartuko dute: Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Ertzaintzak –ontziak eta aireko baliabideak jarriko ditu–, Itsas Salbamenduko eragileek, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak, Bilboko Portu Agintaritzak, Guardia Zibilak, Gurutze Gorriko zerbitzuek eta Bilboko Portuko Praktikoen zerbitzuak.

    Simulakroan bidaiariak eta tripulazioa erreskatatuko dituzte, sua itzaliko dute, uretara jausitako 3 tripulatzaile erreskatatuko dituzte eta Itsasoko Plan Nazionala jarriko dute abian 2. mailako kutsaduragatik, substantzia arriskutsuak isuri ahal izan direlako. Aldi berean, Bizkaiko Golkoko Planaren alerta-fasea aktibatzea ere aurreikusten da.

    Alde horretatik, Jaurlaritzak Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) eta Biktima Anitzeko Gertakariaren taktika aktibatuko ditu, eta biktimen familiei arreta emateko telefono espezifiko bat gaituko du.

    Biktima Anitzeko Gertakarien taktika aktibatzeak ekarriko du, besteak beste, biktimak lehorrera, batez ere, Bilboko Portura, bertako heliportura eta Santurtziko Kirol Portura eramatea eta bertan osasun-arreta ematea, bai eta eragindako pertsonei eta horien familiei laguntza psikosoziala ematea ere larrialdiak eragindako trauma arintzeko; esparru horretan aparteko garrantzia du harremanetarako pertsona deitzen denak.

    Simulakrorik ohikoenekin (pertsonak bilatzeko eta salbatzeko operazioak) alderatuta, Mass Rescue Operation (MRO) ariketak ez dira hain ohikoak, baina horrek ez du esan nahi era horretako larrialdiak ez direnik sarri gertatzen munduan. Horregatik jarri behar izaten dira praktikan era horretako operazioetarako aurreikusitako planak eta horregatik da garrantzitsua erantzuna ematean gerta litezkeen koordinazio eta eraginkortasun akatsak aztertzea, erantzun zuhurragoa izaten baita mahaiko ariketa bat izanik.