Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak larrialdietako zerbitzuen laguntza behar duten pertsonen deiak lokalizatzeko Advance Mobile Location (AML) sistema sartu du

Argitalpen-data: 

  • Sistema berriak 112ra deitzen duen pertsonaren kokapena zehazten du 15-20 bat metroko inguruan
  • Sistemaren ezarpenak azkarrago jarduteko aukera emango die larrialdietako zerbitzuei

  • Eusko Jaurlaritzak larrialdietako zerbitzuen laguntza behar duten pertsonen deiak lokalizatzeko Advance Mobile Location (AML) sistema berria ezarri du SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan. Horri esker larrialdietako zerbitzuek azkarrago jardun ahal izango dute, 112ra deitzen duen pertsonaren kokapena 15-20 bat metroko inguruan zehazteko gai baita. 

    Horrekin larrialdietako 112 telefono bakarrera egin ohi diren deiak lokalizatzeko sistema automatikoa ordezkatuko da. Orain arteko sistema mugikorren operadoreek, antenen kokapenaren eta telefonoek antena horietara egiten zituzten konexioen arabera, ematen zuten informazioan oinarritzen zen, eta pertsonaren kokapena hiri-inguruetan 2-5 kilometroko eremuan eta landa-eremuan 40-50 kilometroko inguruan zehazten zuen. 

    Sistema berria telefono adimendunen propietateetan oinarritzen da; izan ere, erabiltzaileak 112ra deitu duela hautematen dutenean, automatikoki aktibatzen dituzte posizioa kalkulatzeko funtzioak. Kalkuluak GPSaren, inguruko wifi puntuen eta mugikorren operadoreen antenen bidez egiten dituzte, eta hauek posizioa identifikatzen dute eta mezu bat bidaltzen dute kokapenaren koordenatuekin sorospen-deia hartu duen zerbitzura. Horrek esan nahi du SOS Deiak zerbitzuko koordinazio-gelan komunikazioa ezartzen den unean bertan jasotzen direla deia eta lokalizazioaren datuak. 

    AML sistemak badu beste propietate bat ere: datuak segundotan eguneratzen dira, eta laguntza behar duen pertsonaren kokapena gero eta gehiago zehazten eta doitzen joaten da. 

    AML sistema larrialdiak koordinatzeko Estatuko zentro guztietan egongo da abian, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritzaren eta Barne Arazoetarako eta Gai Ekonomikoetako eta Eraldaketa Digitaleko ministerioen laguntzaz.