Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak eta HAZIk Euskadiko edarien sektorearekin batera aztertu dute egoera berria eta ekitaldi honetarako aurreikusitako babes-lerroak azaldu dituzte

Argitalpen-data: 

Edarien esportazio-datuek eboluzio positiboa izan dute, % 8,4 hazi dira eta 225 milioi eurora iritsi dira, pandemia eta merkataritza-arloko beste mehatxu batzuk egon arren.

_DSC8561.jpg

Eusko Jaurlaritzak 21/22 ekitaldietan edarien sektorera 110 milioi euro bideratu ditu, babes- eta sustapen-programen bidez (3,1 milioi), dirulaguntzen bidez (20,5 milioi) eta finantzaketa-lerroen bidez (90 milioi).

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua izan da Ardoa Basque Wine Office-eko Zuzendaritza Batzordearen buru; Batzorde horretan edarien sektoreko (ardoa, garagardoa, sagardoa eta likoreak) enpresetako ordezkari ugari, erakundeetako ordezkariak eta enpresa erakundeetakoak izan dira.

Tapiak topaketa honetan bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu egoera eta behar berriak, pandemia-egoera pixkanaka hobetzen ari denez murrizketak amaitu diren honetan, eta Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren eragina ezagutzeko aukera ere izan du, nahiz eta Euskadik merkatu horietara oso ardo gutxi esportatzen duen (esportazio guztien % 0,2) eta oraingoz ez den eragin nabarmenik aurreikusten.

Erasanik handiena sagardoaren eta pentsuen sektorean izango du, nahiz eta nahiko eragin txikia izango duen (% 3,5 eta % 1,6koa, hurrenez hurren, Errusiaren kasuan, eta % 1,7 eta % 0,5ekoa, Ukrainaren kasuan).

Bileran izan dira, halaber, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea eta Peli Manterola HAZIko zuzendari nagusia.

Sektoreko datuak

Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, gaur egun sektorean 562 enpresa daude; horietatik 367 (guztizkoaren % 65) Arabako Errioxako upategiak dira, 84 (% 15) sagardo naturala ekoizten dutenak, 75 txakolin-ekoizleak (% 13), 20 (% 4) garagardo-ekoizleak eta gainerakoek mahaiko ardoak eta zenbait likore ekoizten dituzte. Guztira 86 milioi litro inguru merkaturatzen dira, eta horietatik 68,5 milioi litro Arabako Errioxako ardoak dira; 10,8 milioi litro sagardo naturala; txakolinaren 5 milioi litro inguru merkaturatzen dira eta garagardoarenak 1,5 milioi litro.

Orain arte 263 enpresak egin dute bat Basque Wine bereizgarriarekin; 119 Araba Errioxako upategiak dira, 77 txakolin-upategiak, 50 sagardoarenak eta 17 garagardoarenak.

Sektoreak 2021ean izandako esportazio-jarduerari dagokionez, Euskaditik egiten diren ardo-esportazioak balioan hazi ziren hirugarren urtez jarraian eta maximo historikoak lortu zituzten, 225,3 milioi euro, hau da, aurreko urtearekin alderatuz gero % 8,4ko hazkundea izan zuten. Esportatutako bolumenak aurre egin zion pandemiak baldintzatutako 2020 zail bati, merkataritza-arloko beste mehatxu batzuk ere egon ziren arren, eta 52,7 milioi litrora arte hazi zen, lau urtez jaitsi ondoren. Batez besteko prezioa egonkor mantendu zen, 4,27 €/litroko, hau da, 2020koa (orain arteko altuena) baino zentimo bat gutxiago.

Esportazioen motorra jatorri-deiturarekin ontziratutako ardoa da, balio erantsi handiko produktua; bolumenaren % 64arekin eta guztizko fakturazioaren % 85ekin maximo historikoak lortu zituena 2021ean bi kasuetan, 33,8 milioi litrorekin (+% 9,1) eta 191,6 milioi eurorekin (+6,5). Ardo beltzak eta gorriak izan dira, zalantzarik gabe, jatorri-deitura duten ontziratutako ardoen esportazioen buru, eta ardo zuriaren esportazioak esponentzialki hazten ari dira.

Merkatuei dagokienez, Erresuma Batua izan zen ontziratutako JDB euskal ardo gehien inportatu zuena, 10,2 milioi litro (+% 17,2) eta 39 milioi euro (+% 1,4), 2021ean merkaturatutako bolumenaren % 30 baino apur bat gehiago eta guztizko balioaren % 20 baino gehiago. Aldiz, Estatu Batuek (-% 12,1) eta Suitzak (-% 9,7) kuota galdu dute merkatuko bigarren eta hirugarren izan arren bolumenean, 3,2 eta 3,1 litrorekin, hurrenez hurren.

Datuek adierazten dutenez, laugarren postuan sendotu da Alemania, bolumenean % 21,3 hazi baita eta balioan % 11,3, hau da, 3 milioi litrora eta 17,3 milioi eurora iritsi da. Hazi egin dira Suedia, Kanada, Herbehereak edo Irlandara egindako esportazioak, eta erritmo onean errekuperatzen ari dira Txinan eta Mexikon, 2020a oso txarra izan ondoren.

2021eko jarduketak

Topaketan, gainera, sektoreko ordezkariek orain arte Ardoa Basque Wine Office bulegoaren babespean garatutako babes-ekintzei buruzko informazioa jaso dute. Bulego hori Eusko Jaurlaritzak koordinatzen du Haziren zuzendaritza teknikoarekin, eta haren xedea da Euskadiko edarien industria-ehuna osatzen duten markak sustatu eta haien promozioa egitea. Horrekin batera, datozen hilabeteetarako aurreikusitako ekintzei buruzko informazioa ere jaso dute.

Orain arte egindakoaren artean, hainbat programa nabarmendu dira, besteak beste honako hauek:

  • Mugagabe Ardoa, berrikuntza komertzialari laguntzeko. 700.000 euroko zuzkidura du, eta 155 espediente onetsi ditu 2020ko maiatzaren eta 2021eko otsailaren artean.
  • Onegin bonuak. Produktuak bonuen bidez sustatzeko. Urtebetean 9.606 bonu egin dira, 1,5 milioi euroko zenbatekoarekin.
  • Onekin programak 900.000 euro bideratu ditu berrikuntza eta digitalizazioaren laguntzara. 116 espediente onetsi dira.

Sustapen-jarduerei dagokienez, BasqueWine sustapen-markaren erregistroa, BasqueWine lizentzia-programa eta basquewine.eus webgunea abian jartzea nabarmentzen dira. Horrez gain, “Gure Ostalaritzan, Basque Wine” ekimena dago, ostalaritzako elkarteekin lankidetzan, eta haren helburua da Euskadiko ardoak ahalik eta establezimendu gehienetara eramatea. Helburua 380ra iristea da, eta 2022ko otsailera arte 269 erregistratu dira, hau da, % 77.

Hauek izan dira beste ekintza komertzial batzuk: Ardoa Guneak, Chillida Leku & BW eta ETB Gastroshow erakundeekiko babesletza gastronomikorako akordioak, azoketako parte-hartze taldekatua (Anuga, Gourmets, Basque Fest, Gastronomika...) eta Euskal Sagardoa, Basque Beer Elkartea eta Euskal Garagardoa markekiko hitzarmenak.

Gainera, Ardoa Basque Wine Office bulegoaren bidez hainbat inkesta eta azterlan egin dira: jasangarritasuna kontaketaren euskarri gisa edarien munduan, BasqueWine markaren posizionamenduaren analisia, Euskadiko ardoa esportatzeko merkatu nagusiak (S&F) eta Arabako Errioxako Basque Wine upategien egoerari buruzko inkesta-diagnostikoa.

Finantza-laguntzak

Finantza-laguntzei eta dirulaguntzei begira, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ahaleginak bikoiztu ditu azken ekitaldian zehar, sektoreari behar duen kaudimen ekonomikoa emateko eta osasun-egoeraren ondorioz bizi dituen une gogorretan laguntzeko. Guztira, 86 milioi euro inguru konprometitu dira, eta horietatik 20,4 milioi baino gehiago dirulaguntza-programei dagozkie (OCM Inbertsioa, OCM Sustapena, Lehiatu Ardoa, Ardoinb, Onekin, Digitalizazioa, etab.), eta gainerakoak (65 milioi) Nekafin eta Sendotu finantzaketa-ildoei.

2022rako aurreikuspenak

Parte-hartzaileek ekitaldi honetarako aurreikusitako lan-ildoak ere ezagutu ahal izan dituzte. Sustapenera eta posizionamendura bideratutakoen artean, Ardoa Basque Wine Office finkatu nahi da Euskadiko edarien industriaren euskarria izateko erakunde gisa. Horrez gain, elkarte-egiturei eta JDBei laguntza gehiago eman nahi zaie eta Basque Wine marka indartu nahi da ardo eta txakolinen sustapen-marka gisa. Azkenik, Euskal Sagardoa eta Basque Beer marka propioak ere indartu nahi dira.

Halaber, Ardoa eta Basque Wine azoka eta ekitaldiak aukeratzen ari dira, eta nazioarteko merkatuak ari dira lantzen sektorearen etorkizuneko gako gisa. Horrekin batera, edarien presentzia eta posizionamendua handitzen ari dira merkatu nazionalean, bereziki HORECA eta Banaketa Handiaren kanaletan. Tokiko merkatuari dagokionez, ardoa BWOk babestutako markei ospea emateko egingo da lan, azoka eta merkatuetako presentziarekin eta enoturismoa indartuz.

Eusko Jaurlaritzak ekitaldi honetarako xedatutako laguntza-ildoei dagokienez, momentuz 25 milioi euro baino gehiago aurreikusi dira hainbat programatan. Zuzkidura handiena duena (8 milioi) OCM sustapena da, eta ondoren Berriker I+G+b (3,5 milioi), Bioekonomia (3,1 milioi) eta OCM Inbertsioa (3 milioi). Gainerakoa AnrdoInb, Lankidetza, Onekin eta Lehiatu Sustapena programen eta kalitate-erregimenak eta Basque Wine marka sustatzeko programen artean dago banatuta.

ETErako Laguntzak 2022rako

Laguntzen katalogoa

Lehen sektorerako, elikagaien industriarako, produktuaren sustapenerako, I+Grako eta bioekonomiarako 2022ko laguntzak aurkezteko bideoa