Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro onartu ditu Next Generation EU funtsen esparruan Kultura- eta Sormen-Industrien azeleragailuak diruz laguntzeko (Gobernu Bilera 2022-10-11)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Gaur egindako Gobernu Kontseiluak 1.994.383 euro onartu ditu 2022-2023 epealdirako Euskadiko Kultura- eta Sormen-Industrien azelerazio-proiektuak diruz laguntzeko. Diru-laguntzak Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen dira.

Diru-laguntza horien bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak laguntza eman nahi die hazteko ahalmen handia duten eta hainbat jarduera garatzen dituzten proiektuei, hala nola mentoria eta tutoretza, prestakuntza intentsiboko programak, finantzaketa bilatzeko laguntza, inbertsioa edo harreman-sareen garapena.

Jarduera-ildo horren bidez, azelerazio-prozesuen pean dauden Kultura- eta Sormen-enpresei diziplina anitzeko laguntza eman nahi zaie, enpresa horietan integratutako profesionalek ekintzailetza eta finantza-trebetasunak eskuratuz, beren potentziala hazteko eta garatzeko aukera izan dezaten, eta, horrela, ekonomia erakartzeko eta enplegua sortzeko gune izan daitezen.

Diruz lagundu daitezkeen proiektuek, eskatutako zenbatekoaren arabera, 100.000 euroko gehieneko zenbatekoa jasoko dute. Eskabideak aurkezteko epea hiru astekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Next Generation EU

Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko helburua dute Next Generation EU funtsek. Aparteko aukera ematen dute errekuperazio-plan espezifikoak hedatzeko eta pandemiak inbertsioan eta jarduera ekonomikoan duen eraginari aurre egiteko. Helburu hori lortzeko neurriak sei zutabetan daude egituratua, eta horien artean daude, besteak beste, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala eta hazkunde-eredu adimendun, jasangarri eta integratzaile bat, honako hauek barne hartzen dituena: kohesio ekonomikoa, enplegua, produktibitatea, lehiakortasuna, ikerketa, garapena eta berrikuntza.