Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak akreditazio-txartel berriak banatu dizkie Euskadiko boluntarioei

Argitalpen-data: 

  • Agiria doakoa da, eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman integratuta dauden kolektiboen balioa nabarmentzen du
  • Bestalde, larrialdiekin eta babes zibilarekin lotutako egoerei erantzuteko orduan betetzen duten erantzukizuna indartzen laguntzen du

  • Eusko Jaurlaritza akreditazio-txartel berriak banatzen hasi da Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako Euskadiko boluntario-elkarte eta lankidetza-erakundeetan integratutako pertsonei. Doakoa den agirian ofizialki nabarmentzen da kolektiboak babes zibilaren arloan egiten duen lana.

    Agiria duten pertsona guztiek larrialdietako nahitaezko eta oinarrizko formakuntza-ikastaro bat egin dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.

    Identifikazio-txartel horretan Larrialdiei Aurre Egiteko Erakundearen bereizgarria da elementu nagusia, eta, horrez gainera, boluntarioaren izen-abizenak, NANa, dagokion erregistro-zenbakia, bere argazki digitalizatu bat, kide den elkarte, erakunde edo udalerriaren izena, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordearen sinadura digitalizatua eta dokumentua noiz igorri den agertzen dira.

    Ekimenak 2014ko ekainean emandako Aginduan du jatorria. Agindu hura bat dator urtarrilaren 19ko 24/2010 Dekretuarekin, herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman lankidetzen aritzen diren erakundeetan parte hartzea arautzen, sustatzen eta bultzatzen duenarekin, bai eta Larrialdiak Kudeatzeko Legean xedatutakoarekin ere.

    Dekretu horrek beharrezko trebakuntza, prestakuntza, identifikazio eta ekipamenduekin lotutako oinarrizko alderdiak mugatzen ditu, ezinbestekoak direnak Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman koherentziaz parte hartzea bermatzen duen gutxieneko homogeneizazioa egon dadin.

    Orain banatu diren txartel hauekin, jada 520 izango dira Eusko Jaurlaritzak boluntarioei emandako akreditazio-txartelak.