Ekonomia eta Ogasun Saila

Euskadiko turismo-sektorean energia-eraginkortasuna hobetzeko laguntza-programa ireki da 3,8 milioi eurorekin

Jarduketak egiteko laguntzen azken hartzaileak izango dira Euskadin kokatutako turismo-ostaturako eraikinen jabeak eta enpresa ustiatzaileak, errentariak edo emakidadunak

Argitaratu dira Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Ostatu-enpresa Turistikoen Eraginkortasun Energetikoko Proiektuetarako Laguntzen Programaren oinarriak. Abenduak 13an irekiko da eskabideak jasotzeko epea, eta 2024ko abenduaren 31n itxiko da. Laguntza-programak 3,8 milioi euroko zuzkidura du, eta ostatu-establezimenduetarako eraikinen berrikuntza bizkortzea eta Euskadiko turismo-enpresen lehiakortasuna areagotzea du helburu. Laguntza-programa hori bultzatuz garatzen diren proiektuei esker, energia-eraginkortasunaren eta ekonomia zirkularraren arloko estandarrak txertatu ahal izango dira, karbono-aztarna eta energia-kostuak murrizteko.

Jarduketa xehatuen multzoaren bidez, 622 tep/urteko energia aurrezteko helburuak lortu nahi dira (petrolio tona baliokidea), eta
164 tep aurreztuta milioi euroko dirulaguntzarekin.

Laguntzak Euskadin kokatutako turismo-ostaturako eraikinen jabe eta enpresa ustiatzaile, errentari edo emakidadunentzat dira, betiere honako jarduera hauek garatzen badituzte:

  • 1. tipologia: Inguratzaile termikoaren energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak.
  • 2. tipologia: Berotzeko, girotzeko, hozteko, aireztatzeko eta ur bero sanitarioko instalazio termikoetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta energia berriztagarriak erabiltzeko jarduketak; hainbat eraikinetako konplexu turistikoetarako energia-iturri berriztagarriez eta/edo hondar-beroaz elikatutako bero- eta hotz-sareak instalatzea barne.
  • 3. tipologia: Argiztapen-instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak.

Jarduerak turismo-ostaturako diren eta nahitaez Euskadiko Turismo Enpresa eta Jardueren Erregistroan (REATE) inskribatuta dauden eraikinetan edo eraikin-konplexuetan egin beharko dira. Hala, turismo-ostatuko establezimendutzat hartzen dira jendearentzat oro har irekita dauden lokalak, instalazioak eta ondasun higigarriak, hala badagokio, aplikatzekoa den araudiaren arabera, baldin eta ostatu-zerbitzu turistikoak badira. Definizio horretan ez dira sartzen erabilera turistikoko etxebizitzak, ezta erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logeletan ostatu-zerbitzua ematen den espazioak ere.

Zehazki, turismo-ostatuko establezimendutzat hartuko dira honako hauek:

  • Hotel-establezimenduak: hotelak, hotel-apartamentuak eta ostatuak
  • Apartamentu turistikoak
  • Kanpinak
  • Nekazalturismoak eta landetxeak
  • Turismo-aterpetxeak

Laguntza eskatzen den jarduketek berriztagarria ez den energia primarioaren kontsumoa % 30 murriztea lortu eta justifikatu beharko dute, abiapuntuko egoerarekin alderatuta. Hori justifikatzeko, egungo eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eta eraberritzearen ondoren lortutako eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira.

Laguntza-programa honi buruzko espediente guztiak (eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta gainerako kudeaketak) bitarteko elektronikoen bidez izapidetuko dira, Eusko Jaurlaritzaren Tramitagune izapidetze elektronikoko aplikazioa erabiliz. Aplikazio hori Euskadi.eus webgunean eta EEEren webgunean dago eskuragarri (www.eve.eus).