Ekonomia eta Ogasun Saila

Euskadik 5,5 milioi jasoko ditu Europako funtsetatik, material aurreratuen ikerketara bideratuak, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan

Hezkuntza Saila bultzatzen ari den ikerketa-eremu estrategikoekin bat eginez, Jokin Bildarratz sailburuak Material Aurreratuen I+G+Brako Programa Osagarria sinatu du

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Material Aurreratuen I+G+Brako Programa Osagarriaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du, Gandian (Valentziako Erkidegoa), Material Aurreratuei buruzko Estatuko lehen konferentziarekin bat eginez. Ekitaldi horretan, Eusko Jaurlaritzak programa horretan parte har dezan adierazpen instituzionala sinatu du Bildarratzek Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarekin. Euskadirekin batera, beste bost autonomia erkidegok ere parte hartzen dute programan, hala nola, Aragoi, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentzia eta Madrilgo erkidegoek. Euskadi horiekin elkarlanean arituko da.

Material Aurreratuen plan osagarriak materialen arloko I+G+Bko jarduera finkatzen du, ildo estrategikoetan lidergo zientifikoa babestuz eta parte hartzen duten autonomia-erkidegoen arteko lankidetza indartuz. Hori guztia, talentua ikertu, sortu eta erakartzeko eta dauden azpiegitura zientifikoak indartzeko programa baten bidez. Halaber, ikerketa-zentroen, zentro teknologikoen eta enpresen arteko sinergiak sustatzea ere badu xede, berrikuntza eta garapen teknologikoa bizkortzeko.

Programa honetan parte hartuta, Euskadik 5.559.000 euroko finantzaketa jasoko du Europatik, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, programarako 4.641.000 euro ipintzeko konpromisoa hartu du. Beraz, Euskadi garatzen hasi den programa 10,2 milioi eurora iritsiko da. Europako finantzabide berri hori Eusko Jaurlaritzarentzat azken urteotan estrategikoa izaten ari den ikerketa-ildo batean inbertsioak indartzen jarraitzera bideratuko da, materialen zientziaren eremu honetan Euskadi munduko ikerketa zientifikoko nodo gisa bultzatzeko helburuarekin.