Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bingen Zupiria sailburuak 3 Hiriburuak emakumeen esku pilota txapelketa berriaren aurkezpenean parte hartu du

Argitalpen-data: 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria 3 Hiriburuak emakumeen esku pilota txapelketaren aurkezpenean izan da gaur Itxaso Erroteta Bilboko udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziarekin, Martin Ibabe Donostiako udaleko Kirol zinegotziarekin eta Miren Fernandez de Landa Vitoria-Gasteizko berdintasun zinegotziarekin batera. Andra Maria Zuriaren plazan egin den aurkezpenean egon dira hainbat pilotari ere. 

Txapelketa berri hau  txapelketa irekia izango da eta bertan edozeinek eman ahal izango du izena, pilotari federatua izan edo ez. Parte hartzea izan da ekimen honen arrakastaren sekreturik nagusienetako bat eta 3 Hiriburuak txapelketa berri honetan ere 60 pilotarik hartu ahal izango dute parte, 4 mailetan banatuta. Pilota goxoarekin gazte eta nagusi mailak banatuko dira eta mistorarekin, aldiz, gazteak eta eliteak.

Azken hauen artean egungo espezialistarik onenek hartuko dute parte, tartean izango dira Amaia Aldai –egungo lau eta erdiko banakako txapelduna–, Olatz Arrizabalaga –Emakume Master Cupeko zirkuituan bost txapel jantzi dituen aurrelaria, Leire Garai –birritan Emakume Master Cupeko binakako txapelduna- edo Enara Gaminde –egungo binakako atzelari txapelduna–. Denera elite maila honetan zazpi bikote arituko dira lehian; Arrizabalaga-Capellan, Arraiza-Gaminde, Barrokal-Bergara, Aldai-Mendizabal, Beitia-Zabala eta Etxegarai-Oses.

Txapelketak ere zehaztua du bere egutegia eta urriaren 2an final laurdenetako partidak jokatuko dira, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Finalerdiak astebete beranduago jokatuko dira, Bilboko Deportivo pilotalekuan eta finala, aldiz, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.