Airearen kalitateak bilakaera positiboa du Euskadin, eta hobetu egin dira pandemiaren aurreko NO2 balioak

Argitalpen-data: 

Medidores.jpg
  •  Airearen Kalitateari buruzko 2021. Urteko Txostenak ondorioztatzen duenez, araudian jasotako kutsatzaileekin lotutako balio guztiak ezarritako mugen azpitik mantendu dira, eta 2019ko erregistroak hobetu dituzte, alegia, Covid-19ak eragindako murrizketen aurretikoak
  • Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareko 54 estazioen bidez egin da neurketa. Estazio horiek lurralde osoan daude banatuta, eta analizatzaile automatikoak dituzte, besteak beste hauek neurtzeko: nitrogeno dioxidoa (NO2), sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa (O), partikulak (PM10 eta PM2,5) eta bentzenoa

Airearen kalitateak hobetzen jarraitzen du eta aztertutako kutsatzaileetako batzuetan, adibidez NO2aren kasuan, pandemiaren aurretik baino balio txikiagoak erregistratu dira; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako Airearen Kalitateari buruzko 2021. Urteko Txostenetik ondorioztatzen denez. Txostenaren arabera, airearen kalitatea neurtzeko kontuan hartu diren kutsatzaileekin lotutako balio guztiak araudiak ezarritako mugen azpitik mantendu dira, eta, gainera, 2019. urteko balioekin alderatuta beheranzko joerarekin jarraitu da (pandemiak ekarritako murrizketek 2020. urtean eragindako salbuespena kontuan hartu gabe).

Nola neurtzen diren kutsatzaileak, hala neurketa sarearen ezarpena airearen kalitateari buruzko Europako araudiaren araberakoak dira. Araudi hori 102/2011 Errege Dekretura ekarri da, non airearen kalitatearen kudeaketa eta mugak ezartzen diren. Araudi horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren neurketak kontuan hartzen ditu Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioak. Erreferentziazko balio horiek 2021ean eguneratu dira, orain arte indarrean zeudenak baino balio askoz murriztaileagoak argitaratuta. Orain artekoak 2006an finkatutakoak ziren.

Airearen kalitatea neurtzeko, Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea erabiltzen da, 54 estazio dituena, eta sare horrek Euskadi zortzi neurketa eremutan banatzen du: Enkarterria-Nerbioi Garaia, Nerbioi Beherea, Donostialdea, Ibaizabal, Debagoiena, Kostaldea, Goierri, Arabako Lautada eta EAE-Erribera. Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareko 54 estazio horiek analizatzaile automatikoak dituzte nitrogeno dioxidoa (NO2), sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa (O3), partikulak (PM10 eta PM2,5) eta bentzenoa neurtzeko, eta horien datuak etengabe argitaratzen dira Eusko Jaurlaritzaren airearen kalitateari buruzko informazioaren webgunean.

Emaitzak

Emaitzen balorazioa 2019. eta 2020. urteekin alderatuta eginez, kontuan izan behar da 2020an, Covid-19ak eragindako joan-etorrien murrizketen eta salbuespen egoeraren ondorioz, kutsatzaile guztien airearen kalitate datuek nabarmen egin zutela hobera. 2021ean, ikus daiteke pandemiaren aurreko egoerara itzultzen ari garela pixkanaka, baina beheranzko joerak jarraitzen du.

Testuinguru hori kontuan hartuta, airearen kalitatea hobetzeari buruzko urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuaren I. eranskinean ezarritako muga balio guztiak bete dira, honako emaitza hauekin:

  • Sufre dioxidoa, SO2

SO2 industria jarduerari lotutako kutsatzailea da, eta 2021erako kalkulatutako datuak 2020koaren antzekoak izan dira. Normalean balio altuenak erregistratu ohi dituzten estazioak Abanto, Arraiz, Lemoa eta Las Carrerasekoak dira, eta azken hori izan da, hain zuzen, balio altuenak erregistratu dituen estazioa.

Araudian ordu kontzentrazioetarako ezarritako muga ez da inola ere gainditu. Araudi horren arabera, 350 µg/m3-ko ordu balioa ez da urtean 24 aldiz baino gehiagotan gainditu behar. Eguneroko batezbestekoetarako ezarritako muga balioa ere ez da gainditu. Ordu kontzentrazioetarako bildutako bi erregistrorik altuenak Abantoko estazioan (219 µg/m3) eta Las Carrerasekoan (190 µg/m3) izan dira.

  • Nitrogeno dioxidoa, NO2

NO2-aren kasuan (zirkulazioarekin eta industria isuriekin lotutako kutsatzailea), 2021eko neurketen %43 2020ko mailetan mantendu dira, kutsatzaile horren urteko batezbestekoari dagokionez. Hiriburuetako (Ategorrieta -Donostia-, Easo -Donostia-, Gasteiz hiribidea -Gasteiz-, Maria Diaz Harokoa -Bilbo- eta Mazarredo -Bilbo-) zirkulazio estazioetan ez da hauteman 200 µg/m3-tik gorako ordu baliorik. Estazio horien orduko gehieneko balioak 113-116 µg/m3 artekoak izan dira.

Urteko batezbesteko altuenak Easo eta Maria Diaz Harokoaren kaleko estazioek izan dituzte, 26 eta 29 µg/m3-ko batezbestekoekin. Maria Diaz Harokoaren kaleko zirkulazio estazioak, 2017an, 40 µg/m3-ko urteko muga balioa gainditu zuen; 2018an, 39 µg/m3-ko batezbestekoa erregistratu zuen; 2019an, 36 µg/m3-koa; 2020an, 26 µg/m3-koa, eta 2021ean, 29 µg/m3-koa.

Oro har, urteko batezbestekoek estazioen %87an egin dute gora, 2020ko batezbestekoekin alderatuta (2020an, COVIDak ekarritako konfinamenduaren eta joan-etorrien debekuaren eraginez jaitsi egin baitziren). 2021ean erregistratutako mailak, dena den, 2019koak baino txikiagoak dira.

  • Partikulak (PM10 eta PM2,5)

PM10 partikulen kasuan, hainbat isurketa iturriri lotutakoak (industria, zirkulazioa, obrak, etab.), neurketen erdiek, 2020ko neurketekin alderatuta, urteko batezbesteko handiagoak izan dituzte; %30 mantendu egin dira, eta gainerako %20ek behera egin dute. Oro har, mailak 2019an erregistratutako tarte berberetan daude. PM10-en urteko batezbestekoari dagokionez, urteko batezbestekoen tartea 8-23 µg/m3-koa da. Mundaka, Pagoeta eta Valderejoko landa estazioen urteko batezbestekoak 8-12 µg/m3 ingurukoak izan dira. Hiri estazioen urteko batezbestekoak, berriz, 13-23 µg/m3 artekoak izan dira. 2021ean estazio gehienetan erregistratutako eguneko batezbesteko maximoak otsailaren 19koak izan dira, Saharako intrusio gertaera batekin bat eginez.

PM2,5-en (zirkulazioarekin lotuago dagoen kutsatzailea) urteko batezbestekoei dagokienez, neurketen erdiak 2020an erregistratutako balioetan mantendu dira, eta beste erdien urteko batezbestekoak pixka bat handitu dira (1-3 µg/m3-ren artean). Urteko batezbestekoak gutxienez 5.1 eta 4.9 µg/m3-koak izan dira Pagoeta eta Valderejoko landa estazioetan, eta 12 µg/m3-koa, Barakaldo eta Puyoko estazioetan.

  • Karbono monoxidoa, CO

Karbono monoxidoak azken 5 urteetako joera positiboari eutsi dio, eta 2020ko mailetan mantendu da. CO neurriak oso txikiak dira estazio guztietan, muga balioaren oso azpitik. Ordu balio altuenak dituen estazioa Erandioko zirkulazio estazioa da: Jose Luis Goyoaga kalea, z/g (Altzagako pasabidea), BI-711 errepidetik gertu.

  • Ozonoa, O3

Ozonoaren kasuan ere balioak mantendu egin dira, 2020arekin alderatuta, eta ez da 180 µg/m3-tik gorako baliorik erregistratu (biztanleriari informazioa emateko atalasea). Giza osasuna babesteko balio objektiboa ez da gainditu (120 µg/m3-tik gorakoa, gehienez 25 aldiz, batez beste hiru urtean). 120 µg/m3-ko epe luzeko helburua gehien gainditu duten estazioak (gainditze aldiei dagokienez) Valderejo eta Jaizkibelgoak izan dira. Estazio horiek altitude handiagoan eta landa eremuetan daude.

  • Bentzenoa

Bentzenoaren urteko batezbestekoak txikiak dira eta urteko araudiak ezartzen duen mugaren barruan daude (5 µg/m3-ko urteko batezbestekoa). 2021eko urteko batezbestekoak, 2020. urtearekin alderatuta, hobeak izan dira San Julianen, Las Carreasen eta Mazarredon.  Gainerako estazioek batezbesteko handiagoak izan dituzte. Estazio guztietatik Durangoko estazioak izan du batezbesteko handiena (2020an 0.68 ug/m3 izatetik 2021ean 1.04ug/m3 izatera igaro da).

  • Metalak eta bentzo(a)pirenoa

Metal eta bentzo(a)pirenoen mailak oso txikiak dira neurtu diren lau estazioetan: Maria Diaz Harokoa (Bilbo), Erandio (Erandio), Tolosa etorbidea (Donostia) eta Martxoaren Hirua (Gasteiz), eta guztiak egon dira araudiak ezartzen dituen mugen barruan. Azpimarratzekoa da datu ugari daudela zehaztapen mugaren azpitik, batez ere Tolosa etorbidean eta Martxoaren Hiruan.

Oro har, 2021ean zehar 4 metaletarako (kadmioa, nikela, beruna eta artsenikoa) eta betzo(a)pirenorako erregistratutako urteko batezbestekoak eta 2019. urtekoak oso antzekoak dira, 2020an maila oso txikiak izan baitziren Covidaren eraginez. Horietatik guztietatik, Erandioko puntuan hauteman dira kadmio, nikel, berun eta bentzo(a)pirenoaren mailarik altuenak. Artsenikoari dagokionez, maila altuagoak hauteman dira Maria Diaz Harokoa kalean dagoen estazioan.

Airearen kalitateari buruzko informazioa biltzen duen aplikazioa

Herritarrek airearen kalitateari buruzko informazioa eskura dezakete, “Airea-Euskadiko Airearen Kalitatearen Ebaluazioa” aplikazioaren bidez. Aplikazio hori eskuragarri dago IOS eta Android gailuetan deskargatzeko. Mapa bat du, Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea osatzen duten 54 estazioen kokapenarekin, eta aukera ematen du estazio bakoitzean erregistratutako airearen kalitate indizea bistaratzeko eta kutsatzaileen kontzentrazioei buruzko informazioa lortzeko. Tresnak, gainera, horien bilakaeraren grafiko bat eskaintzen du, azken 48 orduetako eta azken asteko datuekin.

Aplikazio mugikorrak, beraz, berretsi egiten du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunetik (www.ingurumena.eus) ematen den informazioa.

EAEko Airearen Kalitateari buruzko 2021eko Urteko Txostena, honako esteka honetan: https://www.euskadi.eus/informacion/evaluacion-de-la-calidad-del-aire-en-euskadi/web01-a2ingair/es/