Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurtengo deialdia aurkeztu dute gaur Donostian

Argitalpen-data: 

  •  XXXIII. edizioa da aurtengoa eta azaroan ezagutuko dira irabazleak, “Martin Ugalde gogoan” goiburupean Andoainen egingo den sari banaketako ekitaldian


Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia egin du Andoaingo Udalak, eta urteroko moduan deialdiaren xehetasunak aurkeztu dituzte Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. Prentsaurrekoan parte hartu dute, Andoaingo Udalaren aldetik Alexander Huitzi Alfonso, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordeak, eta Patxi Baztarrika, Udaleko Euskara teknikariak; eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak.


XXXIII. edizioa da aurtengoa eta, orain bi urte hasitako berrikuntzei jarraiki, aurten ere bi sari izango dira: “Kazetaritza saria” eta “Komunikazio saria”. Gainera, finalistak ere izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez. Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera izango du edonork, norberak bere burua edo nornahik beste norbaiten aldeko proposamena egin ahal izango du, baina finalistak nahiz saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztea.


Irabazleak nortzuk diren azaroaren 25ean jakingo da, Andoaingo Bastero kulturgunean izango den sari banaketa ekitaldian. Ekitaldiaren goiburua da “Martin Ugalde gogoan”. Izan ere, aurtengo azaroaren 11n beteko baita Martin Ugalde idazle andoaindarraren jaiotzaren lehenengo mendeurrena. Bere lana, itzal luzeko konpromisoa eta oroimena gogora ekarriko ditu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, iaz Xabier Leterenak ekarri zituen antzera. Alexander Huitzi zinegotziak adierazi duenez, “neurri batean Martin Ugalde eta Rikardo Arregi batuko ditugu egun horretan Bastero kulturgunean izango den sari banaketa ekitaldian, biak izan baitziren euskarazko kazetaritzari bultzada ematerakoan aitzindari eta sustatzaile”. “Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio
prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua”: hori da Andoaingo Udalak urtero gogorarazten duen mezua eta Kazetaritza Sari hau hogeita hamahiru urteotan antolatzeko arrazoia. Andoaingo Udalak deitu eta antolatzen duen Sari honek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako
Sailburuordetzaren dirulaguntza eta babesa jasotzen du, urtero bezala baita aurten ere.


Alexander Huitzik azaldu duenez, “aurten ere, aurreko bi urteetan bezala, bi sari izango dira: kazetaritza saria eta komunikazio saria. “Kazetaritza saria”, berriemailetzari eta kazetaritzaren ezaugarri eta irizpideei estuki lotua izango da, eta bestea, “Komunikazio saria”, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitzeko bidean egindako urrats esanguratsu eta berritzaileak sarituko dituena. Garrantzia emango zaio ekintza edo proiektu komunikatiboa berritzaile izateari –edozertan berritzaile- eta kalitatezkoa eta bide urratzaile izateari”. Huitziren esanetan, “euskara indartuko badugu, behar-beharrezkoa da herritarron eguneroko bizimoduan hain garrantzitsuak diren kazetaritza eta komunikazioan euskarazko sorkuntza, zabalkundea eta kontsumoa sendotu eta areagotzea. Helburu horren aldeko aletxoa izatea du helburu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak”.


Estibalitz Alkortak azpimarratu duenez, “Rikardo Arregi sarien urtez-urteko ibilbidea bera da euskarak hedabideetan, ezarian-ezarian, urtez-urtez, etengabe bizi izan duen eta bizitzen ari den garapenaren lekukotzarik bikainena. Behin berritan, garapen-bide horren eragile izan diren jardunak eta lanak aitortzea eta saritzea izango du eginkizun aurtengo edizioak ere. Zorionez, non begiratu, zer baloratu eta nor saritu, inoiz baino aukera gehiago ematen dute euskarazko hedabideek eta euskaraz landutako komunikazioak, baita COVID19ak hain gogor astindutako urte luze honetan ere. Esan gabe doa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarentzat garrantzitsua dela Rikardo Arregi Sarian lankide izatea euskarazko komunikazioaren, kazetaritzaren eta euskal gizartearen beraren sentipen, bizipen eta jardueren behatoki
ere badelako”.


Aurtengo edizioaren oinarrien xehetasunak aurkeztu ditu Patxi Baztarrika epaimahaiaren idazkariak. Bi sari nagusi banatuko dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. “Kazetaritza saria”ri dagokionez, 2020ko irailaren 16tik 2021eko irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa jasoko du saridunak. Eta “Komunikazio saria” eskuratzeko aukera izango dute, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek. Betiere, 2020ko irailaren 16tik 2021eko irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikazio proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan beharko du nahitaez. Epaimahaiak oso kontuan hartuko du ekintza edo proiektu komunikatiboak euskal komunitatea elikatzeko izan duen edo izan dezakeen inpaktua, eta horren ondoan kontuan hartuko du baita ere teknologiaren erabilera berritua. “Komunikazio saria” ere 9.000 eurokoa izango da, eta Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistikoa. Gehienez ere zortzi finalista izango dira, eta finalistek, saridunek izan ezik, Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.


Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) irailaren 17ra bitartean aurkez litezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.


Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua), Elixabete Larrinaga (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua). Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Alexander Huitzi, eta idazkaria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

XXXIII. edizio honetako finalistak nortzuk diren azaroaren hasieran emango du ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia azaroaren 25 iluntzean izango da Andoainen, Bastero kulturgunean, “Martin Ugalde gogoan” hartuko duen ekitaldian. Orduan jakingo da nortzuk diren aurtengo saridunak. Baztarrikak amaitu du gogora ekarriz, “Martin Ugalde Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko familia kide da. Izan ere, berak jaso baitzuen Ohorezko Aipamena 1997an, eta merezi du gogoan izatea euskarazko kazetaritzaren joan etorrian eragin erabakigarria izan duten gertakari eta ibilbide pertsonalak aitortzea dela sari horren helburua. Ondo merezitako aitortza hori egina dio, beraz, RAKSek Martin Ugalderi”.