Osasun Saila

Osasun sailburuak egoitzetan hirugarren dosia emateko prozesua 2-3 aste barru amaitzea espero du

2021-09-21

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak gaur prentsaurrekoan iragarri duenez, Sailaren helburua da bi-hiru astean egoitza-zentroetan dauden adineko pertsonek edo desgaitasuna dutenek errefortzu-dosia jasotzea. Gainera, irailaren 9tik immunogutxitze larriko egoeran dauden pertsonei hirugarren dosia ematen ari direla azaldu du.

Xede-populazio orokorraren txertaketaren bilakaerari dagokionez, % 90aren atarian gaudela adierazi du, eta, horregatik, berriro ere dei berezia egin die 20-29 urteko pertsonei txertoa hartzera joan daitezen; izan ere, kolektibo atzeratuena dira, baina oraindik garaiz daude.

Egoera epidemiologikoari dagokionez, sailburuak iragarri du zalantzarik gabe hobetzen ari dela. Ildo horretan, intzidentzia-tasa metatua duela azken bi hilabeteetako txikiena da, eta datozen egunetan joera horri eutsiko zaiola aurreikusten da. Gainera, ospitaleetako egoerari dagokionez, une honetan 164 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 114 plantan ospitaleratuta daude, eta 50 ZIUetan.

Bestalde, mahats-bilketa lanetan Arabako Errioxara joandako sasoikako langileek COVID 19ren aurkako osasun-neurriak indartzeko kanpainaren berri eman du Sagarduik. Atzo bertan hasi ziren PCRak egiten eta Janssenekin txertatzen, hala eskatzen zutenei, eta orain arte 51 PCR egin dira eta denak negatiboak izan dira. Bestalde, mahats-bilketa egiten duten hamar pertsona ingururi txertoa jarri diete Janssenekin.

Amaitzeko, osasun-sektoreko profesionalak aintzatesteko kanpainaren berri eman du.