Osasun Saila

Osasun sailburua kezkatuta agertu da kutsatzeen goranzko bilakaerarekin

2021-11-22

Gotzone Sagardui Osasun sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, Bizkaia Irratiko “Goizeko Izarretan” saioan; eta, bertan, kezkatuta agertu da kutsatzeen goranzko bilakaerarekin. “Zoritxarrez, egoerak okerrera egin du azken egunotan, eta joera goranzkoa da. Atzo bertan, intzidentzia-tasa metatua 284 kasukoa zen 100.000 biztanleko 14 egunetan”, adierazi du. Gainera, plantako eta ZIUetako ospitaleratzeak ere igo egin direla esan du. Era berean, Sagardui sailburuak azaldu du R0a 1,30etik gora dagoela, eta, beraz, pertsona batek ia bi pertsona kutsatzen dituela; horrek esan nahi du birusa hedatuz doala. “Ikus dezagun ea ezarritako neurriekin eta etor daitezkeen neurri berriekin egoerari eusteko gai garen eta egoera aldatzea lortzen dugun », gaineratu du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak covid ziurtagiria eskatzeko aukeraren inguruan gaur hartuko duen erabakiari buruz, sailburuak adierazi du "itxaron" egin behar dela, eta defendatu du "neurri ona" dela, pertsona guztien eskura dagoena eta kutsatzeko arriskua handitzen den barruko lekuetan segurtasuna indartzea bilatzen duena.

Gotzone Sagarduik, beste behin ere, txertoa jartzeko deia egiteko aprobetxatu du; eta azpimarratu du Euskadin nahi adina txerto daudela, eta gehiago beharko balira, eskatu egingo liratekeela. Hirugarren dosiari dagokionez, sailburuak argitu du une honetan 70 urtetik gorakoei zuzenduta dagoela, Osasun Publikoaren Batzordeak 60 urtetik gorakoei ematea onartu arte.

Pediatriako txertoei dagokienez, sailburuak esan du beharrezkoa dela erakundeek onartu arte itxarotea. "Txertoak abenduan iristen badira, abenduan txertatuko ditugu", gaineratu du. Neurri garrantzitsua litzateke kolektibo horri babesa eskaintzeko, birusaren intzidentzia biztanleriaren batez bestekoa baino askoz handiagoa baita.

Birusak osasun-sisteman duen eraginari dagokionez, Sagarduik esan du osasun sistema "indartsua" dugula eta ez gaudela ebakuntzak atzeratu beharrean. Hala ere, egoera horretara ez joateko neurriak betetzeko eskatu du.