Osasun Saila

Osasun Sailak COVID-19aren transmisioari aurrea hartzera bideratutako protokoloak egiteko gida zabaldu du, gimnasioei zuzendutako atal berri batekin

2021-06-14

Espazioen aireztapena, edukieren kontrola eta erabiltzaileen arteko distantzia dira, besteak beste, praktikan jarri beharreko jarraibide komunak

23/2021 Dekretuan ezarritakoaren arabera protokoloa behar duten jardueretarako neurrien barruan sartzen da eguneratze hau

 

Osasun Sailak zabaldu egin du COVID-19aren transmisioari aurrea hartzera zuzendutako protokoloak egiteko gida, eta zenbait jardueratarako jarraibide espezifikoak ezarri ditu. Oraingoan, Euskadiko gimnasioei buruzko atala eguneratu du.

Egungo egoera pandemikoan, beharrezkoa da prebentzio-neurriak aplikatzen jarraitzea, koronabirusaren transmisioa murrizteko. Hori dela eta, horrelako jarduerak antolatzen dituzten erakundeek prebentzio-protokoloak eduki behar dituzte.

Hala, erabilera bereiziko areto edo espazio bakoitzerako zehaztu beharko da gehieneko edukiera, eta ikusteko moduko leku batean jarriko da. Bestalde, edukiera hori ez gainditzeko kontrol-prozedurak ezarriko dira.

Gainera, makinen banaketa espaziala ezarriko da, pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan dadin gutxienez, eta erabiltzaileak aurrez aurre ez egoteko moduan orientatuko dira.

Instalazioen aireztapen nahikoa ziurtatuko da. Aireztapena naturala bada, gurutzatua izan dadin gomendatzen da. Horretarako, elkarren kontrako hormetako leihoak edo ateak irekiko dira. Aireztapena behartua bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airea birzirkulatzea saihestu. Aireztapena behar bezala egiten dela egiaztatuko da. Horretarako, CO2aren neurgailuak erabiltzea gomendatzen da.

Kartelen eta bestelako bitartekoen bidez, gimnasioaren erabiltzaileei zuzendutako prebentzio-neurri pertsonalei buruzko mezuak indartuko dira, hala nola: maskara nahitaez erabili beharra; segurtasun-distantzia mantentzea; eskuen higienea; makinak, objektuak edo materialak ez partekatzea edo erabili ondoren garbitzea; eta ez joatea COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero edo COVID-19a duten pertsonekin kontaktuan egonez gero.

Gainera, COVID-19ko kasu positiboen kontaktuen jarraipena errazteko, beharrezkotzat jotzen da erabiltzaileak erregistratzeko sistema bat edukitzea. Erregistro hori gutxienez 3 astez gordeko da eta Osasun Sailaren eskura egongo da.

Azkenik, COVID-19arekin zerikusia duten alderdi guztietarako erreferentziazko pertsona bat izendatuko da. Pertsona horrek prebentzio-neurriak betetzen direla zaintzeko erantzukizuna izango du, eta, beharrezkoa izanez gero, Zaintza eta Jarraipen Sareari informazioa emateaz arduratuko da, horrek kontaktuak iker ditzan.

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 14a