Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Natura Bizia proiektua, Hego Euskal Herriko biodibertsitatea balioan jartzea xede duena, zinematara iritsi da

Argitalpen-data: 

Ihobe

Natura bizia filma zinematan

Naturari buruzko Natura Bizia dokumentala, Avis Producciones-en filma, Lexeia Larrañagak zuzendu eta Alex Gutiérrezek ekoitzi dute, eta Hego Euskal Herriko biodibertsitatearen garrantzia nabarmentzen du, herritarrak natura-ingurunera hurbildu daitezen.

Naturari buruzko Natura Bizia dokumentala, Avis Producciones-en filma, Lexeia Larrañagak zuzendu eta Alex Gutiérrezek ekoitzi dute, eta Hego Euskal Herriko biodibertsitatearen garrantzia nabarmentzen du, herritarrak natura-ingurunera hurbildu daitezen. Ostiralean, apirilak 16, estreinatuko da zinema-aretoetan. Ikus-entzunezko proiektu honekin bidaia bat egingo dugu gure lurraldeko leku eta izaki bizidun harrigarrienak ezagutzeko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta sail horri atxikitako Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren laguntza izan du proiektuak. Trailerra ikusgai dago filmaren webgune ofizialean.

Naturazaletasunak eta ikus-entzunezkoetarako grinak bultzatuta sortu zuten Alex Gutiérrezek eta Lexeia Larrañagak natura-dokumentalen Avis Producciones ekoiztetxea. Urte batzuk geroago, lehen film luzea ondu dute, Natura Bizia. Filmak gure lurren oparotasuna erakustea du xede; izan ere, Europako biodibertsitatearen ehuneko handi bat gure lurretan dago: Euskadik, Europar Batasunaren lurraldearen % 1 bakarrik hartuta, Batasunaren intereseko habitaten % 35 inguru hartzen ditu, fauna espezieen % 21 eta flora espezieen % 2.

Kantauriko itsaslabar bertikalak, basoak eta kareharrizko mendiak... Natura Bizia filmarekin ikusleak planetako zetazeo handienekin igerian sentituko dira; hartz arrea lagunduko dute neguko lozorroa eta gero emaniko lehen urratsetan; Europan denik eta pinpilinpauxa ederrenaren metamorfosia burutzearen lekuko izango dira; ur-ipurtatsaren alderdirik intimoena zelatatuko dute, Hego Euskal Herria baita espezieari kontinentean geratzen zaion azken gotorlekuetako bat; otsoak, lurralde berriak eskuratzeko, egin beharreko ahalegina ezagutuko dute; eta inguruetako arranorik ahaltsuenaren alboan hegan egingo dute. Basamortuan ere barnatuko dira, hutsik dagoela iruditu arren, planetako ekosistema anitzenetako baten kokagunea da eta.

Kantauriko ur hotzetatik Pirinioetako gailur babesgabeetara, natura-dokumental hau bidaia zoragarri bat da, inguruotako leku eta izaki bizidun harrigarrienetako batzuk ezagutuko dituguna, horiek guztiak zaintzeko beharraz kontzientziatzeaz bat.

Dokumentala datorren ostiralean, apirilak 16, estreinatuko da zinema aretoetan. EAEn, Bilbon (Multicines), Gasteizen (Florida), Durangon (Zugaza) eta Donostian (aretoa zehazteke dago). Gainera, Madrilen eta Iruñean (Golem) ere estreinatuko da, baita Valentzian ere (ABC PARK).

Areto eta hiri gehiagotan berresteko zain dago, esaterako, Bartzelonako Boliche zinema-aretoan, Madrilgo Embajadores zinema-aretoan edo Sevillan (aretoa zehazteke dago).

Dibertsitate ekologikoa Euskadin

EAEren kokapen geografikoa dela eta –iparraldeko klima atlantiko epel euritsua, tarteko eremu lehorragoa, eta Arabar Errioxa, klima mediterraneo petokoa–, lurraldea espezie oso desberdinen bizileku da. Gainera, Pirinioen eta Kantauriar mendikatearen artean kokatuta dagoenez, bi mendikateetan bizi diren espezieak topa daitezke.

EAEko natura-ingurunearen erliebe malkartsuaren ondorioz, ingurumen baldintzak askotarikoak dira, askotariko espezieetarako aproposak. Orobat, kostaldearen eraginez tenperaturak egonkorragoak direnez, klima epelagoetako espezieetarako babesleku da. Bestalde, gure lurraldeko mendilerroen altuera txikiagoa denez Kantauriar mendikatearena eta Pirinioena baino, iparraldetik hegora, edo alderantziz, migratzen duten espezieek «zirrikitu» bat topatzen dute gure lurretan, igarobide nagusietako bat bihurtuz.

Hori guztia islatzen du Natura Biziak, kontserbazio-egoera onenean dauden Hego Euskal Herriko txokoetara pertsona jakin-mintsuekin eginiko bidaiak. Dibertsitate biologiko oparoa ezagutuko dugu, berez baliotsua izateaz gain, engranaje nagusia dena planeta osoko ekosistemen funtzionamendurako, eta, ondorioz, gure osasunerako eta ongizaterako.