Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Komunikagaitasuna egiaztatzeko udaberriko azterketak aurrera doaz HABEn

Argitalpen-data: 

habe.jpg

Apirileko azken astean eta maiatzeko lehenengoan egin dira Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen, HABEren, euskarazko komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko azterketa idatziak. Hiru deialdi ari da une honetan HABE kudeatzen: euskaltegiko ikasleentzakoa, irekia eta HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza) deialdia. HABEk B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzen ditu.

Guztira ia 17.000 lagunek parte hartu dute Gasteizko BAKH zentroan, Barakaldoko BEC-en, Irungo FICOBAn, Bilboko Ulibarri euskaltegian,  Bartzelona eta Madrilgo Euskal Etxeetan eta Estatuko zenbait espetxetan egin diren probetan, iaz baino 3.000 azterketari gehiagok. Euskaltegietako 10.681 euskara-ikasle matrikulatu dira, deialdi irekian 6.080,  HOBE deialdian 513, Euskal Etxeetan 64 eta  espetxeetan 16. Hauetatik 131 ikasleri zerbitzu egokituak eskaini zaizkie behar bereziak dituztelako.

Deialdiak parte-hartze zabala izan du eta gutxi izan dira matrikula ordainduta azterketara joan ez direnak: euskaltegietako ikasleentzako deialdian 251 (% 2,35); deialdi irekian 528 (% 8,68) eta HOBEn 26 (% 5,07).

Bizi dugun osasun-egoera bereziaren testuinguruan antolatutako hitzorduak izan dira. Horregatik, azterketari eta antolatzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko prebentzio eta higiene neurri zorrotzak jarraitu dira uneoro.

Hala ere, COVID egoera dela eta, 233 azterketari ezin izan dira probetara bertaratu. Joan ezina mediku-txosten bermedunez arrazoitu dutenei maila egiaztatzeko aukera berria datorren asteartean, hilak 18, eskaintzeko deituko die HABEk.

Bestalde, HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza)  sistema erabilita C1 eta C2  maila egiaztatzen jardun duten 95 lagunen azterketek arazo teknikoa izan dute Interneteko sistema informatikoan. Horregatik, HABEk dagoeneko jakinarazi die pertsona horiei,  banan-banan, idatziz eta telefonoz, azterketaren idatzizko-proba egiteko aukera izango dutela maiatzaren 21ean eta 22an BECen, Donostiako HABEren egoitzan eta Gasteizkoan, Samaniego kalean. Gorabehera honek sortutako eragozpenagatik, azterketarako ordaindu zuten matrikula-kopurua itzuli egingo die HABEk. 

Emaitzak 

HABEren udaberriko azterketa hauetan parte hartu dutenek ekainaren 11n jakingo dituzte emaitzak eta ondoren, idatzizkoa gainditu dutenek, azterketaren mintzamen-probak egin ahalko dituzte:

  • B1 eta C2 mailakoak ekainaren 24, 25 eta 26an.
  • B2 mailakoak uztailaren 1, 2 eta 3an.
  • C1 mailakoek uztailaren 8, 9 eta 10ean.

HABEren euskarazko komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko azterketen behin-betiko emaitzak uztailaren 21ean argitaratuko dira.