Osasun Saila

KOKAPEN BERRIA IZANGO DUTE OSAKIDETZAREN ARABAKO ESI-AREN PEDIATRIAKO LARRIALDIEK

2021-11-18

Espazioak 600 m2-ko azalera du, 14 box eta AUO Txagorritxuko zerbitzu orokorren eraikin berrian dago; laster irekiko ditu ateak

 

Arabako ESIaren Pediatriako Larrialdiek 14 urtetik beherako 49.000 herritar ingururi ematen diete babesa, eta datorren astelehenetik aurrera egongo dira martxan, azaroaren 22tik aurrera

 

Osakidetzaren Arabako ESIak, datorren astelehenetik aurrera, azaroaren 22tik aurrera, beste leku batean izango ditu Pediatriako Larrialdiak. Espazio zabala, modernoa eta erabilera anitzekoa da; hobekuntza ekarriko du, bai paziente eta familiartekoei ematen zaien arretan, bai Osakidetzako profesionalen lanean. Zerbitzu hori irekitzea zerbitzu orokorren eraikin berria martxan jartzeko lehen urratsa da; hura laster irekiko da, eta, haren bidez, Osasun Sailak EAEko osasun-egiturak modernizatzearen eta eguneratzearen alde egiten duen apustuari erantzuten zaio.

Arabako ESIaren Pediatriako Larrialdi Zerbitzua astelehen goizean, azaroaren 22an, aldatuko da lekuz, baina, hala ere, denbora-tarte horretan larrialdietako arretak ez du kalterik jasango. Espazio hori zerbitzu orokorren eraikin berria berritzeko eta egokitzeko proiektuaren barruan sartzen da, eta AUO Txagorritxuko -1. solairuan dago, Larrialdi Orokorren Zerbitzuaren ondoan.

Paziente adingabeak espazio berri horretara, eraikin berria martxan jarri arte, COVID-19aren pandemian zehar bezala, AUO Txagorritxuko ate nagusitik sartuko dira; eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri. Harreratik Pediatriako Larrialdien gune berrira lagunduko diete.

 EZAUGARRIAK

Kokapen berriak 600 m2-ko azalera izango du; beraz, lehengo espazioa baino handiagoa izango da, ia % 400. COVID-19aren pandemiaren egoerara egokitu da, eta bi zirkuitu bereizi ditu. Box guztiak dira erabilera eta funtzio anitzekoak, eta une bakoitzean dagoen eskarira egokitzeko gaitasuna dute.

Espazio berriak honako hauek ditu:

  • 2 itxarongela.
  • Boxen eremua: 4 ohe, 4 sehaska, 4 prozedura-aulki eta behaketarako 2 box.
  • Egonkortze-gela.
  • 4 kontsulta.
  • Prozedura-gela, 2 postu.
  • Triaje-gela.
  • Erizaintzaren kontrola.
  • Guardiako medikuentzako gela.
  • Pertsonalarentzako officea.
  • Garbiketa- eta desinfekzio-gela.
  • Paziente eta familiartekoentzako komunak, haurtxoentzako aldagailuarekin.
  • Pertsonalarentzako komuna.

Arabako ESIaren Pediatriako Larrialdi berriek hobekuntza handia ekarriko dute lehengo kokapenaren aldean, eta ekipamendu modernoa eta aurreratua dute; gainera, ingurune atseginagoa eta seguruagoa izango dute, bai paziente eta familiartekoentzat, bai gure profesionalentzat.