Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Kalitatezko iraupen luzeko zainketen erronka

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea.

Azterlanaren portada: Putting quality first Contracting for long-term care (European Social Network, 2021)

Azterlanaren portada: Putting quality first Contracting for long-term care (European Social Network, 2021)

Biztanleriaren pixkanakako zahartzeak eta familia-ereduetan eta roletan gertatzen ari diren aldaketek epe luzerako arreta eskaintzen duten zerbitzuen eskaria haztea eragiten dute. Gero eta handiagoa den behar horrekin batera, kalitate handiko arreta-itxaropenak daude. Jarraian aurkezten den txostenak zerbitzu horien kontratazio publikoaren zeregina eta kalitatea ebaluatzen ditu.

Azken hamarkadetan, epe luzerako arreta-zerbitzuen garapena Europako administrazio askoren konpromiso komuna izan da, bereziki toki- eta eskualde-eremukoena; horien kudeaketak, agintari publiko eskudunez gain, alderdi interesdunak ere inplikatzen zituen.

Hala ere, herrialde desberdinetako arreta-sistemak arautzen eta finantzatzen dituzten egituren konplexutasunak eta epe luzeko arreta-zerbitzuak ematen dituzten erakundeen heterogeneotasunak hainbat arauketa, ikuspegi eta merkatu-arau osatu dituzte, eta horiek eragina dute emandako arretaren kalitatean eta, ondorioz, iraupen luzeko zainketen beharra duten pertsonen bizi-kalitatean.

Horri gehitu behar zaio gastu publikoari eusteko testuinguruan sortzen diren epe luzerako arreta-zerbitzuen kostua.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da epe luzerako arreta-sistemen funtzionamenduari buruz hausnartzea, eta zainketen kalitatea sustatzen duten eta iraupen luzeko arreta behar duen biztanleriaren premiak beteko dituen alternatiba bideragarri bat eskaintzen duten elementuak identifikatzea.

Iraupen luzeko zaintzak (ingelesez Long Term Care -LTC-) honela definitu zituen Gizarte Babeseko Europako Batzordeak:

'Mendetasun-egoeran denbora luzez egon eta eguneroko bizitzan laguntza behar duten pertsonentzako laguntza-zerbitzuen multzoa. Premia hori hauskortasunak eta hainbat osasun-arazok eragindako desgaitasunaren ondorio izan ohi da, eta, beraz, adin guztietako pertsonei eragin diezaieke; hala ere, hartzaile gehienak adinekoak dira'.

Definizio hori 2014an formulatu bazen ere, gaur egun, iraupen luzeko zainketen ikuspegiari eta prestazioari dagokionez, EBko herrialdeen artean dauden aldeak oso esanguratsuak dira oraindik ere, eta honako hauek bereiz daitezke:

  1. Gastu publikoa eta finantzaketa

Gastuaren aldeak zerbitzuak eskuratzeko mailarekin eta legeriak emandako eskubideekin lotuta daude. Esate baterako, Alemania, Luxenburgo eta Herbehereak bezalako herrialdeek epe luzeko zaintza-zerbitzuak eskaintzen dituzte gizarte-aseguruetan; beste herrialde batzuetan, berriz, Irlandan, Suitzan edo Polonian, zerbitzu horiek eskuratzeko gizarte-laguntzaren justifikazioa behar da.

  1. Zerbitzuak ematea

Iraupen luzeko zainketen hornidura da EBko herrialdeen arteko beste elementu bereizgarrietako bat, eta hornidura publiko bat (Europako iparraldeko herrialdeen kasuan bezala) edo pribatu bat bereiz daiteke, irabazi asmorik gabeko edo irabazi asmoa duten hornitzaileen bitartez (Erresuma Batua eta Alemania bezalako herrialdeen kasuan).

Hala ere, herrialde guztietan iraupen luzeko arreta tokiko gobernu-erakundeen bitartez kudeatzeko joera dago, bakoitzaren tamaina eta autonomia-maila edozein izanik ere.

  1. Zaintzaile informalei laguntza

Iraupen luzeko zainketen eskariaren gorakadak protagonismo handiagoa eman die zaintza mota horiek modu informalean eta ordaindu gabe ematen dituzten zaintzaile informalei.  Ildo horretan, zenbait herrialdek, hala nola Suediak, Alemaniak eta Austriak, lan hori esku-hartze sozialeko arlo gisa identifikatu dute, eta zaintzaile informalei zerbitzu espezifikoen bidez laguntzen die (atsedenerako zerbitzuak, adibidez). Alemaniak eskudiruzko esleipen txiki bat ordaintzen die zaintzaileei. Espainian, ordaindutakoaren araberako sorospena jasotzen dute, eta, oro har, herrialde guztietan, zaintzaile informalentzako prestakuntza-ikastaroak eskaintzen dituzte.

  1. Koordinazio soziosanitarioa

Gizarte eta osasun zerbitzuen prestazio zatikatuak erronka izaten jarraitzen du herrialde gehienetan. Zaintzaren prestazioa eskumen-arlo desberdinetatik datorrenean, zaintzaren kalitateari eragin diezaioke. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da hornitzaileekin (sozialak edo sanitarioak) egiten diren kontratuetan kalitate-estandarrak ezartzea, emandako zerbitzuen kalitatea hobetzeko.

  1. Arretaren kalitatearen jarraipena eta hobekuntza

Iraupen luzeko zerbitzuen eta zainketen arretaren kalitatearen definizioa, jarraipena eta ebaluazioa funtsezkoak dira hori hobetzeko; hala ere, erritmoak oso desberdinak dira. Erdialdeko eta ekialdeko Europako herrialdeak ia ez dira hasi jarraipen-sistema bat definitzen; esate baterako, Herbehereek, Erresuma Batuak edo Danimarkak ikuskapen-agentziak eta kalitatearen kudeaketa sortu dituzte.

Kanpoko hornitzaileen bidezko azpikontratazio-maila alde batera utzita (hirugarren sektorea, sektore pribatua edo beste batzuk), administrazio publiko eskudunei dagokie zerbitzu horien kalitatearen azken erantzukizuna.

Ildo horretan, funtsezkoa da kalitatea neurtzea, dela hornitzaileek arauak betetzen dituztela monitorizatzeko agentziak ezarriz, nazioko eta eskualdeko legediaren bidez, edo, bestela, baimentzeko eta egiaztatzeko mekanismoen bidez.

Iraupen luzeko zaintza-zerbitzuak aldizka gainbegiratzeko eta ebaluatzeko jarduera hori prozesu gisa ulertzen da, eta honako hauek hartzen ditu barnean: kasuaren gizarte-plangintza (zaintzak behar dituen pertsonak dituen banako eta komunitateko premien ebaluazioa), hornitzaileen egiaztapena (berriak kontratatzea barne), emandako zerbitzuen kalitatearen jarraipena, eta zerbitzu horiek pertsonen bizitzan duten eraginaren behaketa.

Eta, horretarako, gomendio batzuk ematen ditu, iraupen luzeko arretaren kalitatea hobetzeko, zerbitzu horiek eskatzen dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko; besteak beste, adinekoen desinstituzionalizazioa, iraupen luzeko zainketetarako eta haien kalitaterako eskubidea bermatzea, eta emaitzetan oinarritutako ikuspegi baterantz aurrera egitea, arreta luzeko zerbitzuei dagokienez. Eta zaintzaile informalen zereginaren garrantzia aitortzea; besteak beste.

Txosten osoa kontsultatzeko, sakatu  ondorengo esteka honetan:

https://www.esn-eu.org/sites/default/files/2021-01/Long%20Term%20Care_2021_Interactive.pdf

Txostena Europako Gizarte Sareak (ESN) egin du. Europako tokiko gizarte-zerbitzu publikoen erakunde independentea da, eta tokiko administrazio publikoa planifikatu, finantzatu, kudeatu, ikertu eta arautzeaz arduratzen diren erakundeak biltzen ditu; besteak beste, gizarte-zerbitzuak, osasuna, gizarte-ongizatea, enplegua, hezkuntza eta etxebizitza.