Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jokin Bildarratzek Ibilaldia 2021 jaiaren irekiera ekitaldian parte hartu du, Sopelan

Argitalpen-data: 

Bildarratz_Dobaran_Ibilaldia__1_.jpg

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordearekin batera, 2021eko Ibilaldia jaiari hasiera emateko ekitaldian parte hartu du, Sopelan.

Hitza hartu duelarik, Bildarratzek nabarmendu du, pandemia betean eta hartu beharreko neurri guztiak hartuta ere Ibilaldia jaia antolatu izanak erakusten duela, Euskal Hezkuntza Sistemak eta Ikastolek hamarkada askoan egiten jakin izan dutena: egoerara moldatzen eta aurrera egiten badakitela, alegia.

Ildo horretatik, ikasturte honetan zehar ere –zailtasunak  zailtasun- ikastetxeetan aurrez aurreko eskolei eustea lortzeko egin duten ahalegina ere eskertu nahi izan die sailburuak, hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiei, ikasle eta irakasleengandik hasita.

Ipar Euskal Herrian azken asteotan euskarak jaso duen kolpe latza ere hizpide hartu du Bildaratzek, Frantziako Konstituzio Kontseiluak murgiltze eredua konstituzioaren kontrakotzat jo ondoren. Hezkuntza sailburuaren esanetan elkarlana da, Iparraldean bezalaxe Hegoaldean ere, euskararen aldeko lanean jarraitzeko gakoa.

Etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legeaz, arau horrek izan beharreko bi ardatza nagusiak nabarmendu ditu sailburuak: lehena, ikaslea; eta bigarrena, ikastetxeen ahalduntzea. Ikastetxeen ekosistema indartzeko, eta hezkuntza sistemak aurrera egiteko erakunde guztiak –Hezkuntza Saila, Udalak eta Aldundiak, nor bere eskuduntzatik- elkarri eskutik helduta aritu beharra azpimarratu du Bildarratzek.

Azkenik, elkarlana azpimarratu du Jokin Bildarratzek, azken urteetan euskal gizartean izaten ari den jaiotza-tasaren jaitsierari ere aurre egiteko modu bakartzat. Berez gizartearentzat kezkatzeko gaia dela ahantzi gabe, alde positibotik ere ikus daitekeela azaldu du, hezkuntzarentzat aukera moduan ikusirik.