Jaurlaritzak uko egin dio IMVren transferentziari buruz Espainiako Gobernuak egindako proposamenari, funtzioak murriztu eta baliabideak eskualdatu ez dituelako

Olatz_Garamendi.jpg

2021-05-25

  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren ustez, proposamena zalantzazkoa da legezkotasunaren aldetik eta kaltegarria Euskadiren interesentzat

Eusko Jaurlaritzak ez du onartu Espainiako Gobernuak helarazitako IMV edo  Bizitzeko Gutxieneko Errentaren inguruko proposamena, bere gain hartu beharreko funtzioak murrizten dizkiolako eta transferentzia gauzatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak, baliabide materialak eta ekonomikoak eskualdatzen ez dizkiolako. Beraz, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak Madrildik planteatutakoa “matxuratutako merkantziatzat” jotzen du eta, horrenbestez, uko egiten dio proposamenari legezkotasun zalantzagarrikoa eta Euskadiren interesentzat kaltegarria delako.

Olatz Garamendik zuzentzen duen Sailaren ustez, Espainiako Gobernuaren proposamenak “kaltea” baino ez dakarkio Euskadiri. Izan ere, IMVren funtzioak bere gain hartzea onartzen dion arren, Estatuak funtzio horietako batzuk beretzat gordetzen ditu eta ez ditu transferentzia integrala eta osoa garatzeko baliabide ekonomiko, material eta pertsonalak eskaintzen. Horrela, Espainiako Gobernuak Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketari eusten dio, Gernikako Estatutuak 18.2 artikuluan agintzen duenaren aurka.

Eusko Jaurlaritzaren irudiko, transferentziaren figura da erkidego autonomiko bati eginkizunak eta zerbitzuak esleitzeko legezko bide bakarra, hala aurreikusten baita Konstituzioan eta Gernikako Estatutuan. Transferentziaren figura horren bidez eskumena transferituko litzateke eta eskualdatutako gaia kudeatzeko beharrezko baliabideak jarriko lirateke. Gainera, proposamena baldintza horietan onartzeak Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernuarekiko mendekotasun hierarkikoko harreman batean jarriko luke eta, gainera, Estatuak ikuskatu eta fiskalizatu ahal izateko atea irekiko lioke.

Azken hilabeteetako negoziazioetan Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioari gaia osorik, eta ez kudeaketa gomendio bezala, transferitzeko behin eta berriro eskatu ondoren, harriduraz hartu du proposamena Garamendiren Sailak. Izan ere, eskualdatzea horrela gauzatuko balitz Jaurlaritzaren eginkizuna leihatila huts batera mugatuko litzateke. Jaurlaritzak gogoratu du duela hamarkada batzuetatik Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kudeatzen eta antolatzen duela.

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du IMVren transferentzia 2020ko urritik gauzatuta egon beharko litzatekeela, bi gobernuen artean adostutako egutegiaren eta IMV ezartzen duen 20/2020 Errege Lege Dekretuaren 5. Xedapen gehigarrian jasotakoaren arabera. Halaber, gogorarazi du negoziazio hilabete hauetan argi geratu dela transferentzia hori funtsezkoa dela, eta proposamen integral bat baino ez duela onartuko. Inolaz ere ez du onartuko transferentzia baldintza horietan, “matxuratutako merkantziatzat” onartzea litzatekeelako. Interpretazio inkoherentea da transferentziaren kontzeptuari dagokionez eta ez dator bat Kontzertu Ekonomikoaren sistemari dagokionez.

Joan den martxoan, Miquel Iceta ministroa Garamendi Sailburuarekin bildu zen bere Ministerioan eta publikoki hitz eman zuen transferentzia osoa izango zela, funtzioak eta zerbitzuak murriztu gabe, ezta alderdi ekonomikoa ere, hau da, Euskadik prozesu osoa bere gain hartuko zuela hasieratik amaieraraino, eta prestazioa izapidetu, baimendu eta gauzatuko zuela.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak negoziazioaren eta akordioaren bidean lanean jarraitzen du, betiere Gernikako Estatutuan aitortutako autogobernutik abiatuta. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin hitz egiten eta negoziatzen jarraitzeko borondatea berretsi du, legealdi honetan egiteke dauden materia guztien transferentzia gauzatzeko, IMV barne.