Jaime Tapiak erronka gisa erdi-askatasunean dauden presoen ratioa, "pixkanaka", % 40-ra arte handitzea ezarri du

2021-05-18

  • Artolazabal sailburuaren espetxeetako aholkulariak azaldu duenez, Euskadiko eredua gizarteratzeko ikuspegitik abiatzen da, zeinak biktimen ikuspegia ere baitu
  • “Preso guztiak dira berdinak legearen aurrean, baita ETAko presoak ere”

Vitoria-Gasteiz, 2021/05/18

Jaime Tapiak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren espetxeen arloko aholkulariak, gaur goizean esan du nazioarte-mailan eta giza eskubideen ikuspegitik, ratio ontzat jotzen dela presoen % 40 erdi-askatasuneko erregimen mota batean egotea. Espainiako estatuan, ratio hori % 25ekoa da gaur egun, Artolazabalen aholkulariak esan duenez; beraz, “Euskadik % 40 horretara iristeko erronka du, baina itsutu gabe, prozesua pixkanakoa baita”. Aholkulariak honako hau esan du: “askatasunaz gabetutako emakumeen kasuan, egiten dituzten delituak aintzat hartuta, helburu hori lehenago lor daiteke”.

Radio Euskadik egin dion elkarrizketa batean, Tapiak zera esan du: "erdi-askatasuneko erregimenen bidez, gizarteratze-indizea handiagoa da”. Horren harira, magistratuak esan du gizarteak jakin behar duela zigor bat erdi-askatasuneko erregimenean betetzeak “ez duela esan nahi aske egotea”; izan ere, pertsona horrek “jarraitu behar du betebehar eta eskakizun batzuk betetzen, eta baldintzatuta dago”. Eusko Jaurlaritzako aholkulariak esan du betebehar horiek oso bestelakoak izan daitezkeela, hala nola espetxean lo egiteko derrigortasuna edo eskumuturreko telematikoa eramatekoa, eta, “kasu guztietan erdi-askatasuneko erregimenarekin batera gizarte- eta hezkuntza-prozesuak eta/edo laneratzeko prozesuak izaten direla, haien gizarteratzeari bide emateko”.

Askatasunaz gabetutako pertsona batek gradu batetik bestera igarotzeko bete behar dituen baldintzei buruz galdetzean, magistratuak erantzun du araututako kontu bat dela. “Pertsona bat espetxean sartzean, sailkatu egiten da, eta, horretarako, haren kondena eta egoera pertsonalak, familiarrak edo sozialak aztertzen dira. Espetxeak berak erabaki bat hartzen du, eta hura zuzendaritza-zentrotik igarotzen da; alegia, urriaren 1etik aurrera Eusko Jaurlaritzatik igaroko da". Ondoren, preso bakoitzak prozesu pertsonalizatua hasiko du, haren gizarteratzea eta berreztea lortzeko, jarraibide eta neurri batzuen bidez.