Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gaurtik apirilaren 15era bitartean zabalik dago Komisario Berriak 2021 deialdian parte hartzeko epea

Argitalpen-data: 

  • Artium Museoarekin, Azkuna Zentroa eta Tabakalerarekin lankidetzan komisariotzaren praktika bultzatzeko helburu duen ekimena da
  • Zentro bakoitzeko proiektu bat bultzatuko da beti ere bakoitzaren lan ildoari lotutakoa

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao-k eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak elkarrekin antolatzen dute Komisario Berriak 2021 proiektua. Komisariotzaren praktika garatzea eta profesional berriak sortzen eta finkatzen laguntzea da ekimenaren helburua.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 30.000 euro bideratzen ditu deialdi honetara beraz, proiektu bakoitzera, gehienez, 10.000 euro. Aurten, 2020an bezala, hiru bekaz osatutako  deialdia bat aurkezten da, hau da, zentro laguntzaile bakoitzeko beka bat. Bakoitzak bertako jarduerari lotutako lan-ildo berezi bat proposatuko du:

  • Artium Museoa: komisariotzaren dimentsio historiko eta narratiboaren garrantzia biltzen duten praktika kuratorialak ikertzea eta garatzea du xedetzat; Euskadin praktika artistikoen testuingurua garatzeko garrantzitsuak izan diren azterlan espezifikoen kasuak, artisten ibilbideak, testuak, erakusketak, espazioak eta bestelako ekimenak.
  • Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbao: kultura-kuradoretzaren aldeko apustua egin du, eremu zabal bat hartuz. Proposatu duen komisariotzak ikuskera artistiko jakin bat du, zeinaren arabera erakusketak edo beste edozein gailuk edo metodologiak funtzionatuko baitu diziplina batetik bestera igarotzeko kapitulu gisa, betiere aurretiazko ikerketen eta ezagutzen eraginpean.
  • Tabakalera: formatu digitalean oinarritutako proposamena du. Eremu digitalerako online erakusketak, mikroguneak, esku-hartzeak, argitalpenak edo arte-sorkuntza digital berriak garatuko dituzten proiektu kuratorialak bilatzen ditu.

Komisario Berriak 2021 deialdia komisariotzaren esparruan interesa eta profesionaltasun-bokazioa duten pertsonei zuzenduta dago: historialariak, artistak, komisarioak eta nazioarteko ikertzaileak edo ikerketa-arloko bestelako profesionalak. 

Interesa dutenek zentro bakar bat aukeratu beharko du proiektua aurkezteko. Pertsona berak ezin izango du proiektu bat baino gehiago aurkeztu zentroetara. Eskabideak aurkezteko epea gaurtik (martxoaren 15a) apirilaren 15ra egongo da zabalik. Deialdiaren baldintzak Artium, Azkuna Zentroa eta Tabakaleraren web orrialdeetan kontsulta daitezke.

Komisario Berriak

Proiektu honen jatorria Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzan dago. Komisario Berriak programa Artiumekin eta Montehermoso Kulturunearekin (Vitoria-Gasteiz), Azkuna Zentroarekin (Bilbo) eta Tabakalerarekin (Donostia-San Sebastian) lankidetzan sustatu zen, komisariotzari lotutako lanbide-karrerari ekin nahi zioten gazte interesdunei laguntzeko. Kultur Hiriburutza amaitzean, sustatu zuten erakundeek testuinguru horretan sustatutako proiektu batzuekin jarraitzea erabaki zuten, eta Komisario Berriak legatu horren barruan hautatutako bat izan zen.

Iaz, 2020ko edizioan honako proiektu hauek babestu ziren:

  • Artium Museoa: ‘Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan. Gasteizko bideo-musikal jaialdia 80ko hamarkadan’ Ane Lekuona, Itziar Gutierrez eta Iñigo Gómez Egiluz-ena.
  • Tabakalera: #ÁGORA / CEMENTO / CÓDIGO LEKUTAN-ek aurkeztua (Andrea Estankona eta Juan Pablo Ordúñez - MawatreS).
  • Azkuna Zentroa: ‘Espacio Públic(itari)o (espacio público /espacio publicitario)’ Mario Paniegorena.