Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Garraio Sailak Zarauzko tren geltoki berriaren eraikuntza esleitu du

Argitalpen-data: 

Euskal Trenbide Sareko (ETS) kontratazio mahaiak Zarauzko tren geltoki berria eraikitzeko lanen esleipena onartu du gaur goizean. Tecsa-Amenabar ABEEa arduratuko da 8,1 milioi euroko aurrekontua duten lanak egiteaz. 

Zarauzko geltoki berria eraikitzeak, gaur egun dauden tren instalazioak modernizatzeaz gain, trenbidearen trazadurak udalerrian duen hiri-integrazioa hobetzea ahalbidetuko du. Proiektu hori, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen ETS erakunde publikoak, eta Zarauzko Udalak finantzatuko dute, bi erakundeek sinatutako hitzarmenari esker. Hitzarmen horretan, lehenak aurrekontuaren % 66,7 hartuko du bere gain, eta Udalak gainerako % 33,3.

Aurreikuspenen arabera, lanak uda baino lehen hasi ahal izango dira, eta 29 hilabete iraungo dute.

Lanen barruan sartzen dira egungo geltokia eraistea, trazadura aldi baterako zuzentzea eta behin-behineko geltoki bat eraikitzea, obrak egin bitartean zerbitzuarekin jarraitzeko. Terminal berriak 80 metroko luzera duten alboko nasak izango ditu. Markesinek metalezko egitura eta beirak izango dituzte.

Geltoki berria eraikitzearen helburua nasak eta atariko eremua era seguruan eta irisgarrian lotzea da. Donostiako topoaren trenbide saihesbidea zerbitzua ematen hasi ondoren Bilbo-Donostia linean aurreikusitako eskari-igoerak, bereziki Zarautz-Donostia tartean, eragina izango du konexio horretan.

Proiektuaren helburua, azken batean, tren-zerbitzua hobetzea da, eta baita Zarauzko hiriguneko trenbidearen trazaduraren iparraldearen eta hegoaldearen arteko hiri-iragazkortasuna ere. Horretarako, azpiko pasabide bat eraikiko da terminal berriaren azpian.

Testuinguru horretan, joan den astean, ETSk lizitaziora atera zituen Zarauzko hirigunearen ekialdeari zerbitzua emango dion Bilbo-Donostia lineako San Pelaioko geraleku berria eraikitzeko obrak. Lanen hasierako aurrekontua 2,7 milioi eurokoa da, eta aurreikusitako egikaritze-epea 18 hilabetekoa.

Obra horren bitartez, Arriolaren Sailak balioa eman dio trenbideko garraioa lurraldearen mendebaldean egituratzeari, eta, horren osagarri, hainbat egikaritze-fasetan dauden proiektuak bultzatu ditu, hala nola Aginagako Mozketa, Topoaren saihesbidea eta Loiolako Erriberako geltokia Donostian, eta Altza-Galtzaraborda tartea Pasaian.