Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Garraio Sailak lizitaziora atera du Zarauzko San Pelaioko geraleku berria

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoko kontratazio-mahaiak lizitaziora atera ditu gaur Bilbo-Donostia linean Zarauzko hirigunearen ekialdeari zerbitzua ematen dion San Pelaioko geraleku berria eraikitzeko lanak. Lanen hasierako aurrekontua 2,7 milioi eurokoa da, eta aurreikusitako egikaritze epea 18 hilabetekoa.

Udan batez ere, geraleku horrek duen eskariaren ondorioz erabiltzaile kopurua nabarmen handitu da: 2013an 100.029 izatetik 2019an 331.595 izatera igaro da. Donostian Topoaren trenbide saihesbidea martxan jarri ondoren, Zarautz-Donostia tarteko eskaria are gehiago igoko dela aurreikusten da.

Geralekurako egungo irisgarritasunaren abiapuntua trenbidearen azpitik doan eta 3 metroko zabalera duen beheko pasabide bat da. Trenbidearen iparraldean eta hegoaldean dauden bi bizitegi-sektore lotzen ditu arrapalen bidez. Halaber, nasa 70 metro luze eta 2,80 metro zabal da. Geralekua babesteko, 11 metro inguruko luzera duen markesina bat dago nasaren erdian.

Geraleku berriak 100 metro karratuko atari bat izango du, eta puntu horretan zabalera bikoiztu eta 6 metrora pasatuko den beheko pasabidetik sartuko da bertara. Txartelak saltzeko makinetarako, makina baliogabetzaileetarako, eta txartelak saltzeko, informazioa emateko eta bezeroaren arretarako erakusmahairako tokia izango du, eta baita gela teknikoak ere. Bertatik, eskailerak edo igogailua erabiliko dira nasara sartzeko. Igogailuak bizikletak garraiatzeko ahalmena izango du.

Nasa, berriz, 80 metro luze eta 3,5 metro zabal izango da. 28 metroko markesina bat izango du. Lanek trenbide bat eta nasa bat eraikitzea aurreikusten duten arren, bigarren trenbide bat eta beste nasa bat egiteko adina toki geratuko da.