Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak Gaztelugatxeko San Juan babes bereziko kultura-ondasun izendatu du, kultura-paisaiaren kategoriarekin

Argitalpen-data: 

  • Gaztelugatxeko uhartea, zubia, bertako zabalgunea, hainbat ondare higigarri eta inmaterial babesten ditu onartutako dekretuak 

Azkeneko Gobernu Kontseiluak Bermeoko Gaztelugatxeko San Juan babes-maila bereziko kultura ondasun, kultura paisaiaren kategoriarekin, deklaratzen duen dekretua onartu zuen Onarpenak bi babes eremu zehazten ditu. Batetik monumentu eremua bera, hau da, ondare-ikuspuntutik balio nagusiko eremua eta bestetik lehenengo eremu horri babesa ematen diona. Babestutako multzoaren barruan sartzen dira Gaztelugatxeko uhartea, zubia, bertara sartzeko dagoen zabalgunea eta multzoari balioa ematen dion itsasoko eta lurreko ingurunea. 

Eusko Jaurlaritzak Gaztelugatxeko San Juani eman dion babesaren oinarrian daude paisaia kulturalaren kultura-nortasuna, kokagunearen balio historiko-arkitektonikoa, paisaia bera, eta balio materialak eta immaterialak. Azken horien artean, aberastasun handiko tradizioak daude, batez ere erlijiozkoak. Dekretuak zehazten duenez, Gaztelugatxeren berezitasuna arkitekturaren, paisaia naturalaren eta izaera erlijiosoaren sinbiosian dago. 

Ondare higigarria

Gaztelugatxeko multzoari emandako babesaren barruan sartzen dira tenpluari lotutako ondare higigarri batzuk besteak beste:

  • Absidean dagoen San Joan Bataiatzailearen buruaren irudi bat, arrantza-ontzi baten brankan jarrita (XVI. Mendeko gotiko estiloko pieza da, zur polikromatuzkoa).
  • mendearen erdialdeko San Pauloren tailla bat, rokoko estilokoa.
  • Sortzez Garbiaren tailla, XVII. mendearen bigarren herenekoa, Alloytiz eskola barrokoaren estilokoa.
  • San Joan Bataiatzailearen tailla bat, XVII. mendekoa, estilo herrikoikoa.
  • mendearen erdialdeko San Pedroren tailla bat, rokoko estilokoa.
  • Santa Anaren tailla bat, XIV. mendekoa, gotiko estilokoa.
  • Koruan dagoen XVIII. mendeko Asisko San Frantziskoren tailla bat, rokoko estilokoa. 

Ondare immateriala 

Gaztelugatxeko San Juanen santutegiak kultura-adierazpen ugari biltzen ditu, eta horiek osatzen dute, besteak beste, duen balioa ondare immaterialaren aldetik. Elementu horietako batzuk ahozko kulturari dagozkio soilik (kondairak, ipuinak …), baina badira baselizan eta haren lehorreko eta itsasoko ingurunean egiten diren erromesaldiak eta jaiak ere, bereziki Urizarretako zelaietan, oso errotuta daudenak herritarren artean. Gaur egun, erromesaldi aipagarrienak San Juan Bataiatzailearen lepogabetzea egunean (abuztuak 28), Ostiral Santuan, San Juan Bataiatzailearen jaiotze egunean (ekainak 24) eta Loiolako San Inazio egunean (uztailak 31) egiten direnak dira. Azpimarragarria da baita noizean behin egiten den Begoñako Ama Birjinaren urpeko tronuratzea ere.  

Erabilera eta hobetzeak 

Hemendik aurrera, Gaztelugatxeko San Juanen kultura-paisaiaren erabilera nagusiak erlijiosoak eta kulturalak izango dira, bereziki erromesaldiak eta atsedena eta paisaia naturalen kontenplazioa, besteak beste. Turismo-erabilera ere onargarria izango da, baldin eta jasangarria eta kultura-paisaiaren kultura-balioak errespetatzen baditu. 

Bestalde, babestutako eremuan egingo diren esku hartze eta obrek ondasunen balioak errespetatu eta hobetu beharko dituzte derrigorrean, Bizkaiko Foru Aldundiaren kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailak baimendu eta onartu beharko dituelarik.