Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak eta HAZIk arrainaren kontsumoa sustatzeko komunikazio kanpaina jarri dute abian

Consumo_pescado.jpg

2021-10-14

• Publizitate-kanpaina bitxi baten bidez, arrainaren bertuteak goraipatu eta hurbileko arrandegietan erostera animatu nahi du

• Azken hamar urteetan gero eta pisu txikiagoa izan du arrainak euskal etxeetako dietan

Eusko Jaurlaritzak, HAZIren bidez, publizitate-kanpaina bitxia jarri du abian, “Maitemindu zaitez gure arrainaz”, arrainaren kontsumoa sustatzeko urteko sasoi guztietan. Produktu horien txikizkako merkatariak babestu nahi ditu horren bidez, euskal etxeetan gero eta arrain gutxiago kontsumitzen dela ikusi baita: 2010ean elikagaien guztizko kontsumoaren % 5 bazen, azken urtean % 4,4 izan da.

Kanpaina urrian zabalduko da irratian, telebistan, idatzizko prentsan, sare sozialetan eta saltokietan, eta arrantzatik eratorritako produktuek gure osasunarentzat dituzten onurak nabarmendu nahi ditu; era berean, gertuko arrandegietan kontsumitzera animatu nahi du, tokiko ekonomiaren garapenari laguntzeko.

Kanpaina urrian ikusi ahal izango da, eta modu dibertigarri, desberdin eta dotorean erakusten du arrainek eta kontsumitzaileek duten “maitasun-harremana”. Arrandegietan hasten da harreman hori, han izaten baita maitasun-ziztada. Gure arraina hain da erakargarria zaporeagatik, kalitateagatik eta osasunerako onurengatik, non ondo ezagutzen duen edonor maiteminduko baita eta kontsumituko baitu.

Kanpaina honetan errezeta batzuk ere badaude, nahi duten guztiak arrainaren gastronomian urratsak egiten has daitezen.

 

 

Arrainaren kontsumoari buruzko datuak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Etxeetako Elikagaien Kontsumoaren Paneleko 2020ko datuetan oinarritutako HAZIren arrantzako azken behatokian argitaratutako monografikoaren arabera, arrantzatik eratorritako produktuen kontsumoa azken urtean % 17,2 hazi da pertsonako eta gaur egun per capita kontsumoa 30,7 kg-koa da.

Datua positiboa den arren, azken hamarkadan produktu horiek Euskadiko elikagaien kontsumoan gero eta pisu txikiagoa dutela ikusi da; izan ere, 2010ean elikagaien guztizko kontsumoaren % 5 inguru ziren eta 2020an % 4,4 besterik ez.

Gainera, 2013az geroztik arrantzako produktuen erosketarako batez besteko gastua gero eta txikiagoa dela ikusi da, eta hala mantendu da hamarkadaren amaierara arte, 2017an gastua apur bat berreskuratu zen arren.