Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak Bilboko Rampas de Uribitarte kaleko 3. zenbakian dagoen etxearen eraikina monumentu kategoriarekin Babes Bereziko Kultur Ondasun deklaratzeko dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2021-3-23)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Bilboko Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian dagoen etxearen eraikina monumentu kategoriarekin Babes Bereziko Kultur Ondasun deklaratzeko dekretua. Enrique Epalza arkitektoak egindako eraikina da.

Gaur onartutako dekretuak kultura ondasun honen mugaketa ere zehazten du. Uribitarte Erranplak kaleko 3. zenbakian kokatutako Etxearen ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu behar direla eta, mugaketak, alde batetik, eraikin nagusia hartzen du, erantsitako bolumenarekin batera; eta, bestetik, haren ingurua, hau da, Mazarredo zumarkaletik eraikinera sartzeko eskailera, eta fatxada nagusiaren aurrean dagoen lorategi-eremua.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan inskribatuko du eraikina, eta babes bereziko kultura-ondasun izendapenaren onarpena jakinaraziko die Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari.

Arkitektura eklektikoa

Eraikin babestua Enrique Epalza arkitektoak egin zuen, eta XX. mende hasierako estilo eklektikoa du, eragin modernistekin. Proiektua 1904ko urtarrilean aurkeztu zitzaion Bilboko Udalari, eta urtebete geroago, 1905eko otsailean, eraikin nagusirako kotxetegi-eraikinaren proiektua ere aurkeztu zen. 1906an, eraikinak Bilboko Udalak deitutako Fatxada Artistikoen Lehiaketa irabazi zuen.

Eraikinak beheko solairua, sotoa eta lau solairu altu ditu. Kanpoko diseinurako, Epalzak kalitatezko materialak erabili zituen, hala nola polikromia fatxadan, eta, estalkian, koloretako teilak, bere obraren estilo bereizgarri bat. Diseinuak eta barruko dekorazioak autore ezagunak ditu: eskaiolak eta zura, Doroteo R. Mora eskultorearenak, eta beirateak, Declaux enpresarenak. Dekorazio honetan egurrezko ebanisteria fina, eskailera-kaxetako beirateak eta gelaren batean sabaietako eskaiolak, errementeria eta marmolgintza nabarmentzen dira.

Gaur egun, eraikinak Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitza hartzen du.