Segurtasun Saila

Eusko Jaurlaritzak 25.000 euroko dirulaguntza eman dio Federación Vasca de Montaña-Euskal Mendizale Federazioari

Argitalpen-data: 

  • Dirulaguntza mendiarekin zerikusia duten formakuntza eta prebentzio jarduerak egiteari lotuta dago
  • Erakunde honek era horretako jarduerak egiten dituzten pertsonen segurtasuna lideratzen du

  • Eusko Jaurlaritzak onartu du 25.000 euroko dirulaguntza ematea, 2021eko ekitaldiaren kargura, Federación Vasca de Montaña-Euskal Mendizale Federazioari, mendiarekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten pertsonen segurtasuna lideratzen duen erakundea izanik. Dirulaguntza formakuntzaren eta prebentzioaren arloarekin zerikusia duten ekimenak egiteari lotuta dago, bi aldeek 2017an izenpetu zuten lankidetza-hitzarmenean jasota dagoen bezala.

    Hitzarmen horren arabera, federatuta 33.000 bat pertsona dituen erakunde honek konpromisoa hartzen du bere ezagutzak, baliabideak eta bitartekoak Eusko Jaurlaritzaren esku jartzeko mendian autobabesa hobetu ahal izateko, bai eta aholku emateko ere bere ezagutza adituaren premia dagoen kasuetan.

    Horrela, Mendiko Euskal Federazioak mendiko segurtasunaren berri ematearekin eta horren inguruan kontzientziatzearekin zerikusia duten jarduerak burutzen ditu, arriskuei, sorospenari edo jarduera seguruei buruzko formakuntza teknikoa eskaintzen du eta lantaldeetan eta bileretan parte hartzen du Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak eskatuta.

    Adostutako dirulaguntza justifikatzeko, Federazioak Jarduera Memoria bat aurkeztu beharko dio Segurtasun Sailari 2022ko lehenengo hiruhilekoan, eta dagozkion kontabilitate-ziurtagiriak gehitu beharko dizkio.

    Segurtasun Sailera atxikitako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza arduratuko da dirulaguntza kudeatzeaz.